Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Urtarrilak 15

CANen desagertzearekin erlazionatutako erantzukizunak zehazteko Ikerketa Batzorde bat sortzea onetsi dute

Socialisten babesari esker atera da aurrera Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen ekimena, 2012ko urritik 2013ko ekainera bitarte egon ziren hiru saiakeren ondoren

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk haren aurka eman duen botoarekin, “CANen arduradunek (Administrazio Batzordea eta zuzendaritzako kideak) hartutako zein erabakik eraman duen Foru Komunitatea “bertako finantza-tresna garrantzitsuena galtzera” zehazteko Ikerketa Batzorde bat sortzea onetsi du gaur.


Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak gehitze zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular diren Bildu-k eta Aralar-Nabaik onetsi ez dutena. Zuzenketan eskatzen zuen batzordearen xedeen artea gehitzea “aztertu eta ebaluatzea Banka Zibikoaren bateratze prozesuen eta burtsara ateratzeko prozesuak, Caixabank xurgatzez fusio prozesuaren kudeaketa, eta aurretik aipatu diren prozesu guztietan kontuen ikusketarako enpresen jardutea”.


Gainera, sozialisten testuak Batzorde horren osaerari, antolamenduari eta funtzionamenduari dagozkien hainbat alderdi jasotzen zituen, nahiz eta Parlamentuko zerbitzuek helburu horrekin burutu zuten txosten juridikoak dagoeneko ondorioztatu zuen, besteak beste, ez dela egokia Osoko Bilkurak era horretako gaiak erabakitzea.


Zioen azalpenean, Bildu-k, Aralar-Nabaik, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek diotenez, beharrezkoa da “Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak hala eskatuta iragan abenduaren 1ean Foru Erregimenaren Batzordearen baitan ustelkeria kasuak prebenitzera eta politikoki zigortzera bideratutako ideiak lantzeko asmoz osatu zen Batzordeari gutxieneko sinesgarritasuna ematea”.

Horri dagokionez, ekimenaren sustatzaileek baieztatzen dute “Nafarroako herriak, bertako administrazio publikoak, enpresaburuak, autonomoak eta enpresa ertain eta txikiak” dagoeneko eragin ekonomiko “oso negatiboak” pairatzen ari direla, CAN beste banku entitate batek “saldu baino pixka bat lehenago zuen egiazko balorazioa baino askoz prezio baxuagoan” erosteak eragin dituenak.

Horregatik guztiagatik, bai CAN “egiaz desagertzeko” bai “sortzeko arrazoia izan zen gizarte- eta finantza-funtzioa betetzeko gaitasuna galtzeko” bidea ekarri zuten erabakiak “argitzea” eskatu dute berriro. Hori guztia, ahaztu gabe “entitate formal gisa duen etorkizuna zalantzan jarri dela, Fundación Caja Navarra fundazioa kontrolatzeko Estatuaren esku hartze batek izan litzakeen ondorioak direla-eta”.

Nafarroako Kutxaren Administrazio Batzordeak eta zuzendaritzako kideek izan zuten jokabidea dela-eta erantzukizunak argitzera bideratutako Ikerketa Batzordeak hiru saiakeraren ondoren egin du aurrera. Lehenengoa (2012-10-26) UPNren, SNren eta PPNren aurkako botoekin bazter geratu zen, eta beste bi gehiago berrikiago (2012-12-21 eta 2013-6-14) UPNren eta SNren aurkako botoekin. Hiru kasuetan, ekimenak Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek aurkeztu zituzten eta atxiki gabekoek bazter geratu zen azkena bakarrik.