XVIII. Eskolarteko Osoko Bilkura
Foru Komunitateko sei ikastetxetako 2. eta 3. DBHko ikasleek parte hartu dute
Nafarroako Parlamentuko Lehendakari den Alberto Catalánek Mahaiko gainontzeko kideekin batera, XVIII. Eskolarteko Osoko Bilkuraren buru izan du gaur. Saioak dibulgaziozko izaera izan du eta Foru Komunitateko sei ikastetxetako 2. eta 3. DBHko ikasleek parte hartu dute.
Ganberaren lehendakari den Alberto Catalánek saioa mintzaldi labur batekin hasi du. Gaur Osoko bilkuren Aretoa hartu duten 60 ikasle baino gehiagori zuzenduta, Alberto Catalánek baieztatu du “gazteentzat eta herritar guztientzat interesgarriak diren bi gairen inguruan zuen iradokizun eta ideiak eskain diezazkiguzuen deitu zaituztegu, alegia berdintasuna eta ondare historikoaren kontserbazioa”.
Halaber, ekimen honen bidez “hitz egitera, eztabaidatzera, ezagutzera, besteen iritziak errespetatzera, eragiten diguten gaietan parte hartzera eta gehiengoaren adostasuna piztu duena erabakitzera” ohitzera bultzatu ditu.
Jarraian, eztabaidari eta gai-zerrendako bi gaien inguruan planteatutako ebazpen-proposamenen bozketari ekin zaio: Berdintasuna eta paritatea eta Gure ondare kulturalaren kontserbazioa.
Berdintasunari eta parietateari dagokionez, Aitor Goñi Eunate B.H.I.-ko bozeramaileak indarkeria sexista gaitzetsi du, bai eta gizartea atzerakoia izatea, emakumeak esparru jakin batzuetan presentzia eskasa izatea eta estereotipoak ezartzeari zein “rol oso markatuei” jarraikortasuna emateari dagokionez, “telebistak duen eragin kaltegarria”. “Zaila da joera jakin batzuk aldatzea, batzuk oso errotuta baitaude. Maiatza hasieran dagoeneko 24 ziren aurten erahildako emakumeak, gure amek eta amonek zituzten arazo gehienak gaur egun ere ematen dira. Horregatik, emakumeak gehiago babestea eskatzen dugu, abortuari buruzko lege berria gaitzesten dugu, administrazioan behintzat paritatea ziurtatzea exijitzen dugu eta telebista programazioa gehiago kontrola dadin eskatzen dugu, adierazpen askatasuna gauza bat delako eta haurrak eta nerabeak manipulatzea, bestea oso desberdina”.
Elena Alzórrizek (Sierra de Leyre B.H.I.) onartu duenez, “sexuagatiko bazterkeria desuseztatzeko asmoarekin planak ezarri egin badira ere, paritatea eta berdintasuna helburuak dira oraindik ere. 1992an botere politiko eta publikoak banatu behar zirela xedatu zenetik, ia ez da aurrerapausorik nabaritu enpresa handietan; hain zuzen ere, administrazioko kontseiluetan emakumeen presentzia hiru puntu handitu da. Nafarroako Gobernuak era aktiboan lan egiten du gizartea justuagoa izan dadin. Nazioartean UNICEFek egiten duen lana nabarmentzekoa da, batez ere hezkuntzan, hain zuzen, gure ustez berdintasuna txikitatik gehien sustatu behar den alorrean”.
Daniel Solak (Maristas) “justiziaren baliokidea izango den berdintasun kontzeptu bat” aplikatzea proposatu du. “Lan berdina, ordainsari berdina, delitu berdina, epaiketa zigor berdina. Emakumeek eskubideen baliatzean aurrerapauso bikainak lortu dituzte, baina bestelako berdintasun faltak ematen dira oraindik, indarkeria eta tratu txarrak kasu. Dena den, ez dugu utzi behar topikoek gida gaitzaten. Bidegabekeriak ez dira bidegabekeriekin ordiantzen; esaterako, gizonen kasuan indarkeria sexistagatiko zigorrak gogortuta, gizonak ere era bidegabean kaltetzen baitira seme-alaben zaintza partekatuaren gisako gai oso garrantzitsuetan”.
Bestalde, “politikoak eta gainerako biztanleak legearen aurrean ezberdinak izateari dagokionez, agerikoa da arazoa alderdi politikoek Auzitegi Goreneko kideak, horiek epaitzeko daudenak, zeharka hautatzen dituztela egiaztatzen denean sortzen dela. Demokrazia finkatuetan forupekoa izatea beste berdintasun falta bat da”.
Sergio Contrerasek (Hijas de Jesús) “berdintasuna lortzeko xedea duten gizarte laguntzak eta lan hitzarmenak” era positiboan baloratu ditu eta “familian zein harreman hurbiletan” ere lan egitera dei egin du, “oraindik albait azkarren desagertarazi behar diren jarrera inposatzaileak eta genero indarkeria ematen baitira. Funtsezkoa da ikastetxeetan nortasunaren garapena eta elkartasunerako irizpide demokratikoenganako errespetua lantzeko adina baliabide ekonomikoak edukitzea, betiere kultura guztiak integratuta. Horretarako, ez dago diru-laguntzak handitzea eta kulturen arteko trukeak bultzatzea baino hoberik”.
Randolph Omar Gonzalesek (Caro Baroja B.H.I.) ohartarazi du “demokrazia lau urtero bozkatzeko eskubidea izatea baino askoz gehiago” dela, “berdintasuna, paritatea, bakea eta askatasuna da”. Azken batean, demokrazia “aukera berdintasuna da; gure ustez aniztasuna beste balio gehigarri gisa eta ez arazo iturri gisa hartzen duen gizarte anitz baten gotorleku nagusia. Hezkuntza jasotzeko eskubidea indartzeko bekak eta diru-laguntzak eskatzen ditugu, bizitza eta lanpostu duin bat lortzeko sarbidea baitira. Eta, lehentasun gisa, gizarte justu baten bigarren oinarri gisa, osasun arreta unibertsala mantendu dadin eskatzen dugu”.
Maite Teso (Elortzibar-Valle de Elorz B.H.I.) genero berdintasunaren aldeko borroka EBren esparrura eraman du, izan ere, batasuneko zuzenbidearen funtsezko irizpidea izaki, pobreziaren aurkako borroka, hezkuntzarako eta osasun zerbitzuetarako sarbidea, ekonomian parte-hartzea izatea eta erabakiak hartzeko prozesua beharrezkoak dira; emakumeen eskubideak giza eskubideekin parekatzea ahaztu gabe”.
Horren harira, Testok adierazi duenez, “azken hamarkadan emakumeen enplegatze tasa asko igo da, baina Europako Estrategiaren xedea 2020rako % 75era iristea da. Hezkuntzaren eta lanaren esparruetako bereizkeriarekin amaitu beharra dago, oraindik ordainsarietan desberdintasunak daudelako eta biolentzia fisikoa ere nabarmena delako, emakumeen % 20-25ak horrelako egoeraren bat bizi izan du noizbait. Europatik at, leku askotan emakumeen egoerak Erdi Arokoa dirudi”.
Parte-hartzeak bukatutakoan, ebazpen-proposamenak bozkatzeari ekin zaio. Bozketaren emaitza, berdintasunaren eta paritatearen aldekoa (60 boto alde, 1 kontra eta 4 abstentzio), Maite Esporrín Parlamentuko Mahaiaren idazkari nagusiak adierazi du.
Eztabaidako bigarren gaian, alegia, Gure ondare kulturala kontserbatzea deritzonean, Amaia Leozek (Eunate B.H.I.) kultura ondasunaren “aniztasuna” azpimarratu du, bai eta “gazteak eta D ereduko ikasle” diren aldetik, “festa euskaldunak eta euskal kultura” nabarmendu ere. Ildo horretan, “Iruñeko Udalak auzoetako festak antolatzeko jartzen dituen oztopoak” gaitzetsi ditu, “istiluen” foko bihurtzen direlako, “gure auzoan, Txantrean, kaldereteak zirela-eta gertatu zen moduan”.
Leozek ere Sanferminetan “euskarak ia tokirik ez” duela aipatu du eta baita “uztailaren 6an 12:00etan Udaletxeko Plazan sinbolo jakin batzuk debekatzea” ere. “Inposaketa horiek adierazpen askatasuna zalantzan jartzen dute eta istiluak eragiten dituzte. Horregatik, sinboloei buruzko legea aldatzea proposatzen dugu, euskara bultzatzea eta ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea dutela ziurtatzea, gutako batzuk berriki ezin izan baitugu Frantziara joateko deialdi batean parte hartu”.
Marta Bermesok (Sierra de Leyre B.H.I.) merindadeko herrien ondarea aipatu du eta arreta berezia eskaini die Zangozako Santa María la Real eta Oibarreko San Pedro elizei, Kasedako San Zoilo baselizari, Irunberriko arroilari, Xabierreko eta Soseko gazteluei, Zangozako Erregeen Mirariari, Irunberriko Trinitatearen erromesaldiari eta Soseko Jardunaldi Fernandinoei. “Ondare honek biziraun dezan eta turismo artistiko-kulturala sustatze aldera, kontserbatzeko, hedatzeko eta kontzientzia hartzeko jarduerak antolatzea proposatzen dugu”.
Loriana Berruti (Maristas) adanismoa eta presentismoa aipatu ditu ondare kulturala gaitzesteko modu ohi gisa, beharrezkoak eta erabilgarriak ez izateagatik. Ondare kulturala nor garen eta zergatik garen azaltzen duen ondarea da. Guztiz libreak izan nahi badugu, gure iragana transmititu behar dugu, baina ez bertan ixteko, arma gisa erabiltzeko eta lotsarazten gaituena edo aldez aurretik eraikitako errealitate batean lekurik ez duen hori ezabatzeko. Jasotako hori erabili behar da adiskidetasunean eta guztion artean guztiok osatzen dugun eraikin honetan lan egiten jarraitzeko”.
Horretarako, Berrutik “gizarte zibilak kultura politiken burutzean parte hartu dezan bultzatzera” deitu du, “zerga pizgarriak sortuz eta ondare kulturalaren sustapenean, prebentzioan eta digitalizazioan aurrera eginez”.
Eric Araquek (Hijas de Jesús) azpimarratu du Nafarroa “aitzindaria” dela kultura ondarea zaintzeari dagokionean, gure herriaren historia islatzen duen “ondare ukigai, ukiezin eta natural hori guztia mantendu, kontserbatu eta babesten dituzten tresna sorta baten bidez. Beharrezkoa da guztiok gure sustraiak zein diren eta nongotarrak garen jakitea eta horretarako Nafarroaren irudiaz kontzientzia hartzea eta hura sustatzea beharrezkoa da, monumentuen eta artearen ondatzea geldituz eta horretan laguntzen duten enpresa eta entitateei laguntza fiskalak eskainiz”.
Irene Apesteguíak (Caro Baroja B.H.I.) “ondare historiko-artistikoaren, naturalaren eta kulturalaren eta jai-ondarearen” aberastasunak errepasatu ditu eta “gure sustraiak kontserbatzera” premiatu du, “funtsezkoa baita”. San Ferminak, Done Jakue bidea eta gastronomia ditugu, horiek guztiak gure konpetentzia soziala eta herritarra garatzea posible egiten duen eremu fisiko pribilegiatu baten ondorio. Gure ondarearen oraingo egoerari buruzko erregistro eta diagnostiko bat egitea komenigarria litzateke, zaharberritzeak egiteko beharrezkoa den aurrekontua esleituz, Iruñeko eta Tuterako katedralen kasuan premiazkoa dena. Landa-lanak egiteko aukera eskaintzea eta urtero eskolentzako lehiaketa bat deitzea Nafarroako ondarea sustatzeko beste modu batzuk izanen liratekete”.
Aurrekoen ildo berean, Raúl Sarasatek (Elortzibar B.H.I.) baieztatu du “1844an sortu zen Nafarroako Monumentuen Batzordean eta haren ondorengoa den Vianako Printzearen Erakundeari esker Nafarroako kultura asko estimatzen da. Bi erakunde horiei esker artelanak mantendu eta zaintzeari dagokionean inbidia digute. Lan horrek balio ezin handiagoa du, eta Ondareari buruzko foru legeari jarraiki egiten den lan eraginkorrari esker ere balio hori handitu eta hedatzen da. Alabaina, horretan diharduten entitate eta elkarteei diru-laguntzak ez murriztea ona litzateke”.
Mintzaldiak bukatutakoan, ebazpen-proposamenak bozkatzeari ekin zaio. Bozketaren emaitza, kasu guztietan kultura ondarea mantentzera zuzenduriko neurriak hartzearen aldekoa (47 boto alde, 3 kontra eta 16 abstentzio), Parlamentuko Mahaiaren idazkarietako batek adierazi du.
Jarraian, Samuel Caro lehen lehendakari ordeak, saioari amaiera eman aurretik “eduki oneko ebazpen proposamenak egiteagatik eskerrak emanez, eta, batez ere, zuen ikuspuntua, gauzak ikusteko duzuen modua, errespetuz eta modu onez defendatzeagatik. Zuen hausnarketak oso sakonak dira; haiei esker Parlamentuak berdintasunaren eta ondare kulturalaren esparruan lan egiten jarraitzeko gida du”.
Amaitzeko, Samuel Carok esan du espero duela “politikagatiko duzuen interesa ez dadila hemen bukatu, espero dut gizarteak dituen arazoez eta kalean gertatzen diren kontuez interesa izaten jarraituko duzuela. Hori da, desadostasunak egon arren, nahi dugun gizartea eraikitzeko topagunea aurkitzeko modurik onena. Etorkizuna zuen esku dago”.
Saioan Hezkuntzako Pedro Rascón (Socialistas de Navarra), Nekane Pérez (Aralar-Nabai) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eledunak egon dira, eta baita Mahaiko beste parlamentari eta kide batzuk ere: Carmen Ochoa (SN), Koldo Amezketa (Bildu), Txentxo Jiménez eta Asun Fernández de Garaialde (Aralar-Nabai).
Hona hemen XVIII. Eskolarteko Osoko Bilkuran parte hartu duten ikastetxeen zerrenda (hamarna minutuz): B.H.I. Eunate (Iruña), B.H.I. Ibaialde (Burlata), B.H.I. Sierra de Leyre (Zangoza), B.H.I. Caro Baroja (Iruña), Hijas de Jesús ikastetxea (Iruña), B.H.I. Elortzibar (Noain-Elortzibar), Maristas ikastetxea (Sarriguren).