Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Ekainak 10

Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2025eko oroitidazkia jaso du

Erkidegoko organo aholku-emaile gorenak 46 irizpen jaulki zituen, 2024an baino 17 gehiago; gehienak, erregelamendu-proiektuei eta administrazio-egintzen ofiziozko berrikuspenei buruzkoak

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroako Kontseiluaren 2025eko oroitidazkia jaso du gaur Ana Clara Villanueva lehendakariaren eskutik.

 

Nafarroako Kontseiluaren oroitidazkia Nafarroako Parlamentuan sartuta, bete egiten da ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 21. artikulua, urterokotasun hori ezartzen duena.

 

Foru Komunitateko kontsulta organo gorenaren oroitidazkiak jasotzen duenez, 2025ean 51 irizpen-eskaera jaso ditu, eta 46 irizpen jaulki dira (2024an baino 22 gehiago). Horietatik 2k erantzuten zieten 2024an eginiko eskaerei, eta gainerako 44ek, berriz, 2025ean zehar eginiko eskaerei.

 

Nafarroako Kontseiluak 504.662,00 euroko aurrekontua izan zuen 2025ean, eta memorian zehazten denez, horietatik 350.984,42 euro baino ez zituen egikaritu.

 

Jaulkitako 46 irizpenetatik 43 aginduzkoak izan dira eta 3 fakultatiboak. Gaiei dagokienez, 13k aztergai izan dituzte erregelamendu-proiektuak edo xedapen orokorretarako proiektuak; 6k, kalte eta galerengatiko ordain-erreklamazioak; 15ek, administrazio-egintzen ofiziozko berrikuspenak; 7k administrazio-kontratuen interpretazioak, deuseztapenak eta ebazpenak; 1ek berrikusteko administrazio-errekurtso berezi bat eta beste batek oinarrizko legedia garatzeko edo Europako erkidegoko zuzenbidearen transposizioa egiteko aurreproiektuak; 2 kontsulta fakultatibo egin ditu Nafarroako Parlamentuak lege proposamenei buruz eta azkena Gobernuaren kontsulta bat izan da toki-erakunde batek onetsitako xedapen orokor bati buruzkoa.

 

Bileran, Hualdek eta Villanuevak erakundearen lanari buruzko iritziak trukatu dituzte. Lan horren ardatza zorroztasun juridiko, substantibo eta formala da, segurtasun juridikoaren berme gisa eta, batez ere, administrazio onaren printzipioa betetzearen berme gisa.

 

Zentzu horretan, Unai Hualdek eskerrak eman dizkio Ana Clara Villanuevari Ganberaren izenean Nafarroako Kontseiluaren zuzendaritzan egindako lanagatik, izendapenaren ondorengo lehen kudeaketa urte honetan.

 

Bestalde, Ana Clara Villanuevak azpimarratu du 2025. urtean antolaketa eta funtzionamendurako araudi berri bat onartu dela, web orria eguneratu dela herritarrengana hurbiltzeko asmoz eta erakundearen irudi korporatiboa Foru Erkidegoko errealitate linguistikora egokitu dela, gaztelania eta euskara txertatuz. Gainera, pozik agertu da XXV. urteurrena ospatzeko ekitaldiak izan zuen harrerarekin. Foru Komunitateko erakunde eta eragile juridiko guztien eskura jarri da argitalpena.

 

Nafarroako Kontseilua Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, eta zeregintzat du ordenamendu juridikoari men egiten zaiola zaintzea. Bere irizpenetan egokitasun-eta komenigarritasun-balorazioak egin ahalko ditu, gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo berariaz eskatzen duenean hori kontsultagile den agintariak; betiere xede harturik Administrazioak bere helburuak eraginkortasunik handienaz bete ditzan.

 

Bost kide ditu, zortzi urteko agintaldi ez luzagarria dutenak, eta haiek berriz hautatzeko beste agintaldi bat baizik ez dago. Hautatuak izateko, Parlamentuaren gehiengo osoaren boto jaso behar dute. Aurreikusten denez, bai NUPeko Gobernu Kontseiluak bai Abokatuen Elkargoak eta talde parlamentario batek edo gehiagok dute hautagaiak aurkezteko aukera.

 

Ana Clara Villanuevak  2025eko maiatzaren 12an hartu zuen bere karguaren jabetza, urte hartako ekainaren 2an Parlamentuak onetsitako foru legeari jarraikiz, eta xede harturik "organo horren funtzionamendua hobetzea eta haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna bermatzea".

 

Aurretik, Villanueva Nafarroako Parlamentuak izendatu zuen 2024ko maiatzaren 16an, organo aholku-emaile nagusiko kide gisa.