UPNk, PSNk eta PPNk 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketak bazter utzi dituzte
Urtarrilaren 18 eta 22 artean hein bateko zuzenketak eztabaidatuko dira eta Batzordearen irizpena urtarrilaren 28an Osoko Bilkurara igorriko da, bertan behin betiko aztertu dadin
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak haren aurka eman dituzten botoekin, UPNk, PSNk eta PPNk 2016. ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztu dizkioten osoko zuzenketak bazter utzi ditu gaur.
UPNk eta PPNk hiru osoko zuzenketen alde bozkatu dute, eta PSNk berea babestu du soilik, beste bietan ez du bozkatu.
Orain, behin aipatutako lege proiektua Gobernuari itzultzea bazter utzita, urtarrilaren 18 eta 22 artean hein bateko zuzenketak aztertuko dira (aurkezteko epea urtarrilaren 8an amaitzen da) Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean, eta irizpena Osoko Bilkurara igorriko da urtarrilaren 28an, bertan behin betiko eztabaidatu eta bozkatuko dadin.
2016. ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Lege proiektua, 3.897 milioikoa, abenduaren 1ean izapidetzea onartu zen eta 2an Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Kontuetan aurreikusten diren 3.897 milioitatik 3.500,8 gastu ez finantzieroari dagozkie (Nafarroako Gobernuaren departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerakoa, 397, gastu finantzieroari.
UPNk osoko zuzenketa babestu du eta esan duenez, ez dator bat “zergak bereizkuntzarik gabe areagotzearekin, inbertsioak geldiaraztearekin, lanpostuak sortzera bideratutako politika sozialik ez egotearekin, osasuneko itxaron-zerrendak hobetzea xede duten neurri zehatzak ez egotearekin, ingelesa geldiaraztearekin eta argi eta garbi sektarioak diren aurreikusitako lan eskaintza publikoekin. Ez gaude ados. Ekonomia dinamizatu ordez, geldiune bat eragingo da”.
PSNk proiektua itzultzea eskatu du eta esan du ziur dagoela aurrean dutena “proiektu jarraitzaile bat” dela, “nortasun zigilua jarri diotena. Gobernuak dio haren xedea eskubide sozialak, enplegua sortzea eta hezkuntzan, kulturan eta osasunean zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea dela, baina guk ez ditugu xede horiek Aurrekontuetan islatuta ikusten. Aitzitik, UPNk aurreko urteetan aurkeztu zituenen antzekoak dira, are gehiago, kasik osoko zuzenketa bera aurkez genezake. Nafarroa argi eta garbi lehiakortasunari dagokionez atzean geratzen da”.
PPNk proiektua bazter utzi du “Kontuak ez direlako Nafarroako errealitate sozioekonomikora egokitzen, izan ere, herritarrak eta enpresak Espainiako zergarik altuenak izatera kondenatzen dituzte, eta horrek inbertsio falta ekarriko du, eta esparru teknologikoan ere lehiakortasun eza, kontsumoaren murrizketa eta aurrezkiak ez sustatzea”.
PPNk azpimarratu du “Nafarroako Ubidea eta AHTa moduko azpiegiturak geldiarazteak” garapen ekonomikoa oztopatzea dakarrela eta salatu du “hezkuntzaren alorrean” hautematen duen “sektarismoa, euskarari lehentasuna ematen diolako gaztelaniaren eta ingelesaren kaltetan”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek osoko zuzenketen aurkako oposizioa babestu dute proiektuaren lehentasunak, besteak beste, “hezkuntza eta osasun publikoak, zerga politika progresibo bat eta eskubide sozial ziurtatuak direlako. Proiektu hau lehenago zegoen guztiaren aurkakoa da, eskuineko zerga erreformak, enpresaburuei emandako ez itzultzeko diru-laguntzak, itzalpeko bidesari hondagarriak eta era berdineko azpiegiturei buruzko politikak”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2015-12-02koa)