CANen arduradunek hartutako zein erabakik eraman duen gaur egungo egoerara zehazteko Ikerketa Batzorde bat sortzea bazter utzi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Nabai-k, PPNk, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, Ikerketa Batzorde bat sortzeko proposamena bazter utzi du gaur. Ikerketa Batzordea bideratua dago “zehaztera CANen arduradunek (Administrazio Batzordea eta Zuzendaritzako kideak) hartutako zein erabakik eraman duen Foru Komunitatea bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galtzera”.
Zioen azalpenean, Bildu-k, Nabai-k eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako Ikerketa Batzordea sortzeko proposamenak “kudeaketa eta erabaki prozesuek” ezaugarri izan dituzten “opakotasuna eta gardentasun eza” gaitzesten ditu; horiek izan baitira “Nafarroaren garapenean eta modernizazioan parte hartze gehiena izan duen finantza-tresna galtzea” eragin dutenak.
Horri dagokionez, ekimenaren sustatzaileek baieztatzen dute “Nafarroako herriak, bertako administrazio publikoak, enpresaburuak, autonomoak eta enpresa ertain eta txikiak” dagoeneko eragin ekonomiko “oso negatiboak” pairatzen ari direla, CAN beste banku entitate batek “saldu baino pixka bat lehenago zuen egiazko balorazioa baino askoz prezio baxuagoan” erosteak eragin dituenak.
Horregatik guztiagatik, bai CAN “egiaz desagertzeko” bai “sortzeko arrazoia izan zen gizarte- eta finantza-funtzioa betetzeko gaitasuna galtzeko” bidea ekarri zuten erabakiak “argitzea” eskatzen da. Hori guztia, ahaztu gabe “entitate formal gisa duen etorkizuna zalantzan jarri dela, Fundación Caja Navarra fundazioa kontrolatzeko Estatuaren esku hartze batek izan litzakeen ondorioak direla-eta”.