Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2020ko oroitidazkia jaso du
Kontsulta organo gorenak 30 irizpen eman zituen, 2019an baino % 55 gutxiago, gehienak ondare-erantzukizunari eta administrazio-jarduketak berrikusteari buruzkoak
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren oroitidazkia jaso du gaur, Alfredo Irujo Kontseiluko buruaren eskutik. Era horretan bete egin da ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 21. artikulua, urteroko emate hori aurreikusten duena.
Aipatu oroitidazkian jasotzen denez 2020an zehar irizpena emateko 31 eskaera egon dira (2019an baino 25 gutxiago) eta Kontseiluak 30 irizpen eman ditu (aurreko urtean baino 14 gutxiago). 2021. urtea hasi denetik 23 irizpen eman dira, baina haietako lau 2020ko espedienteei dagozkie. Gainera, 25 gai sartu dira, aurreko ekitaldian data hauetan zirenak baino 1 gutxiago.
Nafarroako Kontseiluaren 2020ko aurrekontua 453.382 eurokoa izan zen; oroitidazkian zehazten denaren arabera, haietatik bakarrik 245.666,30 euro exekutatu ziren, batez ere, emandako irizpenak gutxiago izan direlako (kontsulten eskaera % 55 jaitsi da) eta Nafarroako Kontseiluak ez dielako azterlan eta lan teknikorik kanpoko adituei enkargatu. Gainera, 2010ean hasitako aurrezte-politika mantentzen da”.
30 irizpen horietatik 1 fakultatiboa izan da eta 29 nahitaezkoak. Gaiei dagokienez, 5 erregelamenduen ingurukoak izan dira, 10 Administrazioaren ondare-erantzukizunari buruzkoak, 9 administrazio-jarduketen berrikuspenari buruzkoak, 3 administrazio kontratuei buruzkoak eta gainerako biak bestelako gaiei buruzkoak. Irizpen bat Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren eskariz egin da, eta gainerako guztiak Nafarroako Gobernuaren bidez egin dira.
Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorena da. Bere irizpenek abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak eduki ditzakete, gaiaren izaeragatik edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatu duelako, eta, orobat, Administrazioak bere helburuak eraginkortasun handiagoz betetzeko bada.
Kontseilua bost kidek osatzen dute, zortzi urtetarako izendatzen dira eta ezin izanen dira berriz hautatuak izan. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurari dagokio kontseiluko kideak hautatzea, gehiengo osoz, eta honakoek proposatu ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak: Parlamentu-talde batek edo batzuek, Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.
Irujo 2016ko uztailaren 21ean jabetu zen karguaz, urte hartako ekainaren 2an onetsitako Foru Legeari jarraiki, organo honen “funtzionamendua, neutraltasun politikoa, inpartzialtasuna eta kualifikazio teknikoa hobetzeko” helburuarekin.