Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 9

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordea Orreagara joan da bisitan

Banda zabala iritsi ondoren kalitate handiko konektibitate-zerbitzuek izandako hobekuntza egiaztatzeko

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordea Orreagara joan da bisitan gaur. Bertan, abenduaz geroztik, Interneterako banda zabalerako sarbidea dute, Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako proiektu baten bidez.

 

Batzordeko honako kide hauek izan dira bisitan: Ángel Ansa (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), María Solana (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

Parlamentuaren ordezkariekin bildu dira Orreagako alkate Luis Echeverría eta Orreagako Kolegiatako priore Bibiano Esparza.

 

PSNk eskatuta egin den bisitaren xedea zen “bertatik bertara ezagutzea kalitate handiko konektibitate-zerbitzuek herritarren eguneroko bizitzan izandako hobekuntzak, zuntza hara ailegatu delarik (zuntzaren trazadura Auriztik abiatzen da, errepidearen bazter batean egindako mikrozanga baten bidez)”.

 

Jarraian, bilera egin dute. Herriko alkateak digitalizazioak ekarri dituen aurrerabideak azaldu ditu, “are gehiago aurten, Donejakue Urtea baita, hitzordu garrantzitsua Donejakue Bidearentzt, milaka erromes erakartzen dituena, nahiz eta COVID-19aren pandemiak nabarmen murriztuko dituen aurreikusitako erromes-kopurua”.

 

Alkateak adierazi duenez, “Orreagako biztanleen eguneroko bizitza errazteaz gain”, konektibitatea abantaila handia da ostalaritza-kudeaketari begira (erreserbak, kontsultak eta abar), bai eta herrira bisitan datozen milaka turista eta erromesentzat ere.

 

Kolegiatako priore Bibiano Esparzak azpimarratu du (kolegiata izan da herrian zuntz optiko bidez konektatu den lehendabiziko gunea) konektibitatea inportantea dela Donejakue Bideko enklabe garrantzitsu honentzat, ostalaritzatik bizi baita eta 70 lanpostu sortu baititu (jende gehien etortzen den sasoietan, 80).

 

Nasertic enpresa publikoak eraman du zuntza Auriztik –non Nafarroako Gobernuaren zuntz-irteera bat baitzegoen– Orreagara, Banda Zabalaren 2. Planaren baitan. Banda zabaleko tutu hirukoitzeko bi kilometroko linea bat da, Güifinet operadorearen azken lana erraztu duena. Lanak iragan abenduaren 19an bukatu ziren.

 

Amaitzeko, parlamentari guztiak bat etorri dira esatean ezinbesteko urratsa izan dela “eten digitala desagerrarazteko, nafar guztiei aukera-berdintasuna eskaintzen dielako Interneterako sarbideari begira, bizilekua non ere duten, eta horrela despopulazioari aurre egiten zaio”.