Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Martxoak 11

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna oroitzeko Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldian Unai Hualde izan da Parlamentuaren ordezkaritzaren burua

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, eta minutu bateko isilunea eta lore eskaintzaren ondoren adierazpen instituzionala irakurri dute

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualde izan da Ganberaren ordezkaritzaren burua gaur, martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta Nafarroako Gobernuak antolatu duen ekitaldian.

 

Baluarte plazan egin da ospakizuna (terrorismoaren biktimentzako monumentuaren ondoan) eta PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako ordezkariak, Gobernuko kideak eta Komunitateko agintari nagusiak izan dira bertan.

 

Terrorismoaren biktima guztien omenezko minutu bateko isilunearekin hasi eta gero, María Chivitek eta Begoña Alfarok (euskaraz) Nafarroako Gobernuak onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri dute, eta, ondoren, lore-eskaintza egin dute.

 

Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Egunaren karietara onetsitako Adierazpen Instituzionalak hala dio:

 

“2024an gogora ekarri nahi dugu, bereziki eta min handiz, gaur duela 20 urteko martxoaren 11n, atentatu terrorista izugarriak izan zirela Madrilgo aldiriko hainbat trenen aurka. Atentatu horien emaitza tragikoa izan zen, 192 pertsona erail baitzituzten eta ia 2.000 zauritu larri. Nazioarteko ospakizun-egun gisa, Europar Batasunak martxoaren 11 "Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna" izendatu zuen. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, adierazpen instituzional honen bidez, honako hau erabaki du:

 

1. Indarkeria terroristak, ETAk eta beste erakunde terrorista batzuek, GALek adibidez), eskuin muturrari, ezker muturrari edo jihadismoari lotutakoek, hainbat hamarkadatan egindakoak, bidegabea eta legez kontrakoa izateaz gain, giza eskubideen urraketarik handiena dakarrela, demokraziaren aurkako mehatxu larria dela eta gure erkidego osoa aho batez arbuiatzea merezi duela adieraztea, Nafarroako Bizikidetza Plan Estrategikoak aditzera ematen duen bezala.

 

2. Nafarroako Gobernuak terrorismoa eta edozein ideia edo proiektu defendatzeko indarkeria erabat gaitzesteko duen konpromisoa deklaratzea, bai eta biktima guztiek egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak izateko duten eskubidea defendatzeko apustu argia ere. Nafarroako Foru Komunitateak urte askoan jasan du, bereziki ETAren terrorismoa. Errealitate hau aitortzeko egin diren urrats positiboak balioetsiz, gaur egun oraindik ere guztiz beharrezkoa da indarkeria baliatu zutenek edo babes sozial eta politikoa eman ahal izan zietenek gizartearen gehiengo handiarekin bat egitea, gogoeta etiko integrala egin dezaten.

 

3. Terrorismoa erabat bidegabekoa eta demokraziaren aurkakoa dela adieraztea, sortzen duen minagatik eta sufrimenduagatik, eta helburu edo ideia bat giza duintasunaren eta pertsonen eskubideen gainetik jartzen duelako. Horregatik, terrorismoaren aurrean bakean, bizikidetzan, elkarrizketan eta errespetuan oinarritutako eta balio demokratikoetan sakonduko duen erantzuna soilik bultza daiteke.

 

4. Terrorismoaren biktima guztiei laguntzen eta elkartasuna adierazten jarraitzea, haiekin eta haiek ordezkatzen dituzten elkarte, fundazio eta erakunde publikoekin lan eginez, haien eskubideak gauzatzeko.

 

5. Terrorismoaren biktimen eta haien familien duintasuna eta memoria bortxatzen duen edozein ekintza baztertzea.

 

6. Indarkeriaren kulturaren aurrean, elkarrizketa, Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen errespetua bultzatuko dituen estrategia bat garatzea, indarkeria deslegitimatzeko programetan sakonduz, elkarrizketa sustatuz arazo politiko eta sozialak konpontzeko bide gisa, eta gizartearen adostasuna sustatuz iraganeko edo oraingo edozein legez kanpoko eta indarkeriazko jarduera gaitzesteko.

 

7. Belaunaldi berriek terrorismoaren praktikaren izua ezagut dezaten sustatzea, biktimekiko enpatia sustatuz, abian jarritako hezkuntza-programen esparruan, hala nola ‘Memoria duten Eskolak’, ‘Bakea eta Bizikidetza lantzen duten eskolak’, eta ‘Eskutik’, ikasgeletan biktima hezitzaileen presentzia bultzatzen duena, eta Nafarroako hezkuntza-curriculumean txertatutako unitate didaktikoak”.

 

Amaitzeko, terrorismoaren biktimentzako monumentuaren aurrean lore-eskaintza egin dute, zeinetan Unai Hualde, María Chivite eta gainerako kargu publiko eta agintarien ondotik, hala nahi izan duten pertsona guztiek parte hartu baitute.

 

Ekitaldira bertaratutakoen artean, Mahaiko kide Ainhoa Unzu lehen lehendakariordeaz gain: Ramón Alzórriz (PSN), Xebe Txoperena (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Patxi Vera (Foru Komunitateko Arartekoa).