Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da
Hamaika zuzenketa gehitu dira, Voxek izan ezik talde guztiek egindako ekarpenen emaitza, eta hilaren 21ean eramanen da Osoko Bilkurara 2024tik aurrera indarra izanen duen arau-esparru fiskala
Ekonomia eta Ogasun Batzordeak 2024rako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Ondoren testua Osoko Bilkurara eramanen da, abenduaren 21eko saioan behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
Aztertu diren 43 zuzenketetatik 11 onetsi ditu Ekonomia eta Ogasun Batzordeak. Horietatik zazpi EH Bilduk eta UPNk aurkeztu dituzte (bost eta bi, hurrenez hurren). Gainerakoetatik hiruk zerikusia dute Nafarroako Gobernuari zuzenean eusten dioten PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek adostutako ñabardurekin, eta azkena in vocezuzenketa da, multzo horretako bi talde gehiengodunek aurkeztua.
Ez dute aurrera egin UPNk defendatutako beste 23 zuzenketek. Ezetsi egin dira PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin eta Voxen abstentzioarekin. PPNren 11 in voce zuzenketak ere baztertu egin dira, UPNk alde bozkatu eta Vox abstenitu arren. Beste lau taldeak aurka agertu dira.
Foru lege proiektuaren bidez jarraipena eman nahi zaio aurreko legegintzaldian proiektatu zen arau-esparru fiskalari. Hain zuzen ere, PFEZari lotutako “progresibitatea” baliatu nahi izan da herritar guztiengana iristen saiatzeko, bereziki inflazioaren ondorio kaltegarriak jasaten ari diren familiengana, inflazioak eragin nabarmena izan baititu soldatetan. Gobernuak bidalitako testuan dauden berritasun nagusi gehienak 2024tik aurrera aplikatuko dira.
Proiektuan jasotako neurri azpimarragarrienak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagozkio gehienbat. Zerga horren doikuntza % 7raino igo da. Aurreikusten diren bi deflaktazioetako lehenengoa % 4koa da, eta atzeraeragina izanen luke, hau da, 2023ko zergari ere aplikatzekoa litzateke. Bigarren murrizketa, % 3koa, 2024ko PFEZean gauzatuko litzateke.
Horrenbestez, aurreko legegintzaldian hartutako bideari jarraituko zaio. Orduan bi murrizketa egin ziren, biak % 2koak, 2020. eta 2022. urteetarako.
PFEZaren arloan bertan, lege proiektuak gutxieneko pertsonal eta familiarren beste bi igoera aurreikusten ditu, guztira % 6koak, inflazio handiaren ondorioak arintzearren, zergadun bakoitzaren egoera pertsonala kontuan izanda (seme-alabak, kargupeko ahaideak, desgaitasunak eta abar).
Xede horretarako, deflaktazioen eredu bera erabilita, % 3ko igoera bana aplikatuko litzateke 2023ko zergan eta 2024koan. Era horretara 2019-2023 aldiko politika fiskalen ildotik jarraitu da. Orduan % 5eko igoera ezarri zen, jada finkatua, gutxieneko pertsonal eta familiar horietan, eta 100 euro gehiagokoa 30.000 eurotik beherako errentak dituztenentzat.
Bi neurri horiek, alegia, deflaktazioek eta gutxieneko pertsonal eta familiarren igoerak, Foru Ogasunarentzat 50 bat milioiko kostua izanen dutela kalkulatu da.
Etxebizitzaren arloan ere neurri esanguratsuak jaso dira lege proiektuan. Emanzipa eta David programei dagokienez, etxebizitza eskuratzeko eta emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariak handitzea aurreikusten da. Programa horietako onurak eskuratu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak 22.000 eurokoak izanen lirateke aurrerantzean, banaka, eta 35.000 eurokoak familia-unitateko kide guztiak batera hartuta. Horrekin batera, kenkariaren gehieneko zenbatekoa 250 eurotik 280ra igoko litzateke, eta gehieneko alokairu-prezioa ere handiagoa izanen litzateke, 700 eurokoa.
Beste alde batetik, berriz ere etxebizitzaren arloan, etxebizitzak Nasuvinsaren bitartez alokatzeagatik kapital higiezinaren etekin garbian egiten den murrizketa % 60tik % 70era igo nahi da. Halaber, birgaitze babestuko obretarako laguntza publikoak errenta-mugarik gabe salbuetsi nahi dira, haien tratamendua Next Generation funtsen bidez finantzatutako laguntzen tratamenduarekin parekatzeko.
Salbuespenen atalean, gaur onetsitako testuan jaso da salbuetsi eginen dela errenta txikia dutenei energiaren prezioa konpentsatzeko 2023an emandako 200 euroko laguntza, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 74. artikuluaren bidez ezarritakoa, bai eta eko-araubideetarako laguntzak ere (NPB berria), 2023tik aurrerako ondorioekin.
Beste alde batetik, lege proiektuan aldaketa sail handi bat aurreikusten da. Funtsean aldaketa teknikoak dira, eta zerikusia dute ondarearen, sozietateen, oinordetza eta dohaintzen, eta ondare-eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergekin. Zerga horietako batek ere ez du aldaketarik izanen bere alderdi garrantzitsuenetan.
Batzordean egindako eztabaidaren ondoren irizpenari erantsi zaizkion berritasunen artean aipatzekoak dira EH Bilduk aurkeztutako bost zuzenketak (seigarrena erretiratu egin da). UPN, PPN eta Voxek guztien aurka bozkatu dute, baina PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek osatutako gehiengoak ontzat eman ditu aho batez.
Hala, 30.000 eurotik beherako errenten tributazioa hobetzeko asmoz –errenta salbuetsiak barne–, 100 eurotik 150era igo da gutxieneko pertsonalarengatiko kenkari berezia PFEZean.
Kapitulu berean baina kontrara, % 100etik % 75era murriztu da etxeko langileen Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeagatik dagoen kenkaria. Pandemiaren ondorioak gaindituta, beharrezkotzat jo da “kopuru hori zuzentzea”.
Ondarearen gaineko zergari dagokionez, berriz ere egungo “egoera ekonomikoa” aintzat hartuta, erabaki da beste urte baterako luzatzea aurreko ekitaldian egindako aldaketa, 11 milioitik gorako likidazio oinarria duten ondare handien kasuan; horien gehieneko karga-tasak % 3,5 izaten jarraituko du (ez da berriz jaitsiko % 2ra) eta horrela Estatuko gainerakoarekin parekatuko da.
Ildo beretik, sozietateen gaineko zergan ere, aurreko ekitaldietako likidazio oinarri negatiboak aplikatzearen ondoriozko kenkarien mugak beste urte batez luzatuko zaizkie enpresei. Komenigarritzat jo da, “egoera ekonomikoa eta enpresen mozkinak ikusita”.
EH Bilduk eskatuta irizpenean gehitu den azken zuzenketa alokairuagatiko kenkariari dagokio. Atal horretan urtean 1.200 eurotik 1.500era igo da etxebizitza alokatzearen ondoriozko gehieneko kenkaria (% 15), ohiko bizilekua bada, eta, betiere, subjektu pasiboaren errentak 30.000 euro baino gehiagokoak ez badira eta alokairu kontzeptuan ordaindu duen diru kopuruak errenten % 10 gainditzen ez badu –bi kasuetan errenta salbuetsiak bazter utzita–.
Kenkari hori 1.600 eurora igo daiteke baldin eta, aurreko baldintzak beteta, subjektu pasiboak 30 urte baino gutxiago baditu edo PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 71.1.c artikuluan aipatutako familia-unitate bateko kide bada, salbu eta aita eta ama elkarrekin bizi badira edo seme-alaba amankomunen gaineko zaintza partekatua badute. Adierazten denez, kenkari hori aplikatu ahal izateko errenten muga 30.000 eurotan mantentzen da; izan ere, “340.000 aitortzaile baino gehiago, guztien % 75 gutxi gorabehera”, muga horren barruan sartzen dira.
Aurrekoarekin bat etorriz, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sinatutako zuzenketa bat onetsi da, gutxieneko pertsonalarengatiko kenkariaren gehikuntza jasotze aldera familia-unitate gurasobakarren kasuan; izan ere, gutxieneko pertsonal eta familiarrengatiko gainontzeko kenkariak bezalaxe, hura ere % 3 gehitu beharra dago 2023rako eta % 3 gehiago 2024rako. Horregatik, 71.1.c) artikuluan aipatzen diren familia-unitateen kasuan, 62.9.a) artikuluan ezarritako kenkaria 668 euro handituko da, salbu eta aita eta ama elkarrekin bizi direnean edo zaintza partekatua dutenean.
Logika berari jarraikiz, familia-unitate gurasobakarren kenkaria 654 euro handituko da subjektu pasiboarekin bizi den ondorengo ahaide ezkongabe edo aurreko ahaide bakoitzeko –haien adina zein den ere–, baldin eta haiek urtean dituzten errentak –salbuetsiak kanpo– ez badira ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa (IPREM) baino handiagoak, eta frogatzen badute % 33 edo gehiagoko desgaitasun-gradua. Desgaitasuna % 65 edo gehiagokoa bada, zenbateko hori 2.291 euro izanen da urtean.
Etxebizitzaren alorrean, erabaki da errentamenduan diharduten entitateei aukera ematea kapital higiezinaren etekin garbia murrizteko, bitartekotzazko errentamenduaren ondoriozko errenten kasuan, baldin eta etxebizitzak Nasuvinsaren bitartez alokatzen badira. Aurreko biek bezala, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen zuzenketa horrek UPN eta EH Bilduren babesa jaso du, eta PPN eta Voxek aurka egin diote.
UPNk sozietateen gaineko zergaren alorrean egin dio bere ekarpena behin betiko testuari, erabaki baita Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epeak malgutzea, aurreko urtetik hurrengo bi urteetara bitarteko epearen barruan, 26/2016 Foru Legearen 45. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren ondare elementuak eskuratzeko erabili diren mozkinak zer ekitalditakoak izan eta ekitaldi horren itxieratik hasita. Vox eta EH Bildu abstenitu egin dira.
Halaber UPNk oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan eragitea lortu du, zehazki mortis causa eskuraketetan. Horretarako, 11.c artikuluaren b’) letra aldatu da eta, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, jarauntsian jasotako negozioa edo sozietatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatu ahalko da bost urte igaro arte itxaron beharrik izan gabe. Contigo-Zurekin taldeak aurka bozkatu du eta Vox abstenitu egin da. E-39.
Aurreikuspen hori bera inter vivos eskuraketetara hedatu da, oraingoan PSN eta Geroa Bai taldeek proposatuta. EH Bildu abstenitu egin da eta Voxek aurka bozkatu du.
Bilkuran Isabel Aranburu (Geroa Bai) aritu da buru, eta honako hauek parte hartu dute: María Jesús Valdemoros, Ángel Ansa, Cristina López, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).
•www.parlamentodenavarra.es/eu
• Foru lege proiektua (32. NPAO, 2023-11-10ekoa)
• Zuzenketak (42. NPAO, 2023-12-05ekoa)