Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 30

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Nafarroako Gobernuaren datu-babeserako bi zentroak bisitatu ditu

Datuen tratamenduaren inguruko babes neurriak ezagutu dituzte, baita datu-babeserako bigarren zentro bat sortzea eragin duten segurtasun eta eraginkortasun arrazoiak ere

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak Nafarroako Gobernuaren datu-babeserako bi zentroak (DBZ) bisitatu ditu gaur. Zentro horietan aplikazio korporatiboetarako sarbidea ematen zaie eta datuak jakinarazteko, biltegiratzeko eta prozesatzeko zerbitzuak egiten zaizkie Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Pedro GonFran Hidalgo zález (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Guzmán Garmendia Eraldaketa Digitaleko zuzendari nagusiak, Iñaki Pinillos Naserticeko zuzendari kudeatzaileak, Jesús Izal Naserticeko Informatikako eta Telekomunikazioetako zuzendariak, Carlos López Naserticeko Finantzetako eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak, Mainframe Arloko buruak, eta Toya Bernad Naserticeko Komunikazio eta Zerbitzuetako zuzendariak.

 

Navarra Sumak eskaturik egin da bisita hori, eta helburua izan da “Nafarroako Gobernuak 2015ean zehar bere informazio sistemei erabilgarritasun handia emateko asmoz diseinatu eta eraiki zuen bigarren datu-babeserako zentroaren ezaugarri eta funtzio nagusiak azaltzea".

 

Jarraian, parlamentariek ibilbidea egin dute Nafarroako Gobernuak bere premia guztiak kudeatzeko erabiltzen duen datu-prozesamenduko zentroaren (DPZ) egoitzan barrena, eta, Iñaki Pinillosen eskutik, datuen tratamendua eta zerbitzarien erabilgarritasuna inguratzen dituzten babes-neurriak ezagutu dituzte, bai eta “sistema informatikoen funtzionamendu egokia zaindu eta bermatzeko bigarren zentro bat ezartzea eragin duten segurtasun eta eraginkortasun arrazoiak” ere.

 

Horren harira, Naserticeko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu du datu-prozesamenduko bi zentro aldi berean lanean edukitzeak segurtasuna ematen duela. “Batek huts egiten badu, besteak jarraituko du beti bezala egiten Administrazioak herritarrei, enpresei eta bere langileei eskaintzen dizkien zerbitzuak. Hizpide ditugun azpiegituretan, datu-prozesamenduko zentroetan alegia, erakunde baten informazio sistemek prozesatutako informazio osoa maneiatzen, biltegiratzen eta banatzen duen ekipamendua kokatzen da. Nafarroako Gobernuarenak historia klinikoak, zerga informazioa, polizia espedienteak eta Hezkuntzako datuak tratatzen ditu, besteak beste”.

 

Ondoren Belosora jo dute datu-prozesamenduko bigarren zentroa ikustera, eta Iñaki Pinillosek bigarren ekipamendu hori diseinatzeko eta ezartzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu. Hiru urterako proiektua izan zen; lehen fasea 2015erako burutu zen, eta suebakia eta biltegiratze-kabina (gero bigarren DPZra aldatuko zena) bikoiztea ahalbidetu zuen.

 

Bigarren fasean nabe bat egokitu zen, eta han,1,28 milioiko inbertsioa eginda, bigarren datu-prozesamenduko zentroa errendimendu betean ari da 2017ko lehen seihilekotik. Haren diseinua modulukako edukiontzi aurrefabrikatuetan oinarrituta dago, eta exekuzio-epea bost hilabetera laburtzea ahalbidetu zuen (horrelako proiektuetan 18-36 hilabete bitarte behar izaten dira).

 

Horrek guztiak, Pinillosek zehaztu duenez, aukera eman du “instalazio informatikoen segurtasuna hobetzeko eta herritarrentzako zerbitzu kritikoak ematen jarraituko dela bermatzeko, datu-prozesamenduko zentro nagusian gorabehera edo arazo orokorren bat gertatuz gero”. Zentro nagusia Nafarroako Gobernuaren beso teknologikoa den Nasertic enpresa publikoan kokatuta dago.

 

Proiektua 2016an bukatu zen, zerbitzaria erosi, zerbitzuak bikoiztu eta datu-prozesamenduko bigarren zentroa lanean jarri zenean. Bigarren zentro horrek garrantzi handia izan zuen, zeren eta, gogorarazi denez, Nafarroa zen datu-prozesamenduko bigarren zentrorik gabeko autonomia-erkidego bakarra.

 

Azkenik, Iñaki Pinillosek segurtasunaren garrantzia nabarmendu du, eta esan du segurtasuna etenik gabeko prozesua dela, beti erne ibili behar baita, ziberrerasoei eta datuak lapurtzeko ahaleginei aurka egiteko prest. “Horrek guztiak etengabeko berrikuntzak eta inbertsioak eskatzen ditu, azpiegitura osagarriak kudeatu eta mantentzeaz gain erantzuna eman ahal izateko informazio sistemen inguruko edozein premiari”, esan du, amaitzeko.

 

Mintzatzeko beren txandan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, hala badagokio bidezkoak diren ekimenak abian jartzeko.