Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Azaroak 15

Unai Hualdek Fabaren Erregearen Elkarteko ordezkariei harrera egin die

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Fran Sagastibeltza, Fernando Hualde eta Patxi Pérez hartu ditu gaur bere bulegoan, Fabaren Erregearen Elkarteko ordezkariak. Muthiko Alaiak elkarteari lotutako erakundea da, Fabaren Errege/Erregina izeneko jaia antolatzen duena.

 

Azaldu dutenez, bilkuraren helburua Fabaren Erregea/Erregina jaiarekin zerikusia duten ekitaldi guztien antolaketan 2008az geroztik elkarteak egiten duen lana ezagutaraztea izan da. 1932tik Festaren antolatzaileak izan diren Muthiko Alaiak eta bere talde ezberdinen (dantzak, fanfarrea, abesbatza...) laguntza izan ohi dute festa antolatzeko.

 

Zentzu horretan, ospakizunaren izaera ibiltaria gogoratu ondoren, elkarteak instituzioen laguntza eskatzen du festa "berezi" hau "hustutako Nafarroako" herrietara eraman ahal izateko. "Muga ekonomikoak direla eta jaia antolatu ezin duten herri txikietara iritsi nahi dugu, eta horretarako erakundeek ekonomikoki laguntzea behar dugu".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, konpromisoa hartu du elkarteak emandako informazioa Parlamentuko Kultura Batzordeko ordezkariei helarazteko. Lan-bilkura bat egiteko aukera mahai gaineratu die, jaiaren bilakaera, egungo egoera eta etorkizunerako aukerak zehatzago aurkezteko.

 

Fabaren Errege-erregina egun batez haur bat errege edo erregina moduan koroatzeko nafar ohitura eta ospakizuna da. Nafarroako Errege Gorteko antzinako instituzio bat izan zen. Epifaniaren egunean, ume txiro bat koroatzen zuten, eta errege-erreginek errege balitz bezala tratatzen zuten. Gorteak nahiz herriak ospatzen zuen festa honen jatorria Xanpaina Etxearen garaikoa da.

 

1963ra arte jaia Iruñeko hainbat lekutan ospatu zen, baina urte horretan jaia kalera ateratzea erabaki zen, modu ibiltarian, bere ibilbideari Erriberrin hasiera emanez. Ordutik, urtero, Nafarroako herri desberdinetan birsortzen da egun batean Nafarroako Erresuma izan zenaren erritual hori.