Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Ekainak 19

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakari hautatu dute Geroa Bai, PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren botoekin

Mahaia osatzen dute Inma Jurío (PSN) eta Yolanda Ibáñez (Navarra Suma) lehendakariordeek, eta Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu) idazkariek.

Gaur 11:00etan Nafarroako Parlamentuaren X. legegintzaldiari hasiera eman zaio Ganbera osatzeko saio batekin. 50 forudunek (Navarra Sumako 20, PSNko 11, Geroa Bai-ko 9, Bildu-ko 7, Podemos-Ahal Dugu-ko 2 eta Izquierda-Ezkerrako 1) egin duten lehenengo bilera honetan datozen 4 urteetan erakundea gobernatuko duten Presidentea eta Mahaia hautatu dira.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Presidentea hautatu dute 30 aldeko botorekin, PSNren 11, Geroa Bairen 9, EH Bilduren 7, Podemos-Ahal Duguren 2 eta Izquierda-Ezkerraren 1. Gehiengo absoluturik egon ez denez, bigarrez bozketa behar izan da eta Unai Hualdek lortu du gehiengoa, Iñaki Iriartek (Navarra Suma) 20 boto eskuratu baititu.

 

Lehenengo bozketan, Iñaki Iriartek (Navarra Suma) 20 boto lortu ditu, bere taldearenak. Unai Hualdek (Geroa Bai) 16, bere formazioa eta EH Bildurenak. Inma Juríok (PSN) 11 boto lortu ditu eta beraz, behin betiko bozketatik kanpo gelditu da.

 

Inmaculada Jurío (PSN) lehen presidenteordea hautatu dute 23 aldeko botorekin, PSNren 11, Geroa Bairen 9, Podemos-Ahal Duguren 2 eta Izquierda-Ezkerraren 1. Yolanda Ibáñez (Navarra Suma) bigarren presidenteordea hautatu dute 20 aldeko botorekin, bere talde osoaren botoekin.

 

7 boto zuri egon dira, EH Bilduri dagozkionak.

 

Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma) idazkari nagusi hautatu dute, 20 boto jaso ditu, bere taldearenak. Maiorga Ramírez (EH Bildu) bigarren idazkari hautatu dute, 17 botorekin, Geroa Bairen 9, EH Bilduren 7 eta Izquierda-Ezkerraren 1.

 

Ganberako idazkari izateko Ainhoa Unzu (PSN) ere aurkeztu da, eta bere taldearen botoak jaso ditu, 11. 2 boto zuri egon dira, Podemos-Ahal Duguri dagozkionak.

 

Hasieran Ganbera eratzeko saioa Koldo Martínez Urionabarrenetxea (Geroa Bai) gidatu du, parlamentari helduena baita, eta Lehen eta Bigarren idazkariak Alberto Bonilla Zafra (Navarra Suma) eta Carlos Mena Blasco (PSN) izan dira, bi gazteenak. Hiru horiek Parlamentuaren Mahaia hautatu arte jardun duen Adineko Mahaia osatu dute.

 

Presidenteak saioa ireki dela adierazi du. Saioari hasiera emateko Aurelio Sagasetak zuzentzen dituen Katedralaren Musika Kaperak eta Ganberako Orkestrak Nafarroako ereserkia jo dute.

 

Jarraian, Legelari Nagusiak deialdiaren Foru Dekretua eta hautatu diren foru parlamentarien zerrenda irakurri ditu, eta adierazi du ez zaiola jabeldurarik aurkeztu Foru Parlamentariak izendatzeari.

 

Adineko Mahaiaren presidenteak beti Nafarroako foru erregimena errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men egingo diela eta karguak berarekin dakartzan betebeharrak zorrotz beteko dituela zin egin du edo hitza eman du eta ondoren, hori bera egiteko eskatu die idazkariei eta gainerako parlamentari hautetsiei, eta xede horrekin deitu ditu alfabeto hurrenkeran.

 

Honakoak dira zin egiteko edo hitza emateko onesten diren esapideak: “Sí, juro” edo “sí, prometo”, gaztelaniaz; eta “Bai, zin dagit” edo “bai, hitz ematen dut”, euskaraz.

 

Jarraian, Parlamentuko Mahaia osatuko duten kideak hautatu dira. Mahaia presidenteak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatzen dute.

 

Lehenik eta behin Lehendakaria hautatu da. Hautaketa horri ekin aurretik saioa 10 minutuz (eta ondoren beste 10 minutuz luzatu da) bertan behera utzi da eta behin bitartean foru parlamentariek hautagaiak aurkeztu ahal izan dituzte Adineko Mahaiari idatzi bat igorrita. Berriro saioari ekin ondoren, Adineko Mahaiaren lehendakariak aurkeztu diren hiru hautagaiak izendatu ditu, Iñaki Iriarte Navarra Sumak aurkeztua, Unai Hualde, Geroa Baiko, EH Bilduko, Podemos-Ahal Duguko eta I-Eko parlamentari guztiek babestu dutena eta Inma Jurío, PSNk aurkeztua.

 

Presidentea txartel bidez egin den isilpeko bozketaren bidez hautatu da. Foru parlamentari bakoitzak hautagai baten izena idatzi ahal izan du soilik txartelean. Zuriz ematen diren botoak ere ontzat eman dira. Gainerako botoak baliogabeak dira.

 

Foru Parlamentariak haien izenez eta alfabeto hurrenkeran deitu dira Mahaira, txartela lehendakariari eman diote eta horrek hautestontzian sartu ditu. Gero Adineko Mahaiaren kideek bozkatu dute eta amaitzeko Mahaiaren presidenteak; horrela bozketa amaitutzat eman da.

 

Ondoren botoak zenbatu dira. Horretarako lehendakariak txartelak hautestontzitik atera ditu eta idazkarietako batek txartelak altuan irakurri ditu. Zenbaketa amaitu ondoren, Presidenteak bozketaren emaitza jakinarazi die foru parlamentariei. Geroa Baiko hautagaiak gehiengo osoa lortu dezean(26 boto), bigarren bozketa bat egin da.

 

Behin Presidentea hautetsia izendatu denean, bi presidenteordeak hautatzeari ekin zaio. Hautaketa aldiberekoa izan da eta Presidentea hautatzeko ezartzen den prozedura berdinari jarraiki egin da, baina kasu honetan boto gehien jaso dituzten bi hautagaiak hurrenez hurren hautatu dira: Inmaculada Jurío (23 boto) eta Yolanda Ibáñez (20).

 

Lehendakariordeak izendatzeko ezarritako prozedurari jarraiki izendatu dira bi idazkariak. Era horretan, Juan Luis Sánchez de Muniáin (20 boto) eta Maiorga Ramírez (17) hautatu dira.

 

 

PRESIDENTEA HAUTETSIAREN AGURRA

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari berri gisa egin duen lehenengo hitzaldian, Unai Hualdek eskerrak eman ditu Legebiltzarreko lehendakaritza berari emanez eskaini zaion konfiantzarengatik, eta 2015ean hasitako “aurrerapauso sozial sakonen garaiari jarraipena emateko” asmoa adierazi du.

 

“Lurralde honen aniztasunaren aitorpenaren eta aurrerapausoen dinamikan sakontzen jarraitzeko eginkizuna arduraz onartzen dut. Hemen zaudeten guztiei, jakin ezazue uste sendodun pertsona naizela, zuhurra, elkarrizketa gustuko duena eta akordioak bilatzearen aldekoa, gaurko bilkuran ikusi ahal izan den bezala”.

 

Hualdek, amaitzeko, “aitortza zintzo eta sakona adierazi die konfiantza beregan jarri duten Ganberako kideei, baita egin ez dutenei ere. Hutsik ez egitea espero dut”.

 

GONBIDATUEN ZERRENDA

 

Deialdiak duen garrantzia eta izaera instituzionala dela-eta, Nafarroako Parlamentua osatzeko saioan estatuko erakundeetako ordezkari gorenak, agintari nagusiak eta Foru Komunitateko gizarte esparruetako ordezkari ugari egon dira.

 

Bertaratu direnen artean hurrengo hauek egon dira: Javier Gómara eta Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiak, Alfredo Irujo, Nafarroako Kontseiluko Lehendakaria, Francisco Javier Enériz Arartekoa, Sergio Sayas, Carlos García Adanero, Santos Cerdán, Conchi Ruiz eta Jone Belarra, Nafarroatik Kongresurako Diputatuak, Alberto Catalán, Senatari eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakari ohia, Amelia Salanueva, Ruth Goñi eta Antonio Magdaleno, Nafarroako Senatariak, Idoia Villanueva, Foru Erkidegoko Senataria, Asun Olaechea, Kontuen Ganberako Lehendakaria, José Luis Arasti, Espainiako Gobernuko Ordezkaria Nafarroan, José Antonio Sánchez -Villaré, Foru Erkidegoko Fiskal Nagusia.

 

Ramón Gonzalo García, NUPeko errektorea, Alfonso Sánchez-Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Carlos Aparicio Azcárraga, Nafarroako Komandante Militarra, Alejandro Toquero, Tuterako alkatea, Lucía Echegoyen, Zangotzako alkatea eta Maite Garbayo, Erriberriko alkatea.

 

Chechu Rodríguez, CCOOko idazkari nagusia, Jesús Santos Pérez, UGTko idazkari nagusia, Ignacio Ugalde, ANEL, Imanol Ibero, EHNEko lehendakaria, Javier Taberna, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria, Celia Pinedo, Nafarroako GKEen Koordinadorako Lehendakaria, Mikel Aguirre, Nafarroako UNICEF eta Inés Arrimadas diputatua.

 

Miguel Laparra, Eskubide Sozialetako jarduneko kontseilaria, Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politiketako jarduneko kontseilaria, María José Beaumont, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako jarduneko kontseilaria, Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako jarduneko kontseilaria, Isabel Elizalde, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako jarduneko kontseilaria.

 

INBESTIDURA PROZESUA

 

Ganbera osatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko hurrengo lehendakariaren inbestidurarako epeek aurrera egiten dute.

 

Zehazki, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren Presidenteak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.

 

Horretarako, datorren astelehenean, hilak 24, 10:00ean Mahaiak eta Eledunen Batzarrak eginen duten bilkuran egutegia onetsi beharko dute, eta haren arabera Parlamentuko Presidente berriak kontsulta txanda bat hasiko du.

 

Txanda amaitu ondoren, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak hautagaia proposatuko dute eta Osoko Bilkura deituko dute.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 26a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.

 

UNAI HUALDEREN PROFILA

 

Unai Hualde Iglesias (Altsasu, 1976-7-25). Parlamentaria eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren Lehendakariordea izan da IX. Legegintzaldian (2015/2019), Zinegotzia (2003/2007, 2011/2015) eta Altsasuko Alkatea (2007-2011) Nafarroa Bairekin, eta NBBko lehendakaria 2015etik. EAJ-PNVn afiliatua 1999tik eta NBBko kidea 2004tik. Zuzenbidean lizentziatua da eta Zuzenbide Publikoaren esparruan aholkulari juridiko gisa lan egin izan du.