Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Maiatzak 18

Unai Hualde izanen da batzordeburua 2020-2023 aldirako Nafarroa Suspertu Planari laguntzeko Batzorde Berezian. Batzorde hori asteazken honetan eratzea aurreikusi da

Lehenengo bilkuran onetsiko dira lanerako plana, bilkuren egutegia eta eztabaida sektorialak antolatzeko erabaki proposamenak aurkezteko epea

Nafarroako Parlamentuak Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Berezia eratuko du datorren asteazkenean (10:00). Batzordeburua Unai Hualde izanen da, Legebiltzarreko Mahaiko gainerako kideen laguntzarekin.

 

Ez da akordiorik egon Batzorde Bereziaren antolaketa eta funtzionamendua arautzeko lanerako planari buruz; asteazkenean onetsiko da plan hori, Batzorde Bereziaren lehen bilkuran, bilkuren egutegiarekin batera. Halaber, ebazpen-proposamenak aurkezteko epe bat irekiko da, eta horien inguruan egituratuko dira eztabaida sektorialak.

 

Batzorde Berezi hori sortzeko proposamena Navarra Suma, Geroa Bai, Nafarroako Alderdi Sozialista, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatu dute, eta haren helburua da Parlamentuaren "zilegitasuna eta eraginkortasuna" baliatzea, Foru Gobernuak irekitako parte-hartze prozesuan bere ekarpenarekin laguntzeko.

 

Zioen azalpenean ageri denez, lau arlori buruzkoak izanen dira Batzorde Berezian lehenetsiko diren eztabaidak eta ekarpenak: ekonomia suspertzea eta ekoizpen-eredua modernizatzea; gizarte-babeseko eta zaintzako sistemak indartzea; eta zerga-sistema hobetzea.

 

Batzorde Berezia mahaiak eta hamaika kidek osatuko dute: Javier Esparza, Carlos Pérez Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos, María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) y Marisa de Simón (izquierda-Ezkerra). Talde bakoitzeko gainerako parlamentariak ordezko gisa izendatu ahalko dira, eztabaida sektorialetan espezializazio handiagoz parte hartu ahal izateko.

 

Batzorde Bereziaren sorrera joan den asteazkenean, hilak 13, erabaki zen aho batez, eta boto haztatuaren bidez hartuko ditu erabaki guztiak.

 

Batzordeak laguntza eta lankidetza eskatu ahalko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta zilegi izanen du Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bidez eskatzea egoki jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak batzordera etor daitezen, bai eta beharrezkoak diren txostenak egin daitezen ere.

 

Batzordearen bilkurek lehentasuna izanen dute Legebiltzarraren gainerako jardueren aldean. Ahal dela, Osoko Bilkuren aretoan egiteko deituko dira, eta ez dira jendearentzat irekiak izanen. Hala ere, ikus-entzunezko bitartekoen bidez transmitituko dira.

 

Batzordearen lanak garatzeko ezarritako epea hilabetekoa da, eta luzatzen ahalko da. Epe hori amaitutakoan, irizpen bat (ebazpenak eta boto partikularrak) eman beharko du Batzordeak, Osoko Bilkurari aurkezteko (eta Gobernuari bidaliko dio), eztabaidatu eta bozka dezan.

 

Batzorde Bereziaren xedea da Parlamentuak ekarpena egitea Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planari, zeina Nafarroako Gobernuak sustatu baitu ahalik eta azkarren erantzutearren koronabirusak sortutako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren aparteko larritasunari.

 

Parlamentuko Erregelamenduaren 61. artikuluak dioenez, lan zehatz baterako sortzen direnak dira batzorde bereziak, eta agindutako lana bukatzean iraungitzen dira eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.