Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Otsailak 4

Unai Hualdek AEKko ordezkariak hartu ditu Korrikaren 24. edizioaren xehetasunak ezagutzeko

Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta hamaika egun geroago, 29an, Bilbora iritsiko den euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzen eta laguntzen jarraitzeko deia egin zaio Parlamentuari

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta Xabier Gartzia AEKko kidea hartu ditu gaur bere bulegoan Korrikaren 24. edizioaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. AEKk antolatuta, Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. Korrikak 2026ko martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora.

 

AEK-ko arduradunek lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte eta Legebiltzarrari "parte hartzen eta laguntzen jarraitzeko" gonbitea luzatu diote.

 

Ane Elordik azaldu duenez, leloaren helburua "jendartea da: euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztien hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, gizarte-kohesiorako tresna ere izango da".

 

Korrikak Nafarroako geografia zeharkatuko du martxoaren 20tik 24ra bitartean, Luzaidetik sartu eta Zugarramurditik irtenda. Horrela, lehenik Pirinioetatik eta Zangoza aldetik igaroko da, ondoren Erribera eta Erdialdea, Iruñerria, Lizarraldea, Sakana eta Foru Komunitatearen iparraldea zeharkatuko ditu.

 

Aurtengo edizioan, lurraldearen hegoaldetik igarotzean, Korrikak Errigora omenduko du. Lan komunalean oinarritutako herri-ekimena da, Nafarroako erdialdea eta hegoaldea ardatz dituena, eta Erriberako elikagaiei bidea irekitzen die hurbilen dauden lurraldeetan, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz.

 

Unai Hualdek adierazi duenez, Parlamentuak aurten ere ekimen honekin elkarlanean aritzeko eta Iruñean kilometro bat hartuta bertan aktiboki parte hartzeko erabakia adostea proposatuko dio Parlamentuko Mahaiari.

 

Korrika AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena da, eta Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herri zeharkatzen ditu. Helburua euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea da, baita AEKren euskara ikasteko zentroetan eguneroko lan hori egiteko dirua biltzea ere.

 

Azken 43 urteetan 23 Korrika ospatu dira. Aurten ekimenak Atharratze eta Bilbo lotuko ditu martxoaren 19tik 29ra, 2.175 kilometro eta hamaika egun “euskararen herrian mundu oso bat sartzen dela” adierazteko.