Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 16

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari 1.000 euroko kreditu berezi bat emateko foru legea onetsi da

Foru Administrazioak gehiengoa lor dezan CENERen patronatuan, non Estatuak % 49ko partaidetza baitu CIEMATen bitartez

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen foru lege batek 1.000 euroko kreditu berezia ematen du Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren beharrak finantzatzeko.

 

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarentzako kreditu berezi hori CENER Fundaziorako fundazio-ekarpena aurrekontu partidari aplikatuko zaio (1.000 euro). Azterlanak eta lan teknikoak partidan erabilgarri dagoen saldoaren kargura finantzatuko da.

 

CENER Fundazioa irabazi-asmorik gabeko entitate bat da. Haren helburu soziala da ikerketa zientifikoko jarduerak egitea, teknologia garatzea eta berrikuntza interesgarriak sustatzea energia berriztagarrien sektorean.

 

Gaur egun, honako hauek osatzen dute CENERen patronatua: Nafarroako Gobernua (% 49), Estatuko Administrazio Orokorra eta CIEMAT (% 49) eta I+G Automozioa eta Mekatronika Fundazioa (% 2).

 

Patronatuaren asmoa baita CENER Fundazioak fundatzaileen jatorrizko asmoari eustea bere izaera juridikoan eta, aldi berean, fundazioaren ekonomia- eta kudeaketa-errealitatera egokitzea, patronatuak, 2023ko apirilaren 20an egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Gobernuarengandik 1.000 euroko ekarpen gehigarria onartzea, fundazio-zuzkidurarako.

 

Horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetzak gehiengoa izanen du CENER Fundazioan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta CIEMATen partaidetzaren aldean.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateari buruzkoak badira. Beraz, gastuen aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrez. Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.