Unai Hualde V. Gazte Parlamentuko lehendakari Alberto Guijarrorekin bildu da
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Alberto Guijarro Nafarroako Gazte Parlamentuko lehendakaria eta Juan Gutiérrez Gazte Kontseiluko lehendakaria hartu ditu gaur bere bulego ofizialean. Guijarro urriaren 15ean Osoko Bilkuren Aretoan egindako irekiera saioan hautatua izan zen.
Bilkuran, Guijarrok azaldu du Gazte Parlamentuko helburu nagusiei jarraipena emateko asmoa duela, hau da, eztabaidaren kultura, izpiritu kritikoa eta gizarte-errealitatearen analisi arrazionala sustatzea, eta, horrez gain, ahalik eta modu eraginkor eta dinamikoenean laguntzea gazteen premia eta lehentasunei lotutako politika publikoak egiten.
“Gazte Parlamentuak dagoeneko ibilbide bat dauka, funtzionatzeko modu zehatz bat. Helburua aurrera egiten jarraitzea da, kasu honetan, proposamenak lantzeko eta Nafarroako Parlamentura eramateko prozesua arinduz. Bestalde, ikusgarritasuna handitzen jarraitu behar dugu, presentzia handiagoa izan nahi dugu bizitza publikoan", adierazi du Alberto Guijarrok.
Bestalde, Juan Gutierrezek, zeinak larunbatean amaituko duen Nafarroako Gazte Kontseiluko lehendakari aldia, adierazi du plazer handia izan dela Gazte Parlamentuaren jatorrian eta sendotzean parte hartzea. “Oraindik apur bat falta zaio benetan duen garrantzia eta balioa bereganatzeko, bai maila instituzionalean, bai parte hartzen duten pertsonen hazkunde pertsonalari dagokionean”.
Unai Hualdek, bestalde, eskertu egin du Alberto Guijarrok eta Gazte Parlamentuko Mahaiko gainerako kideek beren aurrekoek hasitako bideari jarraitzeko erakutsi duten jarrera, eta, ildo horretan, pandemian zehar egindako proposamenak nabarmendu ditu, besteak beste, hezkuntzarekin, sarbide digitalarekin, euskararekin edo 2030 Agendarekin zerikusia duten arloetan.
Nafarroako Gazte Parlamentua Nafarroako Gazte Kontseiluaren eta Foru Legebiltzarraren arteko hitzarmen baten ondorioz 2017an sortu zen proiektu baten emaitza daUrrian hasi da laugarren legealdia, lehen hautaketa 2017ko azaroaren 4an egin baitzen.