Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 5

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela. ‘Erreferendumari buruzko gogoetak. Quebeceko eta Eskoziako esperientziak’

Juan José Solozabalek uste du Konstituzioa erreformatzen ez den bitartean ezin direla galdeketara eraman Estatuaren konfigurazioari edo ordena konstituzionalari buruzko erabakiak

Juan José Solozabal Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Konstituzio Zuzenbideko katedradunak gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan hitzaldia egin du eta bertan Erreferendumaren argi-itzalak aztertu ditu, erreferenduma plebiszitu-figura den aldetik. Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelak antolatu du hitzaldia.

 

Unai Hualde foru legebiltzarreko lehendakariak sarrera hitzak egin eta testuingurua azaldu du. “Gaur-gaurko gai bat da, ez daude alferrik erreferendumak eztabaida politikoaren erdigunean; hortxe dugu Kataluniakoa, edo Eskoziako Parlamentuak independentziari buruz beste galdeketa bat egiteko egin berri duen eskaera”, esan du.

 

Ildo horretan, afera garrantzitsuen gainean erabaki ahal izateko eskakizun etengabea aipatu du lehendakariak, eta gogora ekarri du gero eta ohikoagoa dela “legegintzako herri ekimenetara eta tokiko herri galdeketetara jotzea”. Azkenik, “erabaki politikoetan edo interes publikokoetan gehiago parte hartu ahal izatea berezkoa dute Nafarroakoa bezalako gizarte mobilizatu eta aldarrikatzaileek”, adierazi du.

 

Amaitzeko, Unai Hualdek 2019ko martxoaren 14an onetsi zen Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Legearen inguruko “eztabaida juridiko interesgarria eta ondoren Estatuarekin lortu zen akordioa” gogoratu ditu, “arazo politikoei irtenbideak bilatzea” zein garrantzitsua den azpimarratzeko. “Kontrakoa okerreko bidea da. Hori ongi dakigu parlamentu honetan, asko eztabaidatu baitugu erabakitzeko eskubideaz eta parlamentu zein gobernuek galdeketetara deitzeko duten ahalmenaz. Elkarrizketaren eta adostasunaren onurak, berriz diot, beti nagusitu behar dira liskarrerako joeraren gainetik”.

 

Ondoren, Asunción de la Iglesia, Zuzenbideko Ikasgelako zuzendaria eta Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea, Juan Jose Solozabali buruz aritu da. Legelari eta artikulugile ospetsua da, federalismoan, nazionalismoan eta foralismoan aditua, eta Espainiako bizitza politikoarekin harreman estua du analista gisara, aztergaia antolaketa politikoa izan nahiz klase gidariaren jarrerak edota haien ingurunea izan.

 

Bere esperientziatik abiatuta, Juan José Solozabalek erreferendumari buruzko Espainiako ikuspegi konstituzionala, galdeketa motak eta Konstituzio Auzitegiak plebiszituaz duen ikusmoldea azaldu ditu.

 

Hala, irakasle errioxarrak aurrez aurre kokatu ditu erreferenduma, zuzeneko demokraziaren mekanismo gisara, eta ordezkaritzako demokrazia, 1978ko Konstituzioaz geroztik indarrean dagoena, adibidez. Gero Konstituzioaren 92. artikulua aipatu du, “fundamentalista askok uste dutenaren kontra, garrantzizko gaiei buruzko kontsulta-erreferendumek erabaki mugaturako” bidea ematen dutela azpimarratzeko.

 

Esandakoaren harira Solozabalek argitu duenez, “Estatuaren konfigurazioarekin edo ordena konstituzionalaren antolaerarekin zerikusia duten erabakiak ezin dira galdeketara eraman Konstituzioa erreformatzen ez bada. Kontsulta-erreferendum autonomikoa ezinbestean nazionala da, halaxe agintzen baitu gaur egun 92. artikuluak. Bertan argi eta garbi xedatzen da garrantzi handiko erabaki politikoen kasuan herritar guztien kontsulta-erreferenduma egin ahal izanen dela”.

 

Hala ere, Solozabalek ohartarazi duenez, “ordezkaritzako demokraziaren eta zuzeneko demokraziaren arteko bateragarritasuna dela eta Konstituzioaren egileak uzkur agertzen badira ere, bederatzi erreferendum mota ere aurreikusten dira, tartean Konstituzioa bera eta autonomia estatutuak erreformatzeko erreferendumak, garrantzi politiko handiko gaiei buruzkoak edota Nafarroa EAEn sartzeari buruzkoa”.

 

Azkenik, Solozabalek berretsi du ezin daitekeela Konstituzioaren 92. artikulua baliatu “bestela bezala autodeterminazio-erreferendum bat antolatzeko. Horrek ez du esan nahi Konstituzioa ezin erreformatu daitekeenik. Eskaera onartzeko modukoa dela iritziz gero, erreformatu daiteke, ez baikaude testu aldaezin baten aurrean. Nire iritziz, Konstituzioak ez ditu nazionalismoak bazterrean utzi behar; barnean bildu behar ditu, baina leialtasunean oinarrituta”.

 

Jarraian, Fernando Simón Yarza, Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakasle titularra, moderatzaile aritu da Quebeceko eta Eskoziako esperientziak hizpide izan dituen solasaldi batean. Izanen da zuzeneko demokraziaren bi adibide horiek pluralismoaren, tolerantziaren eta askatasunaren forma gorentzat hartuko dituenik.

 

Mahai inguruan izan dira Alejandro Torres NUPeko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna, Alberto López EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta Josep María Castellá Bartzelonako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna.

 

Alejandro Torresek aztergai hartu du Quebeceko kontsulta-esperientzia, hango gobernuak 1995ean sustatutakoa probintzia horren independentziaren inguruan. Kanada osatzen duten hamahiru entitate federaletako bat da. Bozketa 1995eko urriaren 30ean egin zen, eta emaitza independentziaren aurkakoa izan zen alde txikiaz.

 

Hortik, Torresen ustez, hainbat ondorio atera daitezke. “Kanadaren ikuspuntutik, ondorioztatu behar da ez dagoela alde bakarreko konponbiderik. Espainiako Zuzenbidearen ikuspuntutik, Kanadako ordenamenduan ez bezala, han ez baitago erreferendumei buruzko araudi zehatzik, Espainian Estatuak du erreferendumera deitzeko eskumena, eta hori ez da hutsala. Eta Auzitegi Gorenaren ikuspuntutik, elkarrizketa lehenetsi behar litzateke, eta kontuan izan itsumustuan hartutako erabakien ondorio ekonomikoak”.

 

Bestalde, Josep María Castellák adierazi duenez, 1980ko eta 1995eko kontsulta-esperientzia sezesionistak gorabehera erreferendumak “bazterreko lekua” du Kanadako historian. “Demokrazia konstituzional eta ordezkatzaile bat da. Kanadako Gorte Gorenak dio azalkeria limurtzailea litzatekeela demokrazia gehiengoaren arauarekin lotzea. Afera konstituzional garrantzitsuetan, erreferenduma egokia izan daiteke. Espainian hala aurreikusten da, Kanadan ez. Uste dut sezesionismoaren auziak dagoeneko ez duela leku nagusirik eztabaida publikoan. Quebeceko belaunaldi baten kezka izan zen, eta oraingoak beste gauza batzuk ditu buruan”.

 

Azkenik, Alberto López Eskoziako 2014ko erreferendumaz mintzatu da. Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko akordio baten ondorioz egin zen, zeinean Eskoziaren independentziari buruzko erreferendum baten oinarriak ezarri ziren. Ezezkoak irabazi zuen, botoen % 55,3 bereganatuta. Sezesioen aldekoek botoen % 44,7 lortu zuten.

 

Lópezen iritzian, “konstituzio sistema britainiarra, Kanadakoaren iturria, aparta da. Konstituzioaren kontzeptu politiko batetik abiatzen da. Ez dago testu kodeturik, juridikoki haien Konstituzioa ez dago arau arrunten gainetik. Subiranotasun parlamentarioaren printzipioan oinarrituta garatzen da, eta printzipio horrek Konstituzioaren mugikortasuna ahalbidetzen du itxuraz, baina gero, kontrapisu mekanismoei esker, egonkorrenetarikoa da”.

 

Gehiago sakonduz, eta Eskoziako 2014ko plebiszitua nolako esparruan garatu zen argitu nahian, Lópezek berriz esan du “konstituzio sistema britainiarrean erreferenduma salbuespenezko eta oraintsuko erakundea” dela. Galdeketaren ideia XX. mendearen lehen erdia igarota hasi zen onartzen Erresuma Batua. Gero zera gertatu zen, erreferendumaren sustatzaileen hasierako helburua Eskoziaren autonomia handitzea baizik ez zela, baina boto emaileen % 45ek baietz erantzun ziotela Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke? galderari. Beraz, ba al zekiten eskoziarrek zer nolako independentzia ari ziren bozkatzen?”.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi da sistema politiko eta parlamentarioa.

 

Xede hori garatzeko, Ikasgelak urtero jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzen ditu, entzute eta maila zientifiko handiko hizlariekin.

 

Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko Sailak kudeatzen du Ikasgela, 2002an sortu zenez geroztik unibertsitate horren esku baitago, Nafarroako Parlamentuarekin egindako hitzarmen baten ondorioz.