Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Azaroak 27

Unai Hualdek digitalizazioaren eta irakasleen ahaleginaren aldeko apustua egiten du, giltzarriak direlakoan pandemiak nafar hezkuntza-sisteman izandako eraginari aurre egiteko

Parlamentuko lehendakariak parte hartu du "Hezkuntzaren erronkak testuinguru soziosanitario berrian" gaiari buruz NUPekin batera antolaturiko jardunaldiaren irekieran.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen burutzapean egin da gaur, NUPen, Hezkuntzaren erronkak testuinguru sanitario eta sozial berrian gaiari buruzko jardunaldiaren irekiera-ekitaldia, pandemiaren ondorioek ekarritako erronkei buruzkoa, zeinetan irakaskuntza-sektoreko zenbait alorretako ordezkariak bildu baitira.

 

Hasiera emateko mintzaldian, Unai Hualdek nabarmendu du Nafarroako Parlamentuak jardun parlamentario mardula egin duela joan den martxoaz geroztik, irakaslanari eusteko ahaleginak koronabirusarengatik pairatu duen eraginari dagokionez.

 

"Inor ez zegoen prestaturik orain daukaguna bezalako krisi soziosanitario bat bizitzeko; hezkuntza-sistema ere ez. Hala eta guztiz ere, bai digitalizazioaren aldeko apustua bai irakasleek konfinamenduan zehar egin duten ahalegin bereziarekin mamituriko esfortzuak ere lagungarri izan dira lehenagotik zetozen gabezia asko samurtzeko. Horretan zerikusia izan du, halaber, ikasleek teknologia berrien erabileran zeukaten prestakuntza onak".

 

Ildo horretan, lehendakariak azpimarratu du "nolako garrantzia duten lanabes teknologiko berriek, bizitzako alderdi ezberdinetan aplikatzean; besteak beste, administrazio publikoen alorrean, non trantsizio digitala politika publikoen erdigunean kokatu baita. Horren adibide dira, maila ezberdinetan, Nafarroa Suspertu Plana, España Puede estatu-programa edo Next Generation europar funtsak", adierazi du Hualdek.

 

Horrela, telelanaren finkapenaz ohartarazi eta epidemia-egoera berrian hezkuntzak aurre egin beharreko erronkei buruz Parlamentuak duen kezka berretsi ondoren, Hualdek dei egin du irakaskuntzari aplikaturiko lanabes teknologiko berrien erabileran sakontzera; batez ere, unibertsitatez bestelako mailetan, haiexetan azaleratu baitira problemarik gehienak.

 

"Daukaten baliagarritasun sozial handiagatik, eskertu egiten ditugu hizlari guztien ekarpenak, NUPen eta Nafarroako Parlamentuaren artean hitzarturiko jardunaldi honetara Comunitas Institutuak deitu ondoren eginak. Espero dugu Legebiltzarrean aurki heldu ahal izatea berriro ere tankera honetako topaketei".

 

Programa