Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 16

Unai Hualde Antonio Antoñanzasekin –Nafarroako Parlamentuaren ordezkaria NUPeko Gizarte Kontseiluan– bildu da

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Antonio Antoñanzas NUPeko Gizarte Kontseiluko kidearekin bildu da gaur Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.

 

PSNk proposatuta, Parlamentuak azaroaren 11n izendatu zuen Antoñanzas, Esteban Morrásek utzitako lekua betetzeko. Antoñanzas izendaturik, Nafarroako Parlamentuak Gizain Fundazioan duen ordezkaritza –Juan Ramón Corpas Mauleón, Miguel Arrarás Paños, Idoia Sara Pérez, Ubaldo González Delgado eta Antoñanzas bera– osatu da.

 

Alfonso Antoñanzas Aranguren –NUPeko ingeniari teknikoa, esperientzia profesional luzekoa berrikuntza eta efizientzia energetikoaren arloan–, hozte komertzialaren arloko enpresaburua da gaur egun.

 

Gizarte Kontseilua gizarteak unibertsitatean parte hartzeko kide anitzeko organoa da, eta Nafarroako erakundeen, gizartearen eta Unibertsitate Publikoaren arteko harremanetarako elementua izan behar du.

 

Kontseiluak hemeretzi kide ditu: hamahiru, alderdi sozialekoak, eta sei, berriz, Unibertsitatekoak. Honako hauek dira Unibertsitatekoak: errektorea, idazkari nagusia, kudeatzailea eta Gobernu Kontseiluko hiru kide. Alderdi sozialekoak, berriz, honako hauek: Nafarroako Parlamentuak izendatutako bost kide, Nafarroako Gobernuak izendatutako lau eta ordezkaritza handiena duten sindikatu nahiz enpresa-elkarteek izendatutako lau.

 

Gizarte Kontseiluari honako jarduera hauek gainbegiratzea dagokio: izaera ekonomikokoak, zerbitzuen errendimenduari eta kalitateari buruzkoak, plangintza eta garapen instituzionalekoak, gizarteak Unibertsitatearen finantzaketan laguntzea sustatzekoak eta gizartearekiko harremanak sustatzekoak.