Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna oroitzeko ekitaldia
Unai Hualde eta María Chivite buru izan dituen ekitaldian Legebiltzarraren ordezkariak, Gobernuko kideak, AVT elkartearen ordezkariak eta agintari nagusiak egon dira
Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur Baluarte Plazan Nafarroako Gobernuarekin batera, eta bertan izan dira Legebiltzarraren ordezkariak, Gobernuko kideak, AVT elkatearen ordezkariak eta Komunitateko agintari nagusiak.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan dira ekitaldiaren buru, eta minutu bateko isilunea eta lore-eskaintza bat egin ondoren, bi erakundeek onetsitako adierazpen instituzionalak irakurri dituzte.
Ekitaldia terrorismoaren biktima guztien omenezko minutu bateko isilunearekin hasi da, eta ondoren María Chivitek Nafarroako Gobernuak onetsitako Adierazpen Instituzionala irakurri du.
Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Egunaren karietara onetsitako Adierazpen Instituzionalak hala dio:
“Nafarroako Gobernuak adostu du:
1. Indarkeria terrorista bidegabea eta ez-zilegia dela adieraztea, eta inoiz ere eta inola ere ez litzakeela gertatu beharko. Beharrezkoa da autoreek publikoki onartzea erasoen biktimei eta gizarte osoari eragindako mina.
2.ETAren, martxoaren 11ko nahiz bestelako ekintza terroristen biktimen aldeko babesa eta elkartasuna mantentzea eta bultzatzen jarraitzea, biktima horiek ordezkatzen dituzten elkarteekin lan eginez, aintzatespen publikorako eta erreparaziorako, egiarako, justiziarako eta halakorik errepikatuko ez delako bermerako duten eskubidea bermatuz.
3. Terrorismoaren biktimen eta haien familien duintasuna eta memoria bortxatzen duen ekintza oro errefusatzea.
4. Terrorismoaren biktimen testigantzak, bizipenak eta gogoetak dokumentatzea, ezagutza-modu gisa eta indarkeria, isiltasuna eta, batzuetan, gizartearen zati handi baten ahanztura jasan duten pertsonekiko hurbiltasuna eta enpatia adierazteko modu gisa.
5. Bake- eta bizikidetza-balioetan hezteko arloak indartzea, indarkeria deslegitimatuz, giza eskubideekiko errespetua sustatuz eta Nafarroako gizarteak iraganarekin aldera daitekeen memoria eta kontakizuna eraikitzen parte har dezan bultzatuz”.
Jarraian, Unai Hualdek pasa den astelehenean, martxoaren 9an Eledunen Batzarrak Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren karietara onetsitako Adierazpen Instituzionala (euskaraz) irakurri du. Hala dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak erabaki du adieraztea indarkeria terrorista bidegabea eta ez-zilegia dela, eta ez lukeela inoiz inongo inguruabarretan gertatu beharko. Beharrezkoa da egileek publikoki aitortzea haiek egindako erasoen biktimei eta gizarte osoari eragindako mina.
2. Nafarroako Parlamentuak erabaki du ETAren, martxoaren 11ko nahiz beste ekintza terrorista batzuen biktimen aldeko babesa eta elkartasuna mantentzea eta bultzatzen jarraitzea, biktima horiek ordezkatzen dituzten elkarteekin lan eginez, haiek aintzatespen publikorako eta erreparaziorako, egiarako, justiziarako eta halakorik errepikatuko ez delako bermerako dituzten eskubideak ziurtatuz.
3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du terrorismoaren biktimen eta haien familien duintasuna eta memoria bortxatzen duen edozein ekintza errefusatzea.
4. Nafarroako Parlamentuak erabaki du terrorismoaren biktimen testigantzak, bizipenak eta gogoetak dokumentatzea, ezagutarazpen-modu gisa ez ezik, baita indarkeria, isiltasuna eta, batzuetan, gizartearen zati handi baten ahanztura jasan duten pertsonekiko hurbiltasun- eta enpatia-modu gisa ere.
5. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bake- eta bizikidetza-balioetako hezkuntzaren arloak indartzea, indarkeria deslegitimatuz, giza eskubideekiko errespetua sustatuz eta Nafarroako gizarteak memoria amankomun baten eta iraganarekin frogatzeko moduko kontakizun baten eraikuntzan parte har dezan bultzatuz.
6. Nafarroako Parlamentuak erabaki du Nafarroako Gobernuarekin ekitaldi bateratua egitea martxoaren 11n, 11:30ean, Baluarte plazan, adierazpen hau irakurtzeko eta lore eskaintza egiteko”.
Amaitzeko, Terrorismoaren Biktimen monumentuaren aurrean lore-eskaintza egin dute, zeinetan Unai Hualde, María Chivite eta gainerako kargu publiko eta agintarien ondotik, hala nahi izan duten pertsona guztiek parte hartu baitute.
Musika-akonpainamendua Claudia Osés (biolina) eta Alberto Martínek (gitarra) osatutako musika-bikoteak egin du.
Ekitaldira bertaratutakoen artean, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten talde guztietako ordezkariez gain, eta Mahaiko kide diren Inma Jurío lehen lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkariaz gain, egon dira: José Luis Arasti, Gobernuaren delegatua Nafarroan, Javier Enériz, Arartekoa, Joaquín Galve, Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Lehendakaria, Antonio Magdaleno senataria, Juan Carlos Castillo, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakaria; baita Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarren arduraduradunak (Defentsa Delegazioa, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala) eta baita Foruzaingoaren ordezkariak ere.