Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Maiatzak 30

Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordea eratu da

Maiorga Ramírez (EH Bildu) batzordeburu hautatu ondoren, ekainaren 7ra arteko epea dago batzordekideen informazio eskaerak bideratzeko

Gaur arratsaldean eratu da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekimenez Parlamentuak hilaren 11ko osoko bilkuran onetsi zuen ikerketa batzordea, “Ultzamako biometanizazio plantaren inguruko jarduketak, Kontuen Ganberak fiskalizatu berri dituenak, legezkotasunarekin bat datozen argitu eta zehazteko”. PSN eta PPN batzordea sortzeko proposamenaren alde agertu ziren, eta UPN abstenitu egin zen.

 

Batzordea eratzeko bilkuran buru izan da Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakaria. Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) hautatu dute batzordeko buru, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin. Bigarren hautagaiak, Juan Luis Sánchez de Muniainek (UPN talde parlamentarioa), bere taldearen babesa baino ez du lortu. PSN eta PPN abstenitu egin dira.

 

Ramírez izendatu ondoren, ikerketa batzordea atea itxita bildu da bere lan plana taxutzeko. Erabaki du, besteak beste, ekainaren 7ra arteko epea ezartzea informazio eskaerak bidera daitezen. Egun horretan (16:30ean) batzordea berriro bilduko da eskaerak izapidetzeko. Ordutik aurrera beste epe bat egonen da, oraindik zehaztu gabea, agerraldietarako proposamenak egiteko.

 

Maiorga Ramírez buru dutela, honako kide hauek izanen dira ikerketa batzordean: Sergio Sayas, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Santos Cerdán (PSN talde parlamentarioa), Javier Garcia (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko Mahaiak hilaren 22an onetsitako arauekin bat, Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.

 

Batzordeak (talde parlamentario bakoitzeko bi batzordekide eta parlamentari elkarte bakoitzeko batzordekide bat) boto haztatuaren sistemaz hartuko ditu erabakiak, hau da, talde bakoitza zenbat parlamentarik osatzen duten, hainbeste boto izanen ditu taldeko eledunak.

 

Informazio eta dokumentazio eskaerei erantzuteko epea kasu bakoitzean zehaztuko da. Informazioa edo dokumentazioa batzordeko buruari emanen zaio, berak berehala bidal diezaien batzordeko parlamentariei.

 

Batzordearen aurrean agertzeko errekerimenduak Parlamentuko lehendakariak eginen ditu, zitazio sinesgarriaren bidez, hiru egun lehenago, gutxienez. Zitazioan argibide hauek jarriko dira:

 

a) Batzordeak zein egunetan erabaki duen agerraldia eskatzea.

 

b) Agertu behar duenaren izen-deiturak.

 

c) Zein toki, egun eta ordutan agertu behar duen.

 

d) Agertzen ez bada Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobedientzia delitua eginen duela ohartaraziko zaio.

 

e) Zeri buruzko agerraldia izanen den.

 

f) Berariaz adieraziko da errespetatu eginen direla Konstituzioak onartutako eskubideak eta, batez ere, pertsonen intimitaterako eta ohorerako, lanbide-sekreturako eta kontzientzia-klausularako eskubideak.

 

g) Agerraldiko bilkura hedabideentzat irekia izanen dela ohartaraziko da. Hala ere, agertu behar duenak bilkura sekretua egiteko eskatu ahal izanen dio batzordeari. Arrazoiak azaldu beharko ditu.

 

Agertu behar duenak pertsona bat izendatu ahal izanen du berarekin joateko. Batzordearen aurrean hitz egin aurretik, batzordeko buruak gogora ekarriko dio Zigor Kodearen 502.3 artikuluan zer zigor ezartzen den, Parlamentuko ikerketa batzorde baterako deialdia jaso duen norbaitek lekukotza faltsua ematen badu.

 

Ikerketa batzordea bere eginkizunak amaitu arte arituko da lanean. Irailaren 30a baino lehen lana amaitu eta txostena eman beharko du, baina epe hori luzatu ahal izanen da.