Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urriak 11

“Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Eguna” ospatzeko ekitaldia

Legebiltzarrak bere egiten du kultur aniztasunaren defentsa eta herri indigenen ordezkariek ohartarazten dute “Ekuadorren Lenín Morenoren diktadura egiten ari den sarraskiaz”

Duela bi urte, Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Eguna izendatu zen urriaren 12a, eta horren karietara Nafarroako Parlamentuak “Indigenen Erresistentziaren Eguna” ospatzeko ekitaldi bat antolatu du. Ekitaldi horretan, “kultur nortasuna eta aniztasuna zaintzea"ren garrantzia nabarmentzeaz gain, “Lenín Moreno Ekuadorko diktadorea egiten ari den giza eskubideen urraketa” salatu da.

 

Ekitaldia Parlamentuko bigarren idazkari Maiorga Ramírezek ireki du. Azaldu duenez, urriaren 12a Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Eguna izendatzearen xedea da “oroimen historikoaren berreskurapenean laguntzea eta, aldi berean, kultur aniztasunaren aberastasuna agerian jartzea”.

 

Hala, nabarmendu du urriaren 12aren atzean dagoena ez dela Kolon Amerikara iritsi izana ospatzea, zeharo zorizko gertaera, eta aldiz, herri indigenen ezaugarri den kultur aniztasuna ospatzen dela. Halaber, Ramírezek adierazi duenez, “Nafarroa aniztasunaren erakusgarri argia da. Hemen kultura askotako pertsonak bizi gara elkarrekin, eta horietako asko genozidio kolonizatzailea pairatu zuten herri haien ondorengoak dira. Pertsona guztien eskubideekiko errespetua eta bermea aintzat hartuta, edozein direla ere haien jatorrizko herrialdea, ideiak eta hizkuntza, horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Izan ere, aniztasunak aberastu egiten gaitu”, berretsi du.

 

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola andreak adierazi duenez, “kultur aniztasuna ezin da erabili giza eskubideen errespetuarekin bateraezinak diren jardunbideak edo adierazpenak justifikatzeko, halakoak izateagatik pertsonen duintasunaren kontrakoak baitira. Gaur eta hemen, Nafarroaren kultur aberastasun guztia balioan jarri nahi dugu, bai historikoki gure izan dena bai eta, gure adierazpideen eta sormenaren haztea eraginez, gure erkidegoko kultur ekosistemaren parte bihurtzen doan hori guztia ere. Guztion ondarea da eta, UNESCOk dioen moduan, indartu egin behar dugu”, esan du.

 

Ekitaldia irekitzeko aukeraturiko manifestua irakurri dute Ekuador, Bolivia eta Peruko ‘Integración sin Fronteras’ elkarteetako ordezkariek, eta, azpimarratu dutenez, “estatuek kultur aniztasuna babesteko eta inklusioa eta parte-hartzea bultzatzeko lagungarriak izanen diren politikak sustatzeko betebeharra dute”.

 

Halaber, “denok gara berdinak, desberdinak garen heinean” premisa aintzat hartuta, erronka da “entzuten, ez diskriminatzen, aniztasuna onartzen eta askatasuna minik eragin gabe baliatzen ikastea”.

 

“Historiaren gaineko etengabeko hausnarketa”ko testuinguru horretan, eskatzen da halako elkarrizketa bat non “jatorrizko herrien giza eskubideen sustapena azpimarratuko baita, herri horiek kultur ondare baten edukitzaile, nortasun, hizkuntza, ondare eta historiaren alorretako aberastasun baten edukitzaile, baitira, aitortua eta errespetatua izan behar dena, nahiz eta amankomunean ez eduki".

 

Amaitzeko, eta adierazi ondoren ezen "kultur nortasunerako eskubidea oinarrizko printzipio bat" dela, "zeinak, erakundeen, adierazpenen eta nazioarteko hitzarmenen aldezpena gorabehera, erabateko indarduntasuna erdietsi gabe segitzen baitu,", kulturen arteko topaketa ospatu beharra dagoela azpimarratzen da. "Kultur aniztasuna, biologikoa bezain derrigorrezkoa, gizadiaren ondare amankomuna da, eta hortik eratortzen da hura aitortu eta irmotu beharra, oraingo nahiz etorkizuneko belaunaldien mesedetan".

 

Jarraian, Fanny Carrillo mintzatu da, "Ekuadorren Lenín Morenoren diktadura aurrera eramaten ari den sarraski"aren jakinaren gainean jartzeko. "Ohartarazpen bat egiten diot Ekuadorrek Espainian duen enbaxadari, ezer gertatzen ari ez dela esan baitu, lotsagabekeria osoz. Errealitatea da giza eskubide guztiak ari direla urratzen; izan ere, jadanik 7 hildako eta 89 desagertu daude, adingabeak barne. Ekuadorren historia guztian ez zen horrelako ezer gertatu. Laguntza eskatzen dut; Nafarroan 15.000 ekuadortar senide baino gehiago ditugu".

 

Ekitaldian honako elkarteek parte hartu dute, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko parlamentariez gain: Ekuador, Bolivia eta Peruko Integración sin Fronteras; Contigo Perú; Danza Bolivia Tudela y Ribera; eta Compartiendo Raíces.