Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak NUPen campusa bisitatu du Tuteran
Parlamentariek zuzkidurak ezagutu dituzte eta bilera izan dute bertan irakasten diren bi graduetako arduradunekin; gradu horiek Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza dira
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak, talde parlamentario guztiek eskatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusa bisitatu du gaur. Campusa 2008an zabaldu zen, eta egun 450 ikasle eta 63 irakasle ditu.
Bertara joan dira honako parlamentari hauek: Ángel Ansa eta Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin Gonzalez (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egiteko egon dira Martin Larraza (NUPeko Ekonomia, Plangintza eta Estrategiako erretoreordea), Juan Ignacio Latorre (Campusaren Arloko zuzendaria), Ana Bays (Osasun Zientzien Fakultateko dekanordea, eta Fisioterapiako Graduaren arduraduna) eta José Ramón Alfaro (Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendariordea, eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako Graduaren arduraduna).
Bisitaren helburua izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoak Erriberako hiriburuan daukan campusaren prestakuntza-eskaintza ezagutzea, baita bertako instalazioak, funtzionamendua eta unibertsitate-proiekzioa ere.
Jarraian, bilera bat izan dute, eta bertan, Juan Ignacio Latorre Campusaren Arloko zuzendariak campusaren hezkuntza-proposamena azaldu du. Izan ere, campusak “instalazio modernoak eta kalitate handikoak ditu”, eta Fisioterapiako eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako graduak eskaintzen ditu.
Tuteran, gainera, Osasun Zientzietako eta Zientzia eta Teknologia Industrialetako doktoregoak ikas daitezke, eskaintzen diren titulu berekiez gain, hala nola Produktuaren Diseinua, Fisioterapia Pediatrikoa, Fisioterapia Inbasiboa, Kirol Lesioen Berregokitzapena eta Giza eta Gizarte Zientzien Diploma (Esperientzia Gela).
Erriberako hiriburuko campusaren berezitasunen artean, “irakasleen goi mailako kualifikazioa eta motibazio handia” nabarmentzen dira, bai eta “eskaintzen eta hautematen den tratu pertsonal eta familiarra” ere, campusa “prestakuntza jasotzeko leku bikaina” bihurtzen baitute. Gainera, 200 ikaslek baino gehiagok urtero praktikak egiten dituzte enpresetan eta ospitaleetan, “enplegagarritasun maila” handiarekin.
Martín Larraza Ekonomia, Plangintza eta Estrategiako errektoreordeak nabarmendu du unibertsitatea “tresna garrantzitsua dela lurraldea egituratzeko, eta eragin zuzena duela eremu honetan”. Testuinguru horretan, Larrazak uste du erronka dela “enpresa-sarearekin loturak estutzea, unibertsitateak asko baitu eskaintzeko”.
Bilera amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute Eskolako egoitzetan, eta Fisioterapiako eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako graduen arduradunekin batera –Ana Bays eta José Ramón Alfaro hurrenez hurren– campus osoko zuzkidurak ezagutu dituzte.
Ikasgelategiak dauzka 15 ikasgela arrunt, kafetegi eta jangela, ekitaldi-aretoa, bi areto nagusi eta liburutegia. Fisioterapiako eraikinean badaude bi laborategi praktikak egiteko, informatikako gela bat eta irakasleen bulegoak. Ingeniaritzako eraikinak baditu tailerrak, laborategiak, informatikako gelak eta bulegoak. Baliabideak kasuan kasuko graduari soilik zuzenduta daude.
Bisita amaitu ondoren, eta parlamentariek hitz egiteko aukera izan dutenean, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu taldeen eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta instalazioen egokitasunari buruz bat etorri dira.
Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onetsi zuen 2002ko uztailaren 2an, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko Legea aldatu baitzen, Tuteran unibertsitate ikasketak ezartzeko helburuarekin.
Legegintza-agindu hori betez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jarduera akademikoa abiarazi zuen Erriberako hiriburuan, eta 2004ko urrian jarri zuen abian Nekazaritzako Elikagaien Enpresen Goi Zuzendaritzako Masterra. Era berean, 2005eko otsailean Kalitate Kudeaketako Aditu ikastaroa abiatu zen, eta urte bereko martxoan Esperientzia Gelako jarduerak hasi ziren.
2006an jarri ziren abian Fisioterapiako ikasketak eta Industria Ingeniaritza Tekniko Mekanikokoak (Industria Diseinua areagotuta) Reina Sofía Ospitalean eta ETI BHIan, hurrenez hurren. Behin-behineko instalazioak izan ziren 2008-2009 ikasturtera arte, orduan inauguratu baitzen Tuterako campusa.