Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Urriak 6

“Euskara ibiltaria” erakusketaren inaugurazio-ekitaldia

Erakusketa euskalkietan murgiltzen da, Euskaltzaindiak prestaturiko Euskararen Herri Hizkeren Atlasa abiapuntutzat hartuta, eta urriaren 31ra arte ikusi ahalko da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza andreak inauguratu du gaur arratsaldean Euskara ibiltaria izeneko erakusketa, zeina euskalkietan murgiltzen baita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa abiapuntutzat hartuta. Atlas hori Euskaltzaindiak azken lau hamarkadetan eginiko lan finaren emaitza da.

 

Erakusketaren xedea da, Ainhoa Aznárez Igarzak erakusketa inauguratzeko hitzaldian esan duenez, “Nafarroako herritarrei gure historiaren zati bat gerturatzea, Foru Komunitatean lehenbiziko aldiz aurkezten den altxor bat, nafar herri guztiaren etxean harro hartzen duguna”.

 

Lehendakariak adierazi duenez, Euskaltzaindiak bultzaturiko erakusketa hau da “hizkuntzarekiko, hain berezkoa eta estimatua den kultur ondasunarekiko, izan beharreko maitasun, arreta eta zaintzaren eredu; izan ere, hizkuntza da gure harremanetan erabiltzen duguna; baita gure aurrekoek, gure oraina eraiki zutenek, erabiltzen zutena ere”.

 

Hala, Euskaltzaindiari eskerrak eman ondoren “euskararen irudiari duintasuna emateko” eginiko lanagatik, lehendakariak gizarte osoari dei egin dio Nafarroa bilaka dezan hain antzinako bezain egungoa den hizkuntzaren bozgorailu eta erreferentzia, herritarren ondare paregabe eta altxor ukiezina baita”.

 

Testuinguru horretan, eta Rafael Yuste neurobiologo espainiarraren haurnarketa batzuk bere egin ostean –”bizirik dirauen hizkuntza aurre-indoeuropar bakarraren gramatika-egiturak liluratuta”, ausartu zen esatera “Europako ikastetxe guztietan irakatsi beharko litzatekeela”–, Ainhoa Aznarezek legezko babesa eskatu du bere ustez parekorik ez duen kultur ondasun batentzat. “Norbere kabuzko aitorpenik ezean, beharbada norberaren kulturarekiko maitasun faltagatik, ezinbestekoak dira hizkuntzen balioa babesteko legeak”.

 

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du Euskaltzaindiaren “izaera zientifikoa”, “haren benetako muina”, eta “gure ondarearen ondasun estimatuenetakoa den euskara bezalako hizkuntza bizi, aberats eta mugimenduz beterikoa balioan jartzeko saioaren atzean dagoen ahalegin dibulgatzailea”.

 

Euskaltzain eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) zuzendari Adolfo Arejitak aipatu ditu anitza bere batasunean eta sakona bere heterogeneotasunean ikusten duen hizkuntzaren aberastasuna, aniztasuna eta sakontasuna.

 

Lina Andueza eta Ana Telletxeak musikaz osatu dute ekitaldia.

 

Euskara ibiltaria erakusketa nagusiki ikusizko edukia duten mapa eta informazio-oholek osatua dago, zeinek era didaktiko eta atseginean laburbiltzen duten euskal lurralde osoan urte luzez eginiko landa-lanaren emaitza. Atlasa taxutzeko erabilitako argazkiak, grabazioak, kaierak eta bestelako materialak ere biltzen ditu, bai eta ikerketa prozesu luze horren ondorioz sorturiko argitalpenak ere.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egonen da ikusgai urriaren 31ra arte, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 14:00etara larunbatetan.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, zenbait foru parlamentari –Iñaki Iriarte, Cristina Altuna (UPN), Unai Hualde, Patxi Leuza, Virginia Alemán, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Laura Pérez, Fanny Carrillo, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío (PSN), Marisa de Simón (I-E)–, Aritz Romeo (Iruñeko Udaleko zinegotzia), euskaltzainburu Andres Urrutia eta zenbait euskaltzain.