Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 17

Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituen Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko martxoaren 17an

Parlamentuaren osoko bilkurak Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituen Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin.  Testuaren bidez finantzaketa "egonkor" bat bermatzea da helburua. 

 

Udalen finantzaketa berria 310 milioikoa da, 2021ean baino 37 milioi gehiagokoa. Toki-erakundeek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsari buruzko Legea da hura arautzen duten hiru arauetako bat, Toki ogasunak eta Toki Inbertsioen Plana arautzen dituztenekin batera.

 

Parte-hartze hori partaidetza funts baten bidez gauzatuko da, zeinak osagai izanen baititu transferentzia arrunten funtsa, 257.859.026 euroko zuzkidura izanen duena 2022rako, eta kapital-transferentziena30 milioikoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako. Hurrengo ekitaldietan, zenbatekoa aurreko ekitaldiko aurrekontuan kontsignatutakoa izango da, aurreko ekaineko Foru Komunitateko urte arteko KPIa gehituta. 

 

Bi funts horietan soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldietako kredituak handitzeko erabiltzen ahalko dira, baina ez dira kontuan hartuko urteko zenbatekoen igoerak kalkulatzeko.

 

2022 ekitaldirako Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa Nafarroako 272 udalerriren eta 346 kontzejuren artean banatuko da, honela: Finantzaketa Orokorreko Funtsa (196.709.026 euro), Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsa (20.000.000 euro), Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsa (24.500.000 euro), Lurralde Kohesiorako Funtsa (16.200.000 euro) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziorako Laguntza (450.000 euro).

 

Transferentzia Arrunten Funtsa eguneratzeko formulatik (KPI + 2) eratorritako eta, Ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformaren ondorioz diru-bilketan izandako galeraren konpentsazio gisa, Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidura osatzeko ezartzen den urteko ekarpenetik eratorritako egonkortasuna nabarmentzen du lege-proiektuak. Kontrapartida hori 13,9 milioikoa izango da 2022an.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdiek nabarmendu dute banaketa-formulak berme-sistema bat ezartzen duela, eta horrek ziurtatzen duela udalerri eta kontzeju guztiek gutxienez 2019koaren kopuru bera jasoko dutela, gehi ehuneko bi puntu. Formulak kopuru teoriko handiagoa esleitzen dienei, eta finkatu ezin direnei, zati proportzionala ematen zaie aurrekontu-muga osatu arte.

 

Iruñeko Udalari hiriburutza-agiriagatik dagokion zuzkidura (26 milioi euro, 2021arekin alderatuz -1,7) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari esleipena (434.000 euro) 2019an esleitutako zenbatekoari dagokio, ehuneko bi puntu gehituta.

 

Berrikuntza nagusi gisa, desagertu egiten da hautetsiei ordaintzea erabakitzen zuten udalei egiten zitzaien ordainketaren izaera konpentsatzaila, eta urteko ekarpen finko bat ezartzen da, Nafarroako udal guztiek jasoko dutena, kargu hautetsien kopuruaren arabera, ordainsariak jaso izana justifikatu beharrik gabe, eta 2019an jasotakoarekin alderatuta ere ehuneko bi puntu igo dena. Zuzkidura hori 6,1 milioi eurokoa da.



Katastroko balioak eguneratuta ez dituzten edo amaieran aplikatu beharreko balorazio-txostena berrikusteko prozesua hasi ez duten udalerrientzat ezarritako zigorrak (transferentzia arrunten % 10eko murrizketa) argitzea eta arautzea ezartzen da.

 

Murrizketa proportzionalki banatuko da Transferentzia Arrunten Funtsaren behin betiko esleipena urte bakoitzean bermatutako zenbatekoa baino handiagoa duten toki-erakundeen artean, administrazioko eta mendeko langile aktiboen Montepio Orokorraren defizitaren finantzaketari dagokion zenbatekoa kenduta. 



Udal-titulartasuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakoitzaren gastu-indizea lortzeko formula aldatu egiten da. Formula hori eskola-unitateen kopuruaren, matrikulatutako ikasleen, beste toki-erakunde batzuetatik datorrena barne, eta zerbitzu osagarriengatiko gastuaren zenbatespenaren arabera kalkulatuko da.

 

Azkenik, Toki Administrazioan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ahalmenak lege honetan xedatutakoa aplikatzera mugatzen dira, eta lege honen garapenari dagokiona kentzen zaio.


 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (8. NPAO, 2022-01-26koa)
  • Zuzenketak (26. NPAO, 2022-02-25ekoa) 
  • Zuzenketak (28. NPAO, 2022-03-04koa)
  • Irizpena (34. NPAO, 2022-03-15ekoa)