Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Azaroak 5

Parlamentuak doako eta kalitatezko zerbitzu publikoekin konpromisoa hartu du

Pribatizatutako edo kontzertatutako zerbitzuak publiko bihurtzeko aukerei eta lehentasunei buruzko azterlan bat eskatu du, eta ospitaleetako sukaldeak berreskuratzeko konpromisoa berretsi du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta PSNren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Ganberak “konpromiso irmoa agertzen duen zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoen alde, baliabide publikoak pribatuen gainetik lehenetsiz eta erabiltzaileen zein langileen eskubideak bermatuz”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “albait lasterren azterketa xehea egin dezan pribatizatutako edo kontzertatutako zerbitzuetan arlo publikoak bere gain hartzeko aukerei eta lehentasunei dagokienez”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Parlamentuak “konpromiso irmoa agertzen du ospitaleetako sukaldeen pribatizazioa iraultzea babesteko, erabakia atzeraezina izan dadin. Era berean, zerbitzuaren berreskuratzea nola eginen den erabakitzeko prozesua ahalik eta parte hartzaileena izan dadin, sindikatuen, profesionalen eta erabiltzaileen iritzia jasotzeko bitartekoak jarriz”.

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “langile publikoen osasun laguntza bere osotasunean publikoa izan dadin urratsak eman ditzan, horretarako afera honetan inplikatutako eragile guztiekin elkarrizketa sustatuz, eta administrazioko Mahai Sektorial Orokorrean sindikatu guztiek adierazitako iritzia aintzat hartuz”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “osasun garraioaren arloan zerbitzua progresiboki publifikatzeko aukera, baldintzak eta epeak xeheki azter ditzan eta azterketa horren emaitza Parlamentuan azal dezan”.

Bien bitartean, Gobernua premiatzen da “enpresa pribatuekin egin litezkeen hitzarmen berrien gainetik, baliabide publiko guztiak erabiltzea lehenets dezan premiatu du, geldirik dauden suhiltzaileen anbulantziak barne”.

Zioen azalpenean, EH Bildu-k urriaren 29ko Osoko Bilkuran jorratutako jabelduratik eratorrita bultzatu duen ebazpenak Gobernuak oinarri duen Hitzarmen Programatikoa aipatzen du. Hartara, “krisiaren aitzakiarekin are nabarmenagoa egin den zerbitzu publikoen merkantilizazioak” zekartzan “merkeagoa eta eraginkorragoa” dioten falaziak gaitzetsi ondoren, nabarmendu du “politika sozialen zein osasungintzako arloetan lan-baldintzen eta zerbitzuen kalitatea kaltetu” egin dela.


Testuinguru horretan, proposatu duen taldeak sektore publikoa “gutxiesteko” joera dagoela azpimarratu du, eta ohartarazi du “pribatizazioez gain, enpresa pribatuak gainfinantzatzeko zeharkako bideak erabili” direla. Hortaz, baliabideak era eraginkorrean erabiltzeko apustua egiten duela berretsi du, erabiltzaileen eta langileen eskubideak errespetatzea barne.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 24.zk., 2015-11-03koa)