Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Abenduak 19

Saltoki Handien gaineko zerga arautzen duen Foru Lege proiektua onetsi dute

Irailean parlamentuak egin zuen erreformaren ondoren dauden biak 2.000 m2ko muga bakarrean bateratzen ditu, zenbatekoa 12euro/m2 mantentzen du eta gasolindegietara hedatzen du zerga ordaintzeko salbuespena

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta PPNren abstentzioarekin, Saltoki Handien gaineko zerga arautzen duen Foru Lege proiektua onetsi du gaur, 2.000 metro koadrotan zehazten duena gutxieneko azalera erabilgarri konputagarria, gasolindegiak zergatik salbuesten dituena eta metro koadroko tasa 12 eurotan mantentzen duena.

Araudi berri honen bidez zerga aplikatzerakoan sortutako “kudeatze eta ezberdintasun” arazoak konpondu nahi dira, hain zuzen ere, zergaren xedea baita merkataritza-guneen eta saltoki handien “ahalmen ekonomikoa kargatzea”, “kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak bere gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako ehunari eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez”.

Horretarako, jasotako diruaren eta saltoki txikiak bultzatzeko, garatzeko eta mantentzeko egindako inbertsioen arteko lotura eraginkor eta zuzena ziurtatze aldera, Nafarroako Parlamentuak iragan irailaren 17an saltoki handien gaineko zerga bat sortzeari buruzko 23/2001 Foru Legearen 3. artikulua aldatzea onetsi zuen. Bildu, Aralar-Nabai eta I-Eren ekimena izan zen eta UPNren eta PPNren aurkako botoak jaso zituen.

Era berean, Parlamentuak hiru hilabeteko epea eman zion gobernuari erreforma bat aurkez zezan, horretarako gehitu zen xedapen iragankorrak xedatzen zuenez, ukituko zituenak “txikizkako merkataritzan aritzen diren saltoki indibidual edo kolektiboak, balio anitzekoak zein espezializatuak, baldin eta produktuak eta zerbitzuak saldu eta erakusteko 2.500 metro koadro baino handiagoko azalera erabilgarria badute, Iruñean eta Iruñerrian kokatzen badira, 12.000 biztanle baino gehiago badituzte, eta Nafarroako Foru Komunitateko gainerako herrietan kokatzen badira 1.500 metro koadro baino gehiago badituzte”.

Zehaztapen horren bidez, 2010ean Nafarroako merkataritza arautzeari buruzko foru lega aldatzean sortutako “interpretazio arazoa” konpondu nahi zen, zeinak Iruñerriatik kanpo kokatzen diren eta 1.500 eta 2.000 metro koadro arteko azalera duten merkataritza-gune handiak tasa hori aplikatzetik salbuetsi zituen. Irakurketa horrek zerga horrek ukitutako enpresen zenbatekoa 200etik 16 ingurura murriztu omen zuen.

Orain, Gobernuak hala eskatuta muga bakarra bateratzen da, produktuak saldu eta erakusteko 2.000 metro koadroko azalera erabilgarria, Parlamentuak gehitutako zehaztapenaren bidez dauden biak (2.500 m2 Iruñerriarako eta 12.000 biztanle baino gehiagoko herrietarako eta 1.500 m2 Nafarroako gainerako herrietarako). Zergaren subjektu pasiboak saltoki handi indibidual baten titularrak izango dira (jadanik ez da kategoria horretako merkataritzarako lizentziarik eskatzen), merkataritza-gune handi eta kolektibo batean kokatuta egon ala ez.

Zerga ordaintzetik salbuesten diren negozioen artean automoziorako erregaien hornikuntzaren arloan aritzen direnak gehitzen dira, eta, dagoeneko 2001eko legean jasotzen zirenak mantentzen: lorezaintzaren arlokoak, ibilgailuen salmentarenak eta eraikuntzako materialenak, baita makineriaren eta industria hornigaien salmentarenak ere. Bestalde, altzariak, saneamendurako artikuluak, ateak eta leihoak eta brikolajeko gauzak saltzen aritzen diren saltokiek likidazio oinarria zehazterakoan zerga-oinarriaren ehuneko 60ko murrizketa izango dute.

Testu berriak 12 eurotan mantentzen du metro koadroko karga-tasa, baina zehaztasun gehiago sartzen du kontuan hartuko den azalera konputagarria zehazterakoan. Bi azalera motaz osatuko da, produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaz eta aparkalekurako azaleraz.

Azalera erabilgarriari dagokionez, halakotzat hartzen da produktuak erakusteko eskuarki edo aldi baterako erabiltzen dena, bai eta jendea pasatzeko tokiak eta produktuak aurkeztu, eman eta kobratzekoak ere. Ez dira sartuko, berariaz bulegoak, aparkalekuak, zamalanetarako eremuak eta biltegiak, erosleei itxitakoak, eta, oro har, sarbidea mugatua duten gune edo instalazio guztiak. Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da, 2.000 metro koadroko azalera salbuetsirik.

Bestalde, aparkalekuetarako azaleratzat hartzen da ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen dena, edozein dela erabilerarako gaitzen duen titulu juridikoa, dela saltoki edo merkataritzako barrutiko erosleen edo langileen zerbitzuan dagoena, dela salgaien zamalanak egiteko ibilgailuak erabiltzeko dena, estali gabekoa edo estalia izan, eta barne hartuta ibilgailuak eta pertsonak ibiltzeko eremuak, kontrolerako guneak edo zerbitzuarekin lotutako beste edozein.

Aparkalekuko azalera zein den jakiteko, legeak zenbait arau ematen ditu eta kontuan hartzen du aparkalekua saltoki batena berarena edo beste batzuekin batera komuna den, haien instalazioetan aparkalekurik ez duten, eta aparkalekuetarako azalera berariaz adierazirik ez egotea.

Edozein kasutan ere, xedatzen da aparkalekuetarako gutxieneko azalera produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren % 15ekoa izanen dela eta aparkalekuetarako gehieneko azalera, berriz, azalera erabilgarri horren % 50ekoa izanen dela (Aralar-Nabaik hala proposatuta % 25 handitzen da).

Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da 2.000 metroko azaleraren eta produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren artean dagoen aldearen proportzioan. Azkenik, 0,9ko koefiziente murriztailea aplikatuko zaio.

Gainera, legeak zergaldia eta sorrarazpena arautzen ditu eta, oro har, zergaldia bat etorriko da urte naturalarekin, eta zerga urteko bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen sorraraziko da.

Azkenik, zergaren kudeatzea eta ikuskapena arautzen dira, horiek egitea Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio. Xede horrekin eta kudeatzea hobetze aldera, jadanik ez da derrigorrezkoa izango Ogasunak urtero subjektu pasiboen errolda bat egitea eta zergaren autolikidaziorako sistema batek ordezkatzen du.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 146. zk., 2013-12-13koa)