Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 42. artikulua aldatzea bazter utzi dute
Donapea udalez gaindiko plan sektoriala bazter geratu delako berria jaso ondoren, sozialistek eta atxiki gabekoek Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek adostutako in voce-arekin bat egin eta ondorioz, azken horiek gutxiengoan geratu dira
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren alde emandako botoekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatzen duen Foru Lege proposamena bazter utzi du gaur. Atxiki gabekoek ez dute bozketan parte hartu.
Lehenago, sustapeneko kontseilari Luis Zarraluquik parte hartze bat egin du Gobernuak udalez gaindiko plan sektoriala bazter utzi duela adierazteko. Asmoa orain Donapea LHI dagoen lekuan ikerketarako hiru zentro ezartzea eta San Jose (Etxabakoitz) lur sailean lanbide heziketarako kanpus bat sortzea da.
Gobernuaren asmoaren berri jakin ondoren, sozialistek eta atxiki gabekoek Bildu-k, Aralar-Nabaik eta Izquierda-Ezkerrak Donapea udalez gaindiko plan sektoriala bertan behera uzte aldera adostu duten in voce zuzenketari emana zioten babesa erretiratu dute.
Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek bultzatu duten foru legeak (eztabaidaren aurretik atxiki gabekoek haien sinadura kendu dute) xede zuen “udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialen araudi indardunaren ondorio horiek zuzentze aldera, horien definizio askoz ere zorrotzagoa egitea, hartara, Nafarroako toki entitateen hirigintza arloko eskumenak inbaditzen ez dituen eta lurraldea “egituratzen” laguntzen duen tresna bat “mantentzeko”.
Horretarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 42. artikuluari bosgarren idatz-zati bat gehitzea proposatzen zen, halatan, “aldez aurretik izapidetu den eta kasuan kasuko udaleko osoko bilkurak bazter utzi duen” hirigintza aldaketarako proposamen oro udalez gaindiko plan edo proiektu sektorial gisa burutzea ezinezko egiteko.
Honela zioen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatzeko lege proposamenaren artikulu bakarrak:
“42.5. artikulua
Ezingo dira udalez gaindiko plan edo proiektu sektorialaren prozeduraren bitartez izapidetu aldez aurretik izapidetu diren eta kasuan kasuko udaleko osoko bilkurak bazter utzi dituen hirigintzarako aldaketa proposamenak”.
Xedapen iragankorra
“Foru Lege honetan xedatutakoa aplikatzekoa izanen zaie prestatzen eta izapidetzen ari diren eta Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko eragin deklarazioa oraindik adostu ez duen udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei”.
• www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 90. zk., 2013-08-26koa)