Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Urriak 25

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Berrikuntza Digitalaren Poloaren etorkizuneko egoitzaren obrak bisitatu ditu Sarion

Espezializazio teknologikoko zentro horrek lotura izan nahi du unibertsitatearen eta enpresa sarearen artean, sektore estrategikoetako lehiakortasuna hobetzeko

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloaren etorkizuneko egoitza egokitzeko obrak bisitatu ditu gaur. Lokalak Sarion izanen dira eta Adimen Artifizialaren Nafarroako Zentroa (NAIR Center) eta Nasertic enpresa publikoa (Poloa kudeatuko duena) ere egonen dira bertan. Bulego horietan ere izan dira Parlamentuko ordezkariak.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Cristina López, Ángel Ansa, Isabel Olave (Navarra Suma), Kevin Lucero (PSN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Batzordeari harrera egin diote Naserticeko Informazioaren eta Digitalizazioaren Teknologietako zuzendari Ernesto Ruiz de Galarretak, Medikuntza Pertsonalizatuko eta laborategietako zuzendari Gonzalo R. Ordóñez, NAIR Centereko zuzendari kudeatzaile Gorka García Roderok, Zientziako zuzendari Marisol Gómez Fernandezek, Berrikuntzako eta Transferentzia Teknologikoko arduradun Ángela Bernardini Gaglianik, NUPko errektoreorde Franscico Javier Arregik eta NUPko kudeatzaile Joaquín Romerok.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Vox talde parlamentarioek eskatuta egin da, eta xedetzat izan du espezializazio teknologikoko zentroaren etorkizuneko kokalekua in situ ezagutzea; izan ere, unibertsitatearen eta enpresen arteko lotura izan nahi du eta berrikuntza, digitalizazioa eta lehiakortasuna optimizatu nahi ditu sektore estrategikoetan, hala nola zibersegurtasunean, adimen artifizialean eta medikuntza pertsonalizatuan.

 

Jarraian, parlamentariak Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloa izanen denaren askotariko instalazioetan zehar ibili dira. Ekosistema publiko-pribatua da IRIS, zeinaren parte diren berrikuntzaren esparruko Nafarroako 40 eragilerik esanguratsuenak, eta denak daude Nafarroako Gobernuak lideratutako espezializazio adimendunaren estrategiaren zerbitzura. Amaierako helburua da berrikuntza digitaleko proiektuak gauzatzea, bai enpresenak, bai administrazio publikoenak, bai herritarrenak orokorrean.

 

Berrikuntza Digitaleko Poloko eragile guztiek baterako hausnarketa egin dute “leiho berezi” horretatik talentua sustatu ahal izateko beharrezko ekipamendua eta estrategia sortzeko, guztiek baitute Nafarroa alorreko lurralde aitzindari gisa kokatzeko desira berbera.

 

Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitaleko Poloa Sario eraikineko (NUP) laugarren solairuan dago kokatuta. 1.282 metro koadroko azalera erabilgarria du eta biologia molekularreko eta sintetikoko laborategiak ditu, besteak beste, bai eta ekoizpen birtualekoak (eszenografiak) eta digitalekoak ere, eta 225 metro koadroko espazio bat ere bai, non coworkingeko 50 lanpostu, bileretarako lau gela eta erabilera anitzeko areto bat dauden.

 

Aldez aurretik, Parlamentuko ordezkariak Nasertic enpresaren eta Adimen Artifizialaren Nafarroako Zentroaren (NAIR Center) egungo lokaletan izan dira.

 

Nasertic Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikita dago (horren erantzukizunen artean daude gardentasuna, gobernu irekia, azterlan estrategikoak eta politika publikoak ebaluatzea) eta “garapen digital jasangarrirako proiektu estrategikoak sortzen” dituen entitate publikoa da (CPEN). Naserticen arduradunek azaldu dutenez, “telekomunikazioetako azpiegituren eta informazio sistemen nahiz sektore gakoetan teknologiari lotutako zerbitzuen kudeaketa integrala egitetik abiatzen da. Nafarroa berrikuntzako eta teknologiaren abangoardiako eragile nabarmenen artean kokatzen laguntzen dugu”.

 

NAIR- Center delakoan, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak hurbiletik bizi izan ditu erakundearen berezitasunak; izan ere, adimen artifiziala koordinatzeaz gain, harremanetan jartzen ditu zentro teknologikoen ikerketa aplikatua eta unibertsitateetako ikerketa oinarrizkoa.

 

Gorka Garcíak azaldu duenez, Adimen Artifizialaren Nafarroako Ikerketa Zentroan “adimen artifizialaren inguruko oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua bermatzen dira, zeharkakoa eta bikaina, aukera emanen duena enpresa ehunaren eta administrazio publikoen eraldaketa eta garapen digitaleko prozesua azeleratzeko, Nafarroako herritarrak onuradun zuzenak izan daitezen”.

 

Hori horrela, NAIR Centeren zuzendari kudeatzaileak aurreratu duenez, “Nafarroako IRIS Berrikuntza Digitalaren Poloarekin dugun loturari esker, enpresen beharrekin lerrokatuta gaude laneko lau ildoren bitartez: Datuen fusio adimenduna, Ikasketa adimenduna, IA disruptiboa eta IA gizartean”.

 

Mintzatzeko izan duten txandan UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta beharrezko informazioa bildu dute kasua bada bidezkoak diren ekimenak abian jartzeko.