Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Otsailak 5

Unai Hualdek Alboan GKEko ordezkariak hartu ditu

Ganberak joan den legegintzaldian abiatutako lankidetzaren ildoari jarraipena emateko konpromisoa duela adierazi du lehendakariak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Alboan GKEko ordezkari talde bat hartu du gaur Ganberaren egoitzan, honako hauek osatua: Mª del Mar Magallón, Alboaneko zuzendaria, Javier Andueza, Alboaneko Nafarroako arduraduna, eta Ani Urretavizcaya, Elkartasuna Sustatzeko Hezkuntzako arduraduna Nafarroan.

 

Mª del Mar Magallónek azaldu duenez, “antolakundeak egiten duen lana eta bere jarduketa ildoak” nahiz Parlamentuaren babesarekin garatzen dituzten proiektuak izan dira bilerako aztergai nagusiak.

 

“Parlamentuak rol erabakigarria dauka gure kausa eta ekimenei ahotsa emateko eta herritar arduratsuak lortzeko. Hori dela eta, ezinbestekotzat dugu lankidetza harreman estua izatea”, adierazi du Magallónek.

 

Hala, erakundearen ordezkariek “Mugetatik haratago – Más allá de las fronteras” hezkuntza proiektuaren berri eman dute. Nafarroako botere legegilearekin garatzen dute, “2019ko garapenerako hezkuntzako proiektuen deialdiaren bitartez”. Proiektu horren baitan, ikasleek Parlamentura bisita egin zuten, “Stand by – Más allá de las fronteras” erakusketa prestatu zen, eta parlamentariei zuzendutako Iván Benítez fotokazetariaren bisita gidatua egin zen.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Nafarroako Parlamentuak “Mugetatik haratago – Más allá de las fronteras” hezkuntza proiektuaren bidez zein beste balizko edozein ekimenen bidez duela zenbait urte abiatu zen lankidetza bideari jarraipena emateko” duen konpromisoaren berri eman du, “guztion ongizatea sustatuko duen kultura eraikitzeko helburuz”.

 

Alboan Euskadiko eta Nafarroako Jesuiten nazioarteko lankidetzako GKE bat da. Munduan desberdintasuna eragiten duten bidegabekeriak salatuko dituzten, guztion ongizatea sustatzeko kultura eraikiko duen eta tokian-tokian nahiz globalki pobrezia eratzen duten egiturak eraldatuko dituzten herritarrak lortzeko lan egiten du. Honako hauek ditu ardatz nagusiak: Kalitatezko hezkuntza, garapen ekonomiko-produktibo jasangarri eta bidezkoa, errepikatzen diren krisietarako ekintza humanitarioa, eta baztertutako pertsonen aldeko demokrazia.