Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Maiatzak 24

Unai Hualdek Nafarroako Parlamentuaren Jokabide-kodearen proposamen-zirriborroa aurkeztu du

Lehendakariak Erregelamendu berrian oinarritutako eta jarduera instituzional etikoagoa sustatzea helburu duen mandatu honen oinarria izanen den testua erregistratu eta taldeei helarazi die

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Parlamentuaren Jokabide-kodearen proposamen-zirriborroa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Proposamena Erregelamendu Batzordeak aztertuko du datozen asteetan, Erregelamenduaren 26.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, jarduera instituzional etikoago baten alde egiteko.

 

Ganberako zerbitzu juridikoek Migrazio Politiketako Departamentuaren laguntza izan dute arau hauek osatzeko. Departamentu honi dagokio arrazakeria eta xenofobiaren arloko orientazioa, 13/2023 Foru Legean xedatutakoaren arabera. Lege horren 9. Artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuak zainduko du administrazio korporatiboek, enpresa-erakundeek, sindikatuek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, partzuergoek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten era guztietako entitateek arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako neurri espezifikoak edo protokoloak izatea.

 

Testuinguru horretan, Unai Hualdek azpimarratu du Jokabide-kodeak "karguari datxezkion interes-gatazkak, bateraezintasunak, betebeharrak eta diziplina-printzipioak arautzeko" beharrari erantzuten diola, eta helburu hori ez dela berritzailea izan inondik ere, Europako Parlamentuan, Gorte Nagusietan, Kataluniako Parlamentuan edo Kanarietako Batzarrean indarrean dauden arauak izan dituela erreferentzia gisa.

 

Gardentasuna sustatu eta kontu-ematea hobetzeko ahaleginean murgildu ondoren, eta ordenaren, kortesiaren eta diziplina parlamentarioaren ikuspegia aintzat hartuta, presidenteak harridura adierazi du talde eta eledun batzuen erreakzioagatik, Legebiltzarraren “enkargu zorrotz bati erantzuten dion ekimen baten jatorriarekin zerikusirik ez dutenak”.

 

"Ez da inoren aurkako testu bat, aurreko legealdian garatutako Ponentziaren azterketa eta hausnarketaren ondoriozko agindua baizik, eta Erregelamendu berria gehiengo zabal batek onartu zuen. Jokabide-kodeak demokraziaren kontzeptuan sakontzea du helburu, garai berrietara egokitzeaz gain, inoiz baino beharrezkoagoa baita azken hilabeteetan izandako gertakari batzuk ikusita. Ekaineko lehen astean zehazten hastea espero dut. Proposamena erregistratuta dago eta Batzordeko talde guztien eledunei helarazi zaie", adierazi du Unai Hualdek.

 

Jokabide-kodeak hitzaurre bat, 16 artikulu eta 3 xedapen gehigarri ditu, eta zehapen-araubide bat jasotzen du. Araubide horrek, arau-hausteen tipifikazioaren arabera, portaera-desbideratzeak honela zigortzen ditu: ohartarazpenak, 600 eurotik 12.000 eurora arteko isunak (parlamentarien asignazio ekonomikoaren %30eko murrizketa gehienez) eta ordezkaritza-funtzioa aldi baterako etetea.

 

Jokabide-kodearen aplikazioa Mahaiaren esku geratzen da, eta Mahaiak egiaztapen-prozedura bat hasi ahal izango du, nahikoa arrazoi edo zantzu egonez gero, gertakariak txosten arrazoitu baten bidez egiaztatzeko. Ganberaren gobernu-organoa arduratuko da, halaber, dekalogo horren aplikazioari eta interpretazioari buruz sortzen diren gai guztiak argitzeaz. Horretarako, zalantza- eta galdera-bide bat ezarriko da.

 

Aldi berean, salaketa-bide bat ezartzea planteatzen da, irregulartasunak edo jardunbide txarrak salatzen dituzten pertsonen anonimotasuna eta babesa bermatuko lituzkeena.

 

Indarrean dagoen Erregelamenduaren 26.2 artikuluak honela dio:

 

Erregelamendu Batzordearen eginkizuna izanen da jokabide-kode bat onestea. Jokabide-kode horrek arautu beharko ditu, gutxienez, interesak, bateraezintasun araubidetik eta jarduera eta ondasun aitorpen-agirietatik eratorritako eginbeharrak betetzea eta urraketa kasuetarako prozedura eta ondorioak.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoPropuesta Código de Conducta