Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urriak 25

Unai Hualde Saharako Ilargierdi Gorriaren lehendakariarekin bildu da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Saharako Ilargi-erdi Gorriaren lehendakari Buhubeini Yahya eta saharar ordezkariaren ondoko Mohamed Abdalahi Ragani hartu ditu gaur. Horiekin batera, Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteko Juanjo Fernández eta Alfonso Torres egon dira. Bileran Carlos Guzmán ere izan da, Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren koordinatzailea.

 

Buhubeini Yahyak azaldu duenez, bilera protokolozkoa izan da, "nire burua aurkezteko eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuak sahararren kausari –bereziki, errefuxiatuei– emandako babesa eskertzeko".

 

Bileran, Buhubeini Yahyak Parlamentuko lehendakariari azaldu dio saharar errefuxiatuen kanpalekuetan "ikuspuntu humanitariotik nahiz politikotik begiratuta" bizi den egoera zaila. Saharako Ilargi-erdi Gorriaren lehendakariak orobat eskertu du Nafarroako gizarteak sahararren kausari beti eman izan dion "babes politiko eta ekonomikoa"

 

Unai Hualdek, berriz, azpimarratu nahi izan du Legebiltzarra konprometituta dagoela Saharako herriak duela hamarkada askotik hona bizi duen "emergentzia humanitarioko" errealitatearekin eta, hori dela-eta, "Nazio Batuen ebazpenetan oinarritutako konponbide justu eta iraunkor" baten alde agertu da.

 

Foru legebiltzarreko lehendakariak bilera baliatu du jakinarazteko oraintsu eratu dela Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoa, honako hauek osatua: Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) koordinatzailea, Pedro Gonzalez: (UPN), Ibai Crespo (PSN), Irati Jiménez (EH Bildu), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Irene Royo (Nafarroako Alderdi Popularra) eta Maite Nosti (Vox).

 

Saharako Ilargi-erdi Gorria Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren beso humanitarioa da, sahararrei elikagai-laguntza emateaz arduratzen dena, besteak beste.