Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Martxoak 11

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna oroitzeko Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldian Unai Hualde izan da Parlamentuaren ordezkaritzaren burua

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, eta minutu bateko isilunea eta lore eskaintzaren ondoren adierazpen instituzionala irakurri dute

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualde izan da Ganberaren ordezkaritzaren burua gaur, martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta Nafarroako Gobernuak antolatu duen ekitaldian.

 

Baluarte plazan egin da ospakizuna (terrorismoaren biktimentzako monumentuaren ondoan) eta PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako ordezkariak, Gobernuko kideak eta Komunitateko agintari nagusiak izan dira bertan.

 

Terrorismoaren biktima guztien omenezko minutu bateko isilunearekin hasi eta gero, María Chivitek eta Ana Ollok (euskaraz) Nafarroako Gobernuak onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri dute, eta, ondoren, lore-eskaintza egin dute.

 

Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Egunaren karietara onetsitako Adierazpen Instituzionalak hala dio:

 

1.- Adieraztea, beste behin, ezen ETAk eta beste erakunde terrorista batzuek (GALek eta eskuin muturrari, ezker muturrari edo jihadismoari lotutakoek, esaterako) hainbat hamarkadatan baliatutako indarkeria terrorista bidegabea eta legez kontrakoa dela eta, horrez gain, giza eskubideak bete-betean urratu zituela eta urratzen dituela. Indarkeria horrek, gainera, larriki mehatxatzen du demokrazia, eta merezi izan zuen, eta merezi du, gizarte osoak aho batez arbuiatzea eta gaitzestea.

 

2.- Horrenbestez, adierazten dugu, beste behin, ezen Nafarroako Gobernuak, horretarako konpromisoa hartua baitu, arbuiatzen eta irmoki gaitzesten duela zeinahi ideia edo proiektu defendatzeko orduan terrorismoa eta indarkeria erabiltzea; ETAren terrorismoa bereziki bortitza izan da Nafarroan. Adierazten dugu, beste behin, argi eta garbi agertzen garela terrorismoaren biktima orok egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak izateko duen eskubidearen alde. Balioesten ditugu errealitate hori aitortzeko egiten ari diren urrats positiboak. Nolanahi ere, gaur egun behar-beharrezkoa da oraindik indarkeria erabili zutenek edo indarkeriari babes sozial eta politikoa eman ziotenek gizartearen gehiengo zabalarekin bat egitea, gehiengo horrek eskatzen ari baitie ezen ez dezaten aukera historiko hau galdu eta publikoki onar dezaten ETAren indarkeria terrorista, beste indarkeria terrorista batzuen antzera, bidegabea eta legez kontrakoa izan zela.

 

3.- Adieraztea terrorismoa gauza ikaragarriki bidegabea eta antidemokratikoa dela, mina eta sufrimendua eragiten dituelako eta xede edo ideia bat jartzen duelako giza duintasunaren eta pertsonen eskubideen gainetik. Horregatik, nabarmendu beharra dago oso garrantzitsua dela terrorismoari irmoki eta erabakitasunez erantzutea, betiere zuzenbide estatuaren barruan, nazioarteko legezkotasuna errespetatuta eta giza eskubideak babestuta, horiek baitira demokrazia ororen zutabeak.

 

4.- Arlo horretan, Nafarroako Gobernua terrorismoaren biktimen lege berria prestatzen ari da, aurrekoa duela 16 urte onetsi baitzen eta hura moldatu beharra baitago, neurri eta hobekuntza proposamen berriez, bat etor dadin errealitate sozial eta politiko berriarekin. Nafarroako Gobernuak abiarazi du, jada, legea aldatzeko prozedura. Horrela, biktimen elkarteek, parlamentuko taldeek eta herritarrek parte hartzeko prozesua amaitu ondoren, aste batzuen buruan onetsiko da Terrorismoaren Biktimak Errekonozitu eta haiei Erreparazioa Emateko Foru Legearen proiektua, eta Foru Parlamentura bidaliko da, hari buruz eztabaidatu eta onets dezaten.

 

5.- Nafarroako Gobernuak dei egiten die parlamentuko talde guztiei koka daitezen biktimek eta gizarteak eskatzen diguten maila politikoan eta etikoan, eta onets dezaten lege hori. Foru lege hori onestea urrats historikoa litzateke, aho batez errekonozituko baititugu terrorismoaren biktimak eta hori, ezbairik gabe, bizikidetzaren aldeko ekarpen historikoa izanen litzateke,  eta bermatuko luke berriz errepikatuko ez dela sekula gertatu behar ez zuen indarkeria bat.

 

6.- Berresten dugu, halaber, hezkuntzarekin hartua dugun konpromisoa, funtsezko tresna baita belaunaldi berriek jakin dezaten zer izugarria den terrorismoa, eta biktimekiko enpatia sustatzeko haiengan. Horretarako bidea ematen dute, hain zuzen, dagoeneko martxan diren hezkuntza programa hauek:  Memoria duten eskolak, bakearen eta bizikidetzaren alde sarea, Eskutik programa (terrorismoaren biktima hezitzaileen presentzia sustatzen baitu ikasgeletan), eta Nafarroako hezkuntza curriculumean txertatutako unitate didaktikoak.

 

Amaitzeko, terrorismoaren biktimentzako monumentuaren aurrean lore-eskaintza egin dute, zeinetan Unai Hualde, María Chivite eta gainerako kargu publiko eta agintarien ondotik, hala nahi izan duten pertsona guztiek parte hartu baitute.

 

Bestetik, Parlamentuko Mahaiak Erabaki bat onetsi zuen astelehenean Martxoaren 11, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela-eta. Erabaki-proposamena PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu zuten.

 

Ekitaldira bertaratutakoen artean, Mahaiko kide Ainhoa Unzu, lehen lehendakariordeaz gain, Ramón Alzórriz (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Patxi Vera (Nafarroako Arartekoa).