Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Abenduak 22

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi da

Testuingurua kontuan hartuta eta zerga-progresibitate printzipioari jarraiki, errenta apalenen tributazioa murrizten da eta ahalmen ekonomiko handiena dutenei ekarpen handiagoa eskatzen zaie

Parlamentuaren osoko bilkurak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren eta I-Eren abstentzioekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin.

 

Foru legearen helburu nagusietako bat egungo testuinguru ekonomikoari erantzutea da. Inflazio tasa altua dela-eta, “errenta apalenak dituzten zergadunen tributazioa gutxituko duten neurri fiskalak hartu behar dira”. Horrekin batera, “ahalmen ekonomiko handiagoa dutenei ekarpen handiagoa exijitu behar zaie”.

 

Horrenbestez, kentzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko betebeharra errenta maila apalena duten langile eta pentsiodunentzat, horiek direlako egungo egoera ekonomikoak gehien zigortzen dituenak. Aitorpena egiteko gutxieneko errenta igotzearekin bat etorrita, eta neurri horrek ondorioak izan ditzan zergadun horiek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako errentetan, lan atxikipenetako taulako lehenbiziko bi tarteak kentzen dira, eta, hortaz, atxikipena egiteko betebeharra sortuko da jasotzen diren lan etekinak 14.500 eurotik gorakoak direnean.

 

Sozietateen gaineko zergaren eremuan, 20.000.000 eurora igotzen da negozio-zifraren zenbateko garbiaren muga, enpresa bat enpresa txikitzat hartu eta % 23ko karga-tasa nominalaren arabera tributatu ahal izan dezan.

 

Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta sozietateen gaineko zergarako salbuesten dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren babesean emandako laguntzak. Horien artean nabarmentzekoak dira diru-sarrera eta ondare gutxiko pertsona fisikoentzako 200 euroko zuzeneko laguntza eta errepideko garraioaren sektorerako zuzeneko laguntzak. Halaber, salbuesten dira, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako bai sozietateen gaineko zergarako, energia-kostuek 2022an zehar izandako gorakada konpentsatzeko Nafarroako enpresei emandako laguntzak.

 

Ildo beretik, garapen ekonomikoarekin eta Nafarroako Gobernuak ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuarekin lotuta, hobetzen dira pertsona fisiko eta entitate ekintzaileentzako zerga-pizgarriak, bai eta entitate ekintzaileentzat inbertitzen dutenentzat ere, bereziki, jarduera berritzaileetarako. Gurera lekualdatu diren pertsonen araubide berezia ere hobetzen da, Nafarroako Foru Komunitatera talentua erakartzeko asmotan.

 

Ingurumenarekiko kezkak isla du zerga-pizgarri berri batzuetan, haien bidez sustatzeko, batetik, energia berriztagarrien erabilera, bereziki hidrogeno berriztagarriaren kontsumoa, eta, bestetik, hainbat proiektu gauzatzea haize-energiaren eta fotovoltaikoaren osagaiak edo bateriak birziklatzearen eta berrerabiltzearen arloan eta hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenaren eta haren balio-kateko osagaien fabrikazioaren arloan.

 

Beste aldaketa batzuen xedea da, oro har, Foru Komunitateko zerga araudia egokitzea zerga harreman juridikoaren oinarrian dauden errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara, etengabe bi helburu nagusi bete nahian: ekitatea hobetzea zergen arloan, eta iruzur fiskalari aurka egitea.

 

Horretarako, doikuntza tekniko batzuk egiten dira: puntu batzuk besterik gabe argitzea, edo zenbait kenkariren testuetan aldaketak egitea, jatorrizko helburuari laguntzen ez dioten kasuetan aplika ez daitezen.

 

Halaber, behar diren egokitzapenak egiten dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak (Lehenengo Salak) 2022ko urtarrilaren 27an C-788/19 auzian eman zuen epaia betetzeko; izan ere, epai horrek erabaki zuen atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gaineko aitorpena (720 eredua) egiteko betebeharrari lotutako araubide juridikoak, zenbait alderditan, ez zuela betetzen Europako araudia. Azkenik, beste egokitzapen batzuk zergaz kanpoko arau batzuen aldaketen ondorio dira

 

Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren kontrako borrokaren esparruan, neurri berritzaile bat gehitzen da, aukera emanen diena genero indarkeriaren biktimei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioetatik sortutako zorren gainean duten erantzukizuna mugatu dadila eskatzeko, zergaren tributazioa erasotzailearekin baterako araubidean egitea hautatu zuten kasuan. Aldaketa horrekin salbuespen bat ezartzen da familia-unitateko kide guztien erantzukizun bateratu eta solidarioaren arau orokorrean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiak baterako tributazioaren kasurako ezartzen duen horretan. Xedea da ekiditea genero indarkeriaren biktimek erantzun behar izatea erasotzailearena izaten ahal den zerga zorraren zatiaz, eta mantentzen da erasotzailearen erantzukizuna, bere baldintza guztietan, baterako autolikidazioaren zerga zorraren zenbateko osoaren gainekoa.

 

Arlo horretan berean, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko foru araudian txertatzen da, halaber, Genero indarkeriaren biktimen umezurtzen babesa hobetzeko martxoaren 21eko 2/2022 Lege Organikoan aurreikusitako salbuespena.

 

Legeak Osoko Bilkuran onartutako in voce zuzenketa (zioen azalpena) jasotzen du. Zuzenketa hori Ekonomia eta Ogasun Batzordean egindako eztabaidan irizpenari gehitutako 12 zuzenketei gehitzen zaie, Navarra Sumaren 11 eta Izquierda-Ezkerraren 13 zuzenketak ezetsi baitziren.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru Lege proiektua (127. NPAO, 2022-11-09koa)
  • Zuzenketak (134. NPAO, 2022-11-22koa)
  • Zuzenketak (141. NPAO, 2022-12-12koa)
  • Irizpena (147. NPAO, 2022-12-21ekoa)