Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 9

Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Hiru urteko epean, Gobernuak eskumen-banaketa argitzeko proposamena egin beharko du, Nafarroa osoan nahitaezko udal-zerbitzuen estaldura ziurtatzeko

 

Lurralde Kohesiorako Batzordeak Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzeko Foru lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur. Testuak "udalerri txikien finantzaketa hobetzeko eta sistemarako sarbide baliokidea bermatzeko eredu berri bat ezartzen du, bizilekua edozein dela ere".

 

Lege proiektuaren helburua 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua aldatzea da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak ezarritakoarekin bat etor dadin, bertan ezartzen baita toki erakundeei finantzaketa egonkorra eman behar zaiela Nafarroako tributuetan duten urteko parte-hartzearen bidez, bai transferentzia arruntei bai kapital-transferentziei dagokienez, eta toki finantzaketarako eredu berria ezarriz, bat etorriko dena printzipio hauekin: finantza nahikotasuna, aurrekontu jasangarritasuna, elkartasuna eta toki autonomia eta lurralde oreka.

 

Helburu horrekin, toki finantzaketarako eredu berri bat ezartzen da, transferentzia arrunten funtsaren eta kapital-transferentzien funtsaren bidez egituratua, eta hauen kopuruak Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen legean jaso eta bermatuko baitira.

 

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek lege proiektua mamitzen duten printzipioei eutsi diete eta, “lurralde elkartasunarekiko eta justiziarekiko konpromisotik”, proposatutako ereduaren alde egin dute, zeinak, “Europako Estrategiarekin bat, lagunduko baitu zerbitzu publikoak hobetzen eta despopulazioaren kontra borrokatzen, sistemarako sarbide baliokidea bermatuko baitu, bizilekua gorabehera”.

 

Horri dagokionez, adierazten da eredu berriak indartu egiten duela “udalerri txikien finantzaketa, bai eta barreiadura ezaugarri duten udalerriena ere”. Zehaztu denez, 228 udalerrik (% 84k) aurreko ekitaldian baino finantzaketa hobea izanen dute, 43k berdin jarraituko dute eta bakar batek eginen du okerrera. Tuterak izanen du “igoera handiena” (+2,4 milioi).

 

Nabarmendu da, azkenik, egonkortasuna ekarri dutela, batetik, transferentzia arrunten funtsaren urteko eguneratze formulak (KPIa + 2), eta, bestetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformaren ondorioz galdutako bilketa-ahalmena konpentsatzen duen urteko ekarpenak. Ekarpen hori ezarri da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri gisa. Kontrapartida hori 13,9 milioikoa izanen da 2022an.

 

Udalen finantzaketa berria 310 milioikoa da, 2021ean baino 37 milioi gehiagokoa. Toki Ogasunei buruzko Legea da hura arautzen duten hiru arauetako bat, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa (308 milioi) eta Toki Inbertsioen Plana (8,5 milioi, 2017-2019 aldirako TIPeko erreserbako obrak barne) arautzen dituztenekin batera.

 

2/1995 Foru Legea aldatzeko proiektuan 123. artikuluari emandako testu berriaren arabera, hurrenez hurreneko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan jasoko da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren zenbatekoa.

 

Parte-hartze hori partaidetza funts baten bidez gauzatuko da, zeinak osagai izanen baititu transferentzia arrunten funtsa, 257.859.026 euroko zuzkidura izanen duena 2022rako, eta kapital-transferentziena, 30 milioikoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako. Hurrengo ekitaldietan, zenbatekoa aurreko ekitaldiko aurrekontuan kontsignatutakoa izango da, aurreko ekaineko Foru Komunitateko urte arteko KPIa gehituta. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute zuzenketa, eta Navarra Sumaren babesarekin aho batez onetsi da. 

 

Bi funts horietan soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldietako kredituak handitzeko erabiltzen ahalko dira, baina ez dira kontuan hartuko urteko zenbatekoen igoerak kalkulatzeko. 

 

Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa banatuko da dagokion foru lege arau-emaileak zehazten duen moduan. Kapital-transferentzietarako aurreikusitako zenbatekoaren banaketa, berriz, toki inbertsioen planak arautzen dituzten foru legeetan ezartzen den moduan eginen da, eta horien helburu nagusia izanen da "Foru Komunitateko esparru osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea".

 

Lehen aipatu den bezala, toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkiduraren osagarri, urtero ekarpena eginen da (13,9 milioi 2022an), jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erreformak eragindako bilketa-ahalmenaren galera konpentsatzeko.

 

Azkenik, gehienez hiru urteko epean, foru legeak indarra hartu eta biharamunetik hasita, Gobernuak toki erakundeen eskumen banaketa argitzeko proposamena igorriko du Nafarroako Parlamentura, bertan aurreikusirik, halaber, toki erakundeei esleitzen zaizkien eskumenetarako finantza nahikotasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen zuzkidura. Hori, Foru Komunitatearen eremu osoan nahitaezko udal zerbitzuen estaldura bermatzeko. Navarra Sumak aurkako botoa eman dio hiru urteko muga ezartzeko zuzenketari, gainerako bost taldeek aurkeztu dutenari.  

 

Lege-proiektua 2/1995 Foru Legearen aldaketarekin osatzen da, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespenei dagokienez. Salbuespen hori % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonei aplikatuko zaie, baldin eta, gainera, “funtzio mentaletan urritasuna badute eta, horren ondorioz, gutxienez, jardueraren % 25eko mugak onartzen badira”.

 

Batzordean egindako eztabaidan, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako 3 zuzenketak onetsi dira. Bi zuzenketa teknikoak dira, eta hirugarrena, zioen azalpenaren azken paragrafotik Lege hau onartzeko beharrezkoa den gehiengo absolutuari buruzko aipamena kentzekoa.

 

Aitzitik, Navarra Sumak defendatutako 6 zuzenketak atzera bota dira, ez baitu babesik eman, ez Iruñeko Hiriburutzaren Agiriari eusteko eta beste hiri batzuetara zabaltzeko, hala nola Tuterara, ezta eskualdeak finantzaketatik kanpo uzteko ere -Tokiko Maparen Legean definitutako figura da, oraindik sortu gabea-.

 

Era berean, ez du babesik lortu Nafarroako edo Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura konpentsatzeko edozein foru legetan ezarritako salbuespen eta hobarien aitorpenak tokiko zergetan izan lezakeen eragina.

 

Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota eta irizpena eman ondoren, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen Foru Legearen proiektua Osoko Bilkurara bidaliko da, martxoaren 17an ziurrenik, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
 

Bilkurako burua Virginia Magdaleno izan da (Navarra Suma talde parlamentarioa). Gainera, honako hauek ere izan dira: Yolanda Ibáñez, Miguel Bujanda, Pachi Pérez, Isabel Olave, Javier García, Elena Llorente (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Ramón Alzórriz (PSN), Pablo Azcona, Jabi Arakama (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).