Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Otsailak 13

Unai Hualdek ATA-Nafarroako Langile Autonomoen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Equiza hartu du

Elkarteak estrategia bat aurkeztu du autonomoen beharrizanei erantzuteko, eta laster Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordean aurkeztuko dute

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ATA-Nafarroako Langile Autonomoen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Equiza hartu du gaur bere bulegoan.

 

Elkarteak eskatuta egin den bileran, Juan Carlos Equizak lehendakariari azaldu dio zein den Nafarroan norberaren konturako langileen egoera: "kezkatuta gaude, foru-erkidegoak 596 autonomo galdu dituelako 2023an –2024ko urtarrilean soilik, 253–, eta kopuru osoa 47.000 langile baino txikiagoa delako, eta 2014az geroztik ez baitzen halakorik gertatzen".

 

"2024ko urtarrilean 253 autonomo galdu izanak berretsi egiten digu autonomo asko galtzeko arriskua dugula, non eta ez diren urgentziazko neurriak berehala hartzen.  Kostuak igo dira, baina ezin dugunez igoera hori bezeroen bizkar utzi bezerorik galdu nahi ez badugu, arrisku larrian dago negozio asko eta askoren biziraupena. Equizak adierazi duenez, "presio fiskala ere areagotu da, enpresa-kotizazioak igo dira, eta langileak euren kargura dauzkaten autonomoen lan-kostuek jasanezina egiten dute egoera".

 

Bileran, autonomoen beharrizanei erantzute aldera prestatu duten estrategia aurkeztu dio ATAren lehendakariak Hualderi, "hasieratik bertatik hasita: Zero Kuotaren ezarpena, eta 50 eurokoa ikasleentzat, emakume nafar ekintzaileendako laguntzak, hazkunderako neurriak, ekonomia berderako transformaziorako laguntzak eta berdintasuna lortzekoak areagotuta, edo belaunaldien arteko behar bezalako erreleboa erraztea". Horrez gain, dokumentuaren zutabe dira traba eta izapide burokratikoak kentzea, eta enpresaburu autonomoek Nafarroara ekarritako aberastasuna balioan jartzea.

 

Hartara, Equizak Parlamentuko Lehendakariari eskatu dio "talde parlamentarioekin hitz egin ahal izatea nafar autonomoen aldeko legegintza-proposamenak egokitu ahal izateko, Nafarroako Parlamentuan onesten diren ekimenak Nafarroako Foru Komunitateko autonomoen beharrizanak aldezteko izan daitezen".

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, berriz, Nafarroako autonomo ekintzaileen alde egite aldera eta autoenplegua sustatze aldera ATAk 2024rako egiten dituen proposamenak talde parlamentarioei helarazteko konpromisoa hartu du bere gain. Neurriok Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordearen lan-bilkura batean azalduko dituzte laster.

 

Halaber, Hualdek adierazi du Legebiltzarra prest dagoela ATArekin batera aztertzeko etorkizunean zer egin daitekeen ekintzailetzaren kultura erakundeetan ikusarazteko.