Unai Hualdek Foro Sozialaren ordezkaritza batekin bilkura egin du
Nafarroan bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari buruzko txostenaren ondorioak ezagutu ditu lehendakariak
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Foro Sozialaren ordezkaritza bat hartu du gaur Legebiltzarraren egoitzan. Ordezkaritza hori Jose Luis Urizek, Expe Iriartek, Fernando Armendarizek eta Agus Hernanek osatu dute.
Foro Sozialeko kideek adierazi dutenez, bileraren helburua Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan. Aukerak eta zailtasunak izeneko txostena aurkeztea izan da, Hitzorduak jardunaldien ondorio nagusiak biltzen dituena. Jardunaldiok Nafarroako gizarte zibilaren erreferentziazko ahotsak biltzera bideratuta daude, bizikidetza demokratikoa sustatzeko errail zentrala elikatuz, irabazle-galtzaileen logiketan dauden sektoreen aurrean.
Era berean, plataforma sozialaren ordezkariek 2022rako ezarri dituzten lehentasunezko lan-ildoak aurkeztu dizkiote lehendakariari, “hiru korapilotan identifikatuak: biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea; salbuespeneko espetxe politikaren amaiera eta politika arrunt baten aplikazioa; eta memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea”. Gaineratu dutenez, “hiru korapilo horiek askatzeak bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari ekiteko oinarriak bultzatzeko aukera emango du”.
Ildo horretan, Foro Sozialeko kideek talde parlamentario guztiei zuzendutako eskaera bat helarazi diote Hualderi, “aukera honetaz baliatu daitezela elkarrizketarako agertoki berri hau Nafarroako gizarte zibilarekin batera ko-eraikitzeko. Nafarroako gizarte zibilaren gehiengoak elkarrizketaren alde egiten du, arazoak konpontzeko tresna bakar gisa eta bizikidetza demokratikoaren berme gisa”.
“Ziur gaude Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiak bat datozela bi helbururekin: gertatutakoa ez errepikatzeko oinarriak ezarri behar direla eta, horretarako, belaunaldi berriei bakearen kultura transmititu behar zaiela, elkarrizketa baita gatazkak konpontzeko tresna bakarra. Eta onartu behar dugu azken puntu honi dagokionez oso gaizki egiten ari garela. Berriro diogu, ez da asmatzen ari”.
Unai Hualdek, bere aldetik, Parlamentuko talde parlamentarioei txostena helarazteko konpromisoa hartu du, eta Legebiltzarrak azken urteotako lankidetzarekin jarraitzeko duena prestutasuna agertu du, indarkeriaren biktimen artean topaketak burutzeko, erakundeak biktima guztiekin duen konpromisoaren esparruan.
Foro Soziala gizarte plataforma bat da, honako helburu hau duena: “Bizikidetza demokratikoa eraikitzea, zeinak, biktimen arteko topaketa- eta aitortza-dinamikak sortuz, memoria kritiko inklusibo bat eratzeko aukera emanen duen, herrialdeko gehiengo sozial eta politikoarekin bat etorriko dena”.