Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 24

Unai Hualde Nafarroako Autismo Elkartearen ordezkariekin bildu da

Apirilaren 2an Nafarroako Parlamentuak urdinez argiztatuko du bere eraikinaren aurrealdea ‘Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna’ dela eta

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Autismo Elkartearen ordezkariei harrera egin die gaur goizean, zehazki Amaya Áriz lehendakariari, Mentxu Ochoa lehendakariordeari, Paula Rodríguez zuzendariari eta Trinidad Núñez batzordekideari.

 

Bilkuran Ariz eta Ochoak elkartearen lana azaldu dute, 2021 Plan Estrategikoan jasota dagoena, eta egungo finantzaketa publikoaren sistemak eragindako egiturazko arazoak nabarmendu dituzte; izan ere, sistema horrekin aurrekontuaren bostena baino ez dute betetzen.

 

"Administrazioak aitortutako zerbitzu bat ematen dugu, gure kasuan Hezkuntza, Osasun eta Eskubide Sozialen departamentuek aitortua, eta, hala ere, diru-laguntzek gure egituraren kostuaren % 18 baino ez dute estaltzen. Jaurlaritzak ordaindu beharko luke, publikoki eskaini beharko litzatekeen zerbitzu bat egiten baitugu. Erakunde berrien kasuan, ANA kasu, estutasunak handiagoak dira, antzinako elkarteei aurrekontuaren % 50 eta % 75 artean finantzatzen baitzaie".

 

Arizek eta Ochoak, halaber, "Iruñerritik haratago antzematen den lurralde arrakala” salatu dute, “baliabide eta profesional faltagatik. Administrazioa ez da iristen eta gure zerbitzuak zabaltzeko baliabideak falta zaizkigu".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, azpimarratu du bilkura hau apirilaren 2an ospatuko den Autismoari buruzko Munduko Kontzientziazio Egunaren harira egin dela, Ganberak egunarekin bat egitea erabaki baitu eta, beste erakunde batzuekin batera, egoitzaren aurrealdea urdin kolorez argiztatuko du.

 

Zentzu horretan, Nafarroan autismoa duten pertsonen beharrak ANAren ekimenez hainbat aldiz eztabaidatu direla gogorarazi du Hualdek, osasun, hezkuntza edo gizarte alorretatik, esaterako.

 

"Datozen asteak, nazioarteko eguna dela eta, aukera ona izan daitezke talde parlamentariek lan-saio batean pertsona horien eta haien familien egungo egoera ezagutu dezaten, pandemiazko hilabete hauen ostean".

 

Nafarroako Autismo Elkartea (ANA) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta erantzun integral eta pertsonalizatua garatzen du, esku-hartze terapeutikoarekin, laguntzekin, zerbitzuekin eta aukerekin, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen bizi-kalitatea sustatzeko eta hobetzeko.