Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Martxoak 14

Espainiako Gobernua Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege proiektua erretira dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko Lege proiektua erretira dezan; izan ere, legeak ez du balio gizarte kohesionatuago eta bidezkoago bat garatzeko; hezkuntza eredu klasista eta segregatzaile bat sustatzen du, ez duena ekarpenik egiten ikasle guztien hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, zailtasun sozioekonomikoak dituzten ikasleak hezkuntza sistematik botako dituelako”.
 

Gainera, ebazpenak dioenez, proiektua “hezkuntza inklutsiboaren eta baterako hezkuntzaren aurka doa; ez du balio eskola-porrota eta eskola-uztea jaisteko eta ukatu egiten du hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea”.
 

Horrez gain, ez du jasotzen “oinarrizko prestakuntza integral eta komun bat ikasle guztientzat, behar adina trebetasun emanen diena gizarteko kide aktibo gisa askatasunez eta espiritu kritikoz integratzeko, jarduteko eta parte hartzeko”.
 

Era berean, “murriztu egiten du autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialen garapena, eta ekimen pribatuari lagatzen dio, botere publikoaren kaltetan, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzea”.
 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpenak ohartarazten du ezen UNESCOren gisako nazioarteko erakundeen irizpideek hezkuntzan “inbertsio handiagoa” egitea eskatzen dutela, baina Espainian eta Nafarroan “politika murriztaileak” aplikatzen ari direla, zeintzuek sistemaren “kalitatea eta ekitatea” erasotzen duten, era horretan, “aniztasunari arreta emateko gaitasuna kaltetuz”, bai eta eskola-porrota eta eskola-uzte tasa altuak desagerrarazteko” gaitasunak kaltetuz ere.
 

Ildo horretan, “murriztutako 5.212 milioiak” eta Alderdi Popularraren Gobernuak 2015eraino doitzea pentsatzen dituen beste “15.000 milioiak” gaitzesten ditu; horrek “hezkuntzaren gastu publikoa orain dela 25 urteko zifretara murrizteaz gain, ELGAn eta EBn atzeko postuetan kokatuko” bailituzke.
 

www.parlamentodenavarra.es
Mozioaren argitalpena (NPAO, 10. zk., 2013-01-25ekoa)