Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 29

Unibertsitateko Batzordeak 2021-2025 aldirako Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi du

I+G+b arloko plangintza eta koordinaziorako funtsezko tresna da, eta eztabaidatutako 46 erabaki-proposamenetatik 8 gehitu zaizkio

Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2021-2025 onetsi du gaur. Gobernuak bidalitako testua da, eta eztabaidatutako 46 erabaki-proposamenetatik (6 in voce) 8 gehitu zaizkio, horietako bost talde gehiengodunak eskatuta.

 

2021-2025 aldirako Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak Nafarroako Parlamentuaren agindu bati erantzuten dio. Agindu hori 2018ko ekainaren 21ean onetsitako Zientzia eta Teknologiari buruzko Foru Legean txertatuta dago, eta haren helburu nagusia I+G+b arloko plangintza eta koordinaziorako funtsezko tresna izatea da.

 

Batzordean egindako eztabaidan, 46 erabaki-proposamen eztabaidatu dira (6 in voce), eta horietatik 8 onetsi dira: 5 Navarra Sumarenak; 1 Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek batera sinatua; eta 2 EH Bildurenak.

 

ONETSITAKO erabakien zerrenda

 

Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek aurkeztua:

 

1.- Planean neurri hauek sartzea:

Neurrietan berdintasun-indizeak dituzten ekimenak lehenestea, I+G+b arloko politika publikoetan ondasunak eta zerbitzuak banatzeari dagokionez, bai eta emaitzak industriara ez ezik, herritarren beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko politika publikoetara eta gizarte-ongizateko maila hobeak lortzera transferitzea barne hartzen dutenak ere.

Teknologia irekien erabilera sustatzea. Hau da, teknologia eskuragarriak eta erabiltzeko errazak; ulergarriak, diseinu nabarikoak eta gardenak. Horrela, ezagutzaren kudeaketa eta aplikazioa demokratizatzen dira, eta errazten da biztanleria jakitunaren parte-hartzea eduki zientifikoak dituzten gizarte-eztabaidetan.

 

Onetsi da, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin.

 

Navarra Sumak aurkeztutako erabakiak:

 

1.- 30. orrialdean (Berdintasuna), laguntza publikoetako eta kontratazioko genero-irizpideei dagokienez, honako hau gehitzea: “Bat etorri behar dute berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioekin, balizko onuradunei kalterik ez sortzeko”.

 

Onetsi da, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin.

 

2.- 36. orrialdean (M1- SINAI eragileei atxikitako ikertzaile seniorren kontratazioa) honako hau gehitzea: “Plana indarrean dagoen bitartean, urteko zuzkidura ekonomikoa gutxienez % 10 handitzeko konpromisoa”.

 

Onetsi da, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin.

 

3.- 42. orrialdean, 6.6 atalean (SINAI eragileen eta enpresa-sarearen arteko lotura handitzeko 4. erronkari lotutako neurriak), seigarren paragrafoari honako hau gehitzea: “Jarduera berritzaileak egiten dituzten enpresen eta ikerketa zentroen arteko lankidetza sustatzeko neurriak ezarri behar dira”.

 

Onetsi da, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin.

 

4.- 58. orrialdean, Gobernantza atalean, Departamentuarteko Batzordeari dagokionez, lehenengo esaldiaren ordez hau jartzea proposatzen da: “Nafarroako Gobernuak I+G+b arloan duen departamentuak gidatuko du Departamentuarteko Batzordea”.

 

Aho batez onetsi da.

 

5.- 59. orrialdean, 7.2 atalean (Eredua eta printzipioak), 3. puntuan (Gardentasunerako, etengabeko hobekuntzarako eta kontuak emateko konpromisoa plana gauzatzean), honako hau gehitzea proposatzen da: "I+G+b gaietan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko titularra urtero agertuko da Nafarroako Parlamentuan, dagokion batzordean, planaren garapenari eta gauzatzeari buruzko informazioa emateko, eta txostena aurkeztuko du, departamentuko batzordeak egina".

 

Onetsi da, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin.

 

EH Bilduk aurkeztutako erabakiak:

 

1.- 7. puntuan (GOBERNANTZA), paragrafo berri bat gehitzen zaio

DEPARTAMENTUARTEKO BATZORDEA atalari; honela geratuko litzateke idatzita: DEPARTAMENTUARTEKO BATZORDEA.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak gidatuko du Departamentuarteko Batzordea. Beren eskumenetan berrikuntza lotuta duten departamentuetako kontseilariak ere batzorde horretako kide izanen dira, eta berrikuntza gisa hartuko da balioa (ez soilik ekonomikoa) sortzen duten eta ezagutzan (ez soilik teknologikoan) oinarrituta dauden aldaketa guztiak (ez soilik ekonomikoak). Haren eginkizuna izanen da I+G+b arloko politikak ezartzea, lankidetzako akordioak sustatzea eta esparru juridikoak eraikitzea, NZTBP plana hedatzea ahalbidetzeko.

Departamentuarteko Batzordeak urtero txosten bat igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, NZTBP planaren gauzatze-mailari eta egindako jarduketei buruz, bai eta adierazleen betetze-mailaren eta horien berrikuspenaren azterketa ere.

 

Onetsi da, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin.

 

2.- 8.2 puntuan (NAFARROAKO BERRIKUNTZAREN BEHATOKIA), aldatu egiten da HEDAPENA ETA BILAKAERA ataleko “Mantentzea eta bilakaera. 2022ko 4. hiruhilekoa” puntua. Honela idatzita geratuko litzateke:

- 2022ko 4. hiruhilekoko mantentzea eta bilakaera

o Txostenak eta azterlanak egitea

o Koordinazioa talde teknikoarekin

o Koordinazioa sareekin

o Edukiak mantentzea eta hobetzea. Horien artean, Behatokiak proposatuko du adierazleak sartzea, Nafarroako Parlamentuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi eta urtebeteko epean, erkidegoko gizarte-berrikuntzaren egoera monitorizatzeko.

 

Onetsi da, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin.