Parlamentuak LOMCE errefusatzen duela adierazten duen ebazpena onetsi dute
Arrazoitzen da ezen lege proiektua "uniformizatzailea, ideologizantea, eta hizkuntzari dagokionez murriztailea" izateaz gainera, "berdintasunaren aurkakoa eta ikuspegi neoliberalekoa" ere badela
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez “Parlamentuak LOMCErekiko bere desadostasun osoa adierazi eta berau errefusatu” egiten duen. “Ondorioz, Espainiako Gobernua premiatzen du proiektua bertan behera utz dezan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaion “nafar herritarron hezkuntza eta hizkuntza eskubideak modu aktiboan defenda ditzan LOMCEren inposaketaren aurrean.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafar Gobernua premiatzen du “LOMCE onartzen bada, gure eskumenak baliatu eta Nafarroan ezar ez dadin bide guztiak urra ditzan”.
Azkenik, I-Ek hala eskatuta, Nafarroako Gobernuak “LOMCEren aurka urriaren 24rako estatu osoan deitu diren mobilizazioak babesten ditu eta nafarrei parte hartzera dei egiten die, era horretan, aukeren berdintasunei dagokienez atzerakada itzela dakarren legea geldiarazteko”.
Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak Nafarroako Gobernua premiatzen du LOMCE “errefusatzeari” dagokionez Parlamentuak iragan astelehenean adierazpen instituzional baten bidez agertu zuen jarrera bere egin dezan eta, ildo horretan, azpimarratzen du lege proiektuari “uniformizatzailea, ideologizantea, eta hizkuntzari dagokionez murriztaileaz” gainera, “berdintasunaren aurkakoa eta ikuspegi neoliberalekoa” deritzola.
Proposatu dutenen ustez, “eskola-porrotaren eta hezkuntza sistemaren kalitatea handitzeko aitzakiekin”, gobernu zentralak “irakaskuntzan gaztelania zabaldu eta hizkuntza propioen garrantzia eta presentzia murriztu” nahi du. “Inboluziozko” testuinguru honetan, euskara “ez da enborrekoa izango, espezialitatekoa baizik”. Horrek esan nahi du “ez dela ebaluagarria izanen etapa amaieretako probetan, ezta DBHko oinarrizko titulazioa lortzeko proban ere”.
• www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 63. zk., 2013-06-10ekoa)