Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urtarrilak 20

Unai Hualdek bilera egin du N-121-A errepideko trafiko-istripu batean hildako bi gazteen senitartekoekin eta eskualdeko alkateekin

Lan-bilera bat egiteko asmoa dago, istripu-tasa murrizteko neurri urgenteak aztertzeari ekite aldera, zein ere diren epe luzerako balizko soluzioak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Mikel Manzano eta Xabier Tabernaren senitartekoei. Bi gazte horiek hilik gertatu ziren hilaren 11n N-121-A errepidean, Olague parean. Senitartekoei lagun egiten, eskualdeko alkateak eta udaletako ordezkariak etorri dira.

 

Bileran mahaigaineratu da errepide horretako istripu-tasa murrizteko neurri urgenteak hartzeko premia, zein ere diren epe luzerako har litezkeen soluzioak, autobia nahiz 2+1 modukoak.

 

Horretarako, Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarreko talde parlamentarioekiko kontaktua bideratu du, lan-bilera bat lehenbailehen tramitatzearren, egokien jotzen diren ekimenak proposatu eta aztertzekoa.

 

Iantziko alkate Juan Carlos Unanuak eskertu egin du Parlamentuko Lehendakariaren jarrera aproposa, eta azpimarratu du "odol-jario honi luzamendurik gabe erremedioa jartzeko" premia. "Gehiago itxaroterik ametitzen ez duen problema sozial baten aurrean gaude".

 

Bilkura Parlamentuaren egoitzako "Julia Álvarez" aretoan egin da, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Ezkabarte eta Doneztebeko alkateek, bai eta Baztan eta Anueko zenbait udal-arduradunek ere.

 

Mikel Manzano eta Xabier Taberna, Donostiako eta Igantziko (Nafarroa) 21 eta 19 urteko bizilagunak hurrenez hurren, Olagueko saihesbidean hilaren 11n gertaturiko trafiko-istripu batean hil ziren.