Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Urriak 18

‘Boteretsuak’ emakume taldeak emanaldi artistikoa eskaini du Nafarroako Parlamentuan

Unai Hualdek Ganberak berdintasunarekin eta indarkeria guztien amaierarekin duen konpromiso irmoa berretsi du

Nafarroan bizi diren emakume migratzaileen Boteretsuak taldeak emanaldi artistikoa eskaini du gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan. Indarkeria mota desberdinak bizi izan dituzten emakume taldea da, besteak beste, prostituzioa eta sexu-esplotaziorako salerosketa, bai eta bestelako indarkeria matxistak. Nafarroako Acción Contra la Trata (ACT) elkarteak bultzatutako ekimena da, ikuspegi artistiko batetik ”munduko emakume guztien eskubideen aldeko borroka” bultzatzeko, kasu honetan “migrazio-historia desberdinetatik” abiatuta.

 

Boteretsuak taldearen ikuskizuna pandemia garaian Suakairen ekoizpen musikalarekin grabatutako Libres para soñar disko-liburuan jasotako hamabi kontakizunetan eta bost abestietan oinarritu da. Bederatzi nazionalitatetako 50 emakumek baino gehiagok osatutako “laguntza-sarearen” borroka, itxaropen eta ahizpatasun mezuek bete dute Parlamentuko atalondoa, eta ondoren solasaldi bat egin dute bertaratutakoen parte-hartzearekin.

 

Aldez aurretik, hasierako agurrean, Unai Hualde presidenteak Legebiltzarrak “berdintasunarekin eta indarkeria guztien amaierarekin duen konpromiso irmoa” berretsi du, eta Ganberak bide horretan “urratsak ematen eta salatzen jarraitzen” duela adierazi du. “Eskubideak urratzen direnean, batasuna bilatu behar da. Baina gaur garrantzitsuena zuek zarete, asko elkarbanatzen duzuen emakume-talde bat, baina guztiaren gainetik zuen eskubideak defendatzea eta emakumeen aurkako indarkeriekin amaitzea bilatzen duen talde bat. Eskerrik asko hemen egoteagatik”.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Inma Jurío, lehen lehendakariordea, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria, Isabel Olave, Ángel Ansa (Navarra Suma), Nuria Medina, Arantza Biurrun (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra), Javier Remírez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria eta Patxi Vera, Arartekoa.