Ukrainaren inbasio errusiarra eteteko eskatzeko elkarretaratzean parte hartu du Nafarroako Parlamentuak
Hualdek Errusiaren eraso militarra salatu du, babes eta elkartasuna adierazi die Ukrainako Gobernuari eta herriari eta Europako erakundeak premiatu ditu arreta eman diezaieten alde egin duten pertsonei
Ukrainaren inbasio errusiarra bertan behera uzteko eskatzeko Nafarroako Gobernuarekin batera elkarretaratze bat egin da gaur eguerdian Foruen estatuaren ondoan, eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Ganberaren ordezkaritzaren buru izan.
Errusiaren eraso militarra salatzeko eta berehala bertan behera uzteko eskatzeko, eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko eskatzeko Eledunen Batzarrak onetsi duen adierazpen instituzionala irakurri du Unai Hualdek euskaraz eta gaztelaniaz.
Maria Chivitek, bestalde, elkartasun eta babes hitzak eskaini dizkie Ukrainako herritarrei Errusiaren eraso justifikaezinaren aurrean.
Lehendakaritzak eskatuta Ganberak onartutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta eskatzen du berehala buka dadila eta indar militarrak Ukrainatik atera daitezela.
2.- Nafarroako Parlamentuak borrokak berehala buka daitezela exijitzen du, biktimen kopurua handitu aurretik, eta tropak itzul daitezela nazioarteak Errusiako Federazio gisa aitortutako lurraldera.
3.- Nafarroako Parlamentuak eragile guztiei dei egiten die Errusiak hasitako gatazka belikorako konponbideak bila ditzaten.
4.- Nafarroako Parlamentuak berresten du desadostasunak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna dela, bakearen eta diplomaziaren bideak erabiliz.
5.- Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu arreta eman diezaieten Ukrainatik lekualdatu eta Europako beste herrialdeetan babesa bilatzen ari direnei.
6.- Nafarroako Parlamentuak bere babes eta elkartasun erabatekoa adierazten die Ukrainako Gobernuari eta herriari eta, halaber, Errusian gerraren aurka manifestatzen ari direnei eta jazarpen polizial eta militarra pairatzen ari direnei.
7.- Nafarroako Parlamentuak elkarretaratze baterako dei egiten du, Nafarroako Foru Komunitateko erakunde nagusiekin batera: 2022ko otsailaren 28an, astelehenarekin, 12:00etan eginen da, Iruñeko Sarasate pasealekuan, Ukrainako egoera salatzeko eta adierazpen honetan onetsitako puntuak babesteko.
Archivos adjuntos