Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Urtarrilak 21

UPNk Gobernuari leporatu dio Nafarroako Unibertsitatearekiko hitzarmenari buruzko txosten bat "asmatzea"

Osasuneko kontseilariak baieztatu du artatutako onuradun bakoitzeko ordainketa, aurreko hitzarmenean zegoena, "ez zegoela oinarrituta emandako laguntzari buruzko datuetan"

UPNk Nafarroako Parlamentuan duen eledun Javier Esparzak Foru Gobernuari leporatu dio txosten bat "asmatu duela" Nafarroako Unibertsitateko langileei Unibertsitate Klinikan osasun laguntza emateko hitzarmena ez berritzeko eta "justifikaezina dena justifikatzen saiatzeko".


Horixe azaldu du Esparzak Nafarroako Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosi galdera bat egitean Geroa Baiko eledun Koldo Martínezek Unibertsitate Klinikaren gainean idatzitako txioei buruz.


Esparzak esan du "gezurra dirudiela Nafarroako bigarren enpresa horrela tratatzea. Txosten hori auskalo nola egin da, etsipenaren etsipenez, zeren eta, bestela, kontseilariak Parlamentuan "asteazkenean izan zuen agerraldian azalduko baitzuen".


Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek bere hitzaldian baieztatu du "kontua ez dela Nafarroako Unibertsitateari buruzko Martínezen aipatutako txioak ontzat ematen dituen ala ez dituen", eta gehitu du "galderan aipatutakoak baino kezkagarriagoak diren adierazpen batzuk entzun direla".


Hartara, Barkosek Esparzari leporatu ondoren Unibertsitate Klinika "erabiltzen duela Parlamentuan erabili eta botatzeko ariete moduan", lider erregionalistaren baieztapen batzuk kritikatu ditu, "hau aiherkundearen Gobernua dela" esan izateagatik. "Hitzarmen hau ezinezkoa zen legearen beraren ikuspuntutik, eta gaur den egunean oposizioan dagoela, lokatz horretan zentratu nahi du", esan du Barkosek, eta Esparzaren "maila politikorik eza" nabarmendu du.


"Ez du autoritate moralik galdera hori egiteko", berretsi du lehendakariak. Gero aipatu du Esparzak Nafarroako Unibertsitateari buruzko neurri hori "gorrotoz, mendekuz eta fobiak tarteko..." hartu dela aurpegiratzen dien bitartean, Nafarroako Unibertsitateko errektoreorde batek "gardentasunaz eta lankidetzaz" hitz egiten duela.


Bere aldetik, Javier Esparzak adierazi du lehendakariak Martínezen txioak "ontzat ematen dituela", "zeren ontzat eman izan balitu, Martínezi eskatu izanen baitzion kontu pixka batez jokatzeko, zeren eta honek tentsioa areagotzen baitu".


Aipatu du Gobernuak arlo honetan hartu duen erabakia "sektarioa, ideologikoa eta politikoa izan dela eta hori ez duzuela erakutsi nahi izan. Iruditzen zait zurea korapiloen gobernua dela, eta hau beste korapilo bat gehiago dela", esan dio Barkosi; ondoren esan dio Parlamentuan itxaron-zerrendei buruz egin zuen agerraldian "gezurra esan zuela".


Esparzak honako hau ere erantsi du: "baldin eta azken urtean itxaron-zerrendak jaitsi badira, UPNk haiek kudeatu dituen 7 hilabeteengatik izan dela", eta gobernuari kritikatu dio "alferrik galtzen ari dela orain arte egindako lan guztia. Gai hau dela-eta gurutziltzatu egin gintuzten, eta peonadak egin gabe itxaron zerrendak gutxitzea lortu zen, eta zaborrontzira bota duzue hori guztia".


Esparzak arren eskatu dio lehendakariari "gezurrik ez esateko. Itxaron-zerrendak, edozein aldetatik begiratuta ere, zure kudeaketaren garaian igo egin dira: onar ezazu hori eta ez ezazu inor mehatxa. Izan zaitez apalagoa eta harrokeria gutxiago eduki", esan dio.


Lehendakariak Esparzari kritikatu dio txioengatik galdetu eta azkenean itxaron zerrendei buruz hitz egiten amaitu duela; hau da, "parlamentu-prozeduraren gainetik toreatzailearen erara saltatu duzu. Ez dut gezurrik esan. Bilkura egunkarian ikusten da urtez urteko aipamena egin nuela", gehitu du.


Domínguezek dio Gobernuak CUNi ordaintzen ziola "emandako laguntzari buruzko daturik izan gabe", alegia, gaixo bakoitzarengatik


Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilari Fernando Domínguezek azaldu du Foru Gobernuak urtero Nafarroako Unibertsitatea Klinikari artatutako onuradun bakoitzeko ordainketa bat egin diola, bi aldeek sinatutako hitzarmenaren indarrez, "emandako laguntzari buruzko datuetan oinarritu gabe".


Fernando Domínguezek, Parlamentuaren kontroleko osoko bilkuran Geroa Bairen galdera bati erantzunez, azaldu du 2012an gaixo bakoitzeko 772 euro ordaindu zirela, eta hurrengo ekitaldietarako, berriz, aldeek erabaki zutela tarifak Osasunbidearen aurrekontua aldatzen zen portzentaje beraren arabera berraztertuko zirela. Hartara, 2013an 724,68 euro, 2014an 726,85 euro eta 2015ean 719,38 euro ordaindu ziren.


"Unibertsitate Klinikari eman beharreko kopurua erabakitzen zen emandako laguntzari buruzko datuetan oinarritu gabe, horren ordez onuradun eta urte bakoitzeko ordainketaren kontzeptua erabiltzen baitzen. Ez dago jasota emandako kopuruan doikuntzak egiteko aukerarik, salbu eta aurrekontuetan izandako aldaketen ondoriozkoak", zehaztu du kontseilariak.


Halaber, Domínguezek zehaztu du Osasunbidearen eta Unibertsitate Klinikaren kostuak konparatu nahi direla, baina "zenbatekoak konparaezinak direla", zeren eta Klinikak deklaratutako jarduera populazio horretarako bererako Osasunbidean espero izatekoa den jardueratik bestelakoa baita, funtsean Unibertsitate Klinikaren laguntza "gehiago zentratzen delako ospitale-laguntzan, baina sistema horretara sartzeko nahitaez oinarrizko osasun laguntzatik pasa behar izan gabe; Osasunbidearen kasuan, berriz, oinarrizko osasun-laguntza da bidea".


Domínguezek zehaztu du 2014ko uztailetik 2015eko ekainera oinarrizko osasun-laguntzako espero izatekoa zen jarduera 24.000 pertsonakoa zela, eta Klinikak, berriz, 5.700 deklaratu zituela; kontsulta espezializatuetan, berriz, espero zen jarduera 10.400 pertsonakoa zen eta 26.000 deklaratu ziren.


Koldo Martínezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi du "nekatuta dagoela sektore batzuek hitzak manipulatu eta ebakitzearekin, beren "txiringitoa" defenditzen jarraitzeko", eta berretsi du bere koalizioak "diru publikoen erabilera arrazional, arrazoizko eta bidezkoa defenditzen jarraituko duela, nafar guztien onurarako".