Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Ekainak 26

Unai Hualdek Argentinako nafar etxeetako gazte talde bati harrera egin dio

Atzerrian bizi diren nafarrek Foru Komunitatearekiko lotura indartzeko estrategia instituzionalaren parte da bisita

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Argentinako nafar etxeetako gazte talde bati harrera ofiziala egin dio. Atzerrian bizi diren herritarrekin komunikazioa, loturak eta harremanak indartzeko martxan jarritako estrategia instituzionalaren parte da Foru Komunitatera egin duten bisita.

 

Unai Hualdek areto instituzionalean egin dio harrera Argentinako ordezkaritzari, eta Nafarroako Parlamentuaren eginkizunak eta XI. legegintzaldiko Ganberaren eraketa ekarri duen hauteskunde-prozesuari buruzko azalpenak eman dizkie.

 

Buenos Aires, Mendoza, Rosario eta Bolívarretik etorritako gazteek azalpenak eskertu eta Parlamentuaren ordezkaritzari buruzko hainbat gairen inguruan galderak egin dituzte, eta hainbat hiri eta herri bisitatuz Nafarroa eta bere erakundeak ezagutzeko izaten ari diren aukera balioetsi dute.

 

Argentinako gazteen bisita ahalbidetu duen II. Udako Eskola NEXT estrategiaren baitako programa bat da. Estrategia honen helburua Nafarroaren eta atzerrian bizi diren nafarren arteko komunikazioa eta lotura indartzea da, harremanak sendotu eta diasporaren joerak behatzeko Gobernuak abiatua.