Noiz argitaratua Ostirala, 2014.eko Ekainak 27

Nafarroako Gobernua unibertsitatez kanpoko irakasleak hautatzean emandako kalifikazioen funtsa berma ditzan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

Esaten zen 37/2014 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuen hornidura arautzen duenak, "irekitzen dituen aukerek balizko irregulartasunak eragin ditzaketela"

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPN, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituztenekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “zenbait jardunbide ezar ditzan, hautapen-prozesuetan emandako kalifikazioen funtsa azaltzea eskatzen duten izangaiei hori eskaintzeko legezko betebeharra bermatze aldera, kasuko emaitzetara ailegatzeko jarraitutako irizpideak argiro adieraziz”.

Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “hautaprobak beti balora daitezen gutxienez ere hiru kalifikaziorekin, eta birpentsa dezan Arartekoak 13/818 espedienteari buruz egindako gomendioa onartzea”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “PAI izenekoen ezarpena geraraz dezan, harik eta azterlan serio bat egin arte horien funtzionamenduari eta emaitzei buruz, eta ez dezan inolaz ere jaits programa horietan eskolak emateko exijitzen den hizkuntzaren ezagutza-maila eta irakatsi beharreko espezialitateko titulazioa berma dezan”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatu duen mozioak zioen 37/2014 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuen hornidura arautzen duenak, “irekitzen dituen aukerek balizko irregulartasunak eragin ditzaketela”.

Memoriaren defentsari dagokionean, proposatu duen taldeak zioenez “irizpide bakoitza dela-eta emandako puntuazioa oinarritu behar hau ez doa epaimahaien erabakimen teknikoaren aurka, baizik eta lanpostu bat esleitzeko arbitrariotasunaren aurka”.

Ildo horretan, adierazten zenez hori “edozein hautapen-prozesutarako baliagarria dena, are eta galdagarriagoa da Hezkuntza Departamentuaren kasuan; izan ere, departamentuak irakasleei exijitzen die, kalifikazio-irizpide argiak ez ezik, azken puntuaziora nola iritsi den argi uztea ere”.

Epaimahaiei dagokienez, baieztatzen zenez hiru kidez baino gutxiagoz osatua egotea “kalifikazioen artean gehiegizko alderik ez egoteko aurretiazko betebehar gisa uler liteke”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 79. zk., 2014-06-24koa)