Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2023ko oroitidazkia jaso du
Erkidegoko organo aholku-emaile gorenak 39 irizpen jaulki zituen, 2022an baino hiru gutxiago; gehienak, erregelamendu-proiektuei eta kalteengatiko erreklamazioei buruzkoak
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2023ko oroitidazkia jaso du gaur, Kontseiluko jarduneko lehendakari Alfredo Irujoren eskutik. Ekitaldi horren bidez, bete egiten da ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 21. artikulua, urterokotasun hori ezartzen duena.
Oroitidazkiak dioenez, 2023an zehar 37 irizpen-eskaera egin zitzaizkion (2022an baino 10 gutxiago) Nafarroako Kontseiluari, eta organo aholku-emaile horrek 39 irizpen jaulki ditu (2022an baino 3 gutxiago). Horietatik bederatzik erantzuten zieten 2022an eginiko eskaerei, eta gainerako 30ek, berriz, 2023an zehar eginiko eskaerei.
2023an, Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua 472.715 eurokoa izan zen; oroitidazkian zehazten denaren arabera, haietatik exekutatuak 291.579,60 euro bakarrik izan ziren; izan ere, Alfredo Irujok esplikatu duenez, “ez da izan kanpoko adituei enkargaturiko azterlan eta lan teknikorik, eta 2010ean hasitako aurrezte-politikari eutsi egin zaio”.
Jaulkitako 39 irizpenak aukerakoak izan dira. Gaiei dagokienez, 21ek aztergai izan dituzte erregelamendu-proiektuak edo xedapen orokorretarako proiektuak; 10ek, kalte eta galerengatiko ordain-erreklamazioak; 3k, administrazio-egintzen ofiziozko berrikuspenak; 2k, administrazio-kontratuak; eta gainerako 3ek, bestelako gaiak. Guztiak Nafarroako Gobernuaren bitartez bideratu dira.
Nafarroako Kontseilua Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, eta zeregintzat du ordenamendu juridikoari men egiten zaiola zaintzea. Bere irizpenetan egokitasun-eta komenigarritasun-balorazioak egin ahalko ditu, gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo berariaz eskatzen duenean hori kontsultagile den agintariak; betiere xede harturik Administrazioak bere helburuak eraginkortasunik handienaz bete ditzan.
Nafarroako Kontseilua bost kidek osatzen dute, izen aitortua eta gutxienez ere hamabost urteko lanbide-esperientzia izan eta nafar izaera politikoa daukaten juristen artean Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuak, horretarako proposamena Nafarroako Parlamentuak eginda, eta gehiengo osoz aukeratuak. Honako hauek proposatu ahalko dituzte hautagaiak: a) talde parlamentario batek edo batzuek; b) Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak; c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.
Irujok 2016ko uztailaren 21ean hartu zuen bere karguaren jabetza, urte hartako ekainaren 2an Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeari jarraikiz, eta xede harturik "organo horren funtzionamendua hobetzea eta haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna bermatzea".
Haren kargualdia amaituta, joan den maiatzaren 16an Nafarroako Parlamentuak Ana Clara Villanueva, Rafael Lara eta Eduardo Santos hautatu zituen Nafarroako Kontseiluaren kide, ordeztu zitzaten Alfredo Irujo, José Iruretagoyena eta María Ángeles Igúsquiza.