Noiz argitaratua Larunbata, 2025.eko Otsailak 15

“Bakea eta Askatasuna Saharako Herriarentzat” parlamentu-taldeen arteko Konferentziak Nafarroa izendatu du 2026an eginen den XXIX. edizioaren egoitza

Izendapena gaur egin da, Oviedoko Conde Toreno Jauregian izandako jardunaldian

“Bakea eta Askatasuna Saharako Herriarentzat” parlamentu-taldeen arteko Konferentziak Nafarroa izendatu du sahararren alde lan egiten duten taldearteko parlamentarioek urtero egiten duten bilkuraren XXIX. ediziorako, zeina 2026an izanen baita.

 

Zehazki, Nafarroako ordezkaritzak gure erkidegoak jardunaldi horiek antolatzeko eginiko proposamena aho batez onetsi dute atzotik Asturiasko Printzerrian ospatzen ari den aurtengo edizioko parte-hartzaileek.

 

Ostiraleko jardunaldiaren ostean, gaurko Konferentzian bi lan-bilkura egin dituzte, zeinetan parte hartu baitute, besteak beste, Sahararrekin solidarioak diren erakundeen Estatuko Federazioko lehendakari Carmelo Ramírez jaunak eta  SEAD-ekin solidarioak diren erakundeen Estatuko Koordinadorako lehendakari Maite Isla andrea.

 

Parlamentuarteko Konferentziaren azken zatian 2024ko EUCOCOaren konklusioak aztertu dira eta 2025eko Konferentziaren Adierazpena eztabaidatu eta bozkatu da.

 

Gogora ekarri behar dugu Nafarroako Parlamentuak Oviedon eginiko Konferentzian parte hartu duela asteburu honetan, taldeartekoko kide hauen ordezkaritzarekin: Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa TP), taldearteko koordinatzailea, Pedro González (UPN TP), Ibai Crespo (PSN TP), Eneka Maiz (EH Bildu TP), Isabel Aranburu (Geroa Bai TP) eta Irene Royo (PPN TP). Nafarroako ordezkaritzari Hamdi Aomar Ahmed jauna gehitu zaio, zeina Sahararen ordezkaria baita Foru Komunitatean.

 

Hain zuzen, Carlos Guzmánek nabarmendu du Nafarroa hautatu izana heldu den urtean jardunaldi hauek antolatzeko. “Izendapen hau, oso berri ona izateaz gain, aukera ederra da Nafarroaren eta sahararren herriaren arteko lotura solidarioak indartzeko”, esan du.

 

Adierazi duenez, “Saharar harriaren eta Nafarroaren arteko loturak oso indartsuak dira entitate solidarioen lan iraunkorrari esker, eta, ekitaldi horren bidez, gure Parlamentua Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoarekiko elkartasun politikoaren gure herrialdeko hiriburua izanen da egun batzuetan”.