Noiz argitaratua Ostirala, 2016.eko Martxoak 4

Osoko bilkura monografikoa. 'Nafarroako gizarte politiken egoeraren azterketa'

PPN foru parlamentarien elkartearen ekimenez gaur Nafarroako Parlamentuak egin duen osoko bilkura monografikoaren hasieran, Ana Beltranek deitoratu egin du Gobernuak gizarte politiken arloan darabilen politika "okerra". Ildo horretan baieztatu du enplegua sortzen duten politikak direla onenak, Nafarroan ez dela enplegua sortzen ari, beste autonomia erkidego batzuetan bezala, eta, beraz enplegu-sorrera ez dagoela lan erreformari lotuta.


Ana Beltranek ohartarazi du Nafarroako oraingo buruzagiak Gobernura iritsi zirenetik "langabeen kopuruak errukirik gabe" egin duela gora.


Gaurko osoko bilkura "eraikitzailea eta ez suntsitzailea" izatea nahiko lukeela esan du Beltranek. Aurreratu du PPk Estatuko legegintzaldi honetan egindako "murrizketen" kritikak entzun beharko zituela "argudio errepikakor" gisa, eta ukatu egin du "behartsuenen defentsa ezkerraren ondarea" denik.


Lan erreforma dela eta, "autonomia erkidego guztietan" ezarri dela ohartarazi du. "Kasualitatez, beste erkidego batzuetan enplegua gora egiten ari da eta lanpostuak sortzen ari dira, eta hemen ez", esan du, eta gaitzetsi egin du PPren lan-erreforma enpleguaren suntsiketarekin lotzen duen "argudio antzu, eskas, alferrikako eta bidegabekoa".

UPN gizarte zerbitzuen sistema misto "sendoaren" alde agertu da


Javier Esparzak (UPN parlamentu-taldea) "dezepzioa" agertu du Uxue Barkosen Gobernuaren jokabideagatik, eta gizarte zerbitzuak emateko sistema "eraginkorra eta sendoa" aldeztu du, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritu behar dena, Administrazioa izanik sistemaren erantzulea.


UPNko burua "gizarte prestazioen sistema publikoa" indartzearen alde agertu da, esanez kudeaketak mistoa izan behar duela, publikoa eta pribatua, baina erantzukizunak, berriz, publikoa bakarrik, eta "hain beharrezkoa den" udalen bidezko finantzaketa indartu egin behar dela.


"Diagnostiko goiztiarraren bidezko prebentzioa" eta profesionalen prestakuntza dira beste jarduketa gune batzuk, UPNren iritziz. Gainera, "ahalegin berezia" egin nahi du genero-indarkeriaren aurka eta herritar guztien arteko berdintasunaren alde, "bai eskubideetan bai betebeharretan".


Javier Esparzak, gainera, "dezepzioa" eta are "etsipena" agertu du egungo Gobernuak arlo horretan egindako lanarengatik. Hauteskunde kanpainan "direnak eta ez direnak agindu zituen" eta, jada Gobernuan, ez du hitza bete eta "identitate kontuetan ari da lanean".


Hori guztia azaldu aurretik Esparzak Nafarroako eredua defendatu du esanez "eredu aurreratuenetakoa" dela gizarte arloan, eta UPNko lehengo gobernuek ez dituztela "zailtasun gehien dituztenak unerik larrienean ahaztu". Hala ere, "bertan goxo" ez egiteko eskatu du.

Geroa Bai gizarte prestazioen sistema "bermatzailearen" alde agertu da


Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) gaurkoan gizarte zerbitzuen sistema "bermatzaile, unibertsalista, nahikoa eta zalantzarik gabe erantzukizun publikokoa" aldeztu du, baina "ainguratze instituzionala" izanen duena prestazioetarako eskubidea bermatzeko.


Nafarroako gizarte politiken egoerari buruz egin duen hitzaldian Martinezek agindu du buelta emanen diola UPNko aurreko gobernuekin indarrean egon den "pribatizaziorako joerari".


Haren taldeak, Gobernuan dituen erantzukizunetan, "ez dio uko egin ongizate-estatuaren konkistari", ez eta "autonomia, gizarteratzea eta gizarte kohesioa sustatzeari" ere, sistema "bermatzailea, unibertsalista, nahikoa eta zalantzarik gabe erantzukizun publikokoa" dela medio.


Martinezek azpimarratu egin du gizarte zerbitzuen lana "krisi garaietan are garrantzitsuagoa" dela, eta deitoratu egin du horrek kontrastea egiten duela "UPNk eta PSNk txanda izan dutenean erabili dituzten politika zorigaiztokoekin".


Baikor aurreratu du, aldiz, Nafarroak laster izanen duela "bermatutako errenta bat, unibertsala eta behar adinakoa, adingabeak bereziki babestuko dituena, eta estaldura diru sarrera apur bat handiagoak dituztenengana ere hedatuko duena".


Bere taldearentzat garrantzi berezia duten beste gai batzuk ere jorratu ditu, hala nola adingabeen gizarte babesa edo garapenerako lankidetzarako laguntza.

EH Bilduk "aberastasuna birbanatzeko ahalmen osoa" aldarrikatu du


Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) eskumen publikoko gizarte prestazioen sistema aldarrikatu du gaur. Beraren esanetan, Nafarroan halako sistema bat ezarri ahal izateko, "gure aberastasuna birbanatzeko ahalmen osoa behar dugu", gizarte politiketara nahi adina baliabide bideratu dadin.


Nafarroako gizarte politiken egoerari eta haiek hobetzen laguntzeko neurriei buruzko azterketan egin duen hitzaldian Araizek esan du "prebentzioa, gizarteratzeko laguntza eta gizarte sustapena" direla gizarte zerbitzuen helburu nagusiak, eta zerbitzuok "funtsezkoak direla" berdintasuna lortzeko.


Zerbitzu horiek "eskumen publikokoak izan behar dute, eta Administrazioak pertsona guztiei bermatu behar dizkie". Gainera, "ongizate-estatuan dagokien lekua hartu behar dute" eta horretarako behar diren baliabide ekonomikoak bermatu behar dira.


"Arlo honetako gastua izatez inbertsioa da, gizarteko desberdintasun eta desorekek eragindako kostu ekonomiko eta sozialak murriztekoa". Desoreka horien errua ez dio azkenaldiko krisi ekonomikoari egotzi, "munduan nagusi den sistema sozioekonomikoaren" eraginari baino.


"Txirotasuna dago aberastasuna dagoelako", adierazi du Araizek, eta baikor agertu da jada prestatzen ari den Errenta Bermatuari buruzko Foru Legearen aurrean. "Gizarte premiaren eta behar adinako estalduraren bidetik doa", esan du.


"Sistema publikoa, unibertsala eta doakoa" eta "pertsona guztiei bizimodu duina bermatzea", horra helburu nagusietako bi. Ez du ukatu helburu horietarako beharrezkoa izanen dela "inbertsio-gastua igotzea, BPGaren aldean", eta horrek "zerga erreforman sakontzea" eskatuko lukeela.

Podemos Zerbitzu publikoei buruzko legeak egiteko eta murrizketak kentzeko premia dago


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) adierazi du legeak egiteko premia dagoela, "gizarte zerbitzuak publikoak izan daitezen eta egungo gizarte larrialdiari erantzun diezaioten". Gainera, azken urteotan "oinarrizko zerbitzuetan jasan ditugun murrizketei buelta eman behar zaie".


Hala adierazi du Parlamentuko gizarte politikei buruzko osoko bilkuran. "Harridura" agertu du ekimena PPtik etorri delako, UPNren "demagogia" deitoratu du, eta PSN ere nahasi du egungo egoera ekarri duten eta pertsona asko gizarte zerbitzuetara jotzera eraman dituzten "austeritate politika hondagarrietan".


"Gure iritziz, gizarte politikek azken baliabidea izan behar dute", ohartarazi du, eta "pertsonen arteko berdintasuna bermatzen duten" zerbitzu publikoak indartzearen alde agertu da. Gaur egun ez dagoela horrelakorik gehitu du, aitzitik, "prekarietatea eta txirotasuna" ditugula Nafarroan ere, non "zenbaki kezkagarriek emakume aurpegia" baitute.


Datu horietako batzuk aurkeztu ondoren, Perezek ohartarazi du "egoera zornatzen eta kronifikatzen" ari dela eta berari aurre egiteko "bide berriak" behar direla. Hori dela eta, esan du legeak egiteko premia dagoela "gizarte zerbitzuak publikoak izan daitezen eta gizarte larrialdiari erantzun diezaioten".


Arlo honetan "gastu publikoa handitu behar da, aurrekontuak murriztu ordez", eta "lehenbailehen erreskatatu behar dira herritarrak, Nafarroan pobrezia gorrian bizi diren 40.000 lagun horiek". Horretarako, "behar adina baliabide biltzeko gai izanen den zerga sistema" behar da.



PSNk gizarte zerbitzuen plan "berritzailea eta kalitatezkoa" eskatu du


María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) apustu egin du "berrikuntzaren eta kalitatearen alde", gizarte politika sozial hobeei ekiteko orduan, eta esan du ikuspegi hirukoitza hartu behar dela, "prebentzioarena, neurri aringarriena eta etorkizunarena". Horretarako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berri bat eskatu du.


PSNko idazkari nagusia sinetsita agertu da arazo horien "planteamenduan, kudeaketan eta haiei ekiteko ikuspuntuan berrikuntza" eskaini behar dela eta "lehentasunak aldatu", asistentziaren ikuspegia gaindituko duen sistema baten bidez.


Kalitateari dagokionez, ohartarazi du kontzeptu hori aplikatu behar zaiela bai zerbitzuei bai zerbitzuotan ari direnen lanari, bera sinetsita baitago "hirugarren sektorea gizarte honen erreferente izanen dela noizbait, baita enplegu sorkuntzan ere". "Behar adinako finantzaketa bermatu" behar dela eta "boluntariotzaren funtzioa ongi finkatuta" eduki behar dela gaineratu du.


Chivitek Gobernuari eskatu dio Gizarte Zerbitzuei buruzko Lege berria aurkez dezala, "errealitateari egokitua", bai eta, beste ekimen batzuen artean, Haur eta Nerabeen Arretarako Plan berria, Gizarte Inklusiorako Nafarroako Estrategia berria edota LGTBei buruzko Foru Lege berria ere.


"Gizarte politikek justizia, erantzukizuna eta konpromisoa esan nahi dute", adierazi du Chivitek, eta lau alderdiko Gobernuak bere politiketako lehentasun gisa "nortasunaren agendaren ordez gizarte agenda" hautatzea nahiko lukeela gaineratu du.

I-E Gizarte eskubideen sistema publiko indartsuagoaren alde


José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) gaurko bilkuran "daukagun gizarte zerbitzu sistema publikoa baino sistema indartsuagoa eta zabalagoa" eskatu du, bai eta "kalitatezko zerbitzu publikoak, gizarte babes osoa bermatuko dutenak" ere. Dagoeneko Gobernua horien bila lanean ari dela adierazi du.


Nuin oso kritiko agertu da UPNk eta PPk, Nafarroako eta Estatuko gobernuetatik, oraingo egoera honetara iristeko izan duten erantzukizunari buruz, eta "desberdintasuna, txirotasuna eta bidegabekeria soziala" areagotu egin direla salatu du.


Egungo Nafarroako Gobernuaren alde agertu da Nuin, hain zuzen ere Miguel Laparraren departamentuak egindako urratsen alde. "Lanean ari da eta aurrera egiten du, zailtasun ekonomikoak gorabehera", esan du, eta beharrezkotzat jo du "gizarte eskubideak, oinarrizkoak baitira, halakotzat aitortzea lege-arauetan, Konstituzioan eta Forua Hobetzeko Legean".


Etorkizunaren aurrerapen horretan, hurbilago dugu aurtengorako aurreikusitako Errenta Bermatuari buruzko Lege berria, "Espainiako aurreratuena eta aitzindaria", bai eta beste konpromiso batzuk ere, hala nola haurren eta familien, gizarte inklusioaren eta enpleguaren planak.


"Egintzen bidez frogatzen ari da gizarte-agenda egiazko lehentasuna dela akordio programatikoan eta Gobernuaren ekintzan", txalotu du. "Horixe da bidea", gaineratu du.

Laparrak "murrizketei buelta eman" nahi die


Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetarako lehendakariorde Miguel Laparrak esan du gizarte politiken sektorea ez dagoela "bertan goxo egiteko moduan", zeren eta "asko baitira aurrean ditugun arazoak. Gizarte zerbitzuetako azpisistema asko berrikusteko lan eskerga egin behar dugu".


Laparrak eskerrak eman dizkio PPNri osoko bilkura hau proposatzeagatik, "eztabaidan lankidetzarako eskaintzak sortzen direlako; elementu positiboa da.

Murrizketen legegintzaldiaren aldean, murrizketa horiei buelta eman nahi dien legegintzaldia dugu oraingoa, eta horretan ari gara. Lehengo departamentuaren aldean ehuneko 15 handitu ditugu baliabideak, eta gure lehentasun nagusia da borroka egitea gizarteko desberdintasunen, pobreziaren eta bazterkeriaren aurka".


Gobernua prestatzen ari den Errenta Bermatuari buruzko Lege Proiektuaz mintzatu da, esanez aise gainditzen duela "akordio programatikoko konpromisoa. Hartzaileen ehuneko 80k irabazi eginen dute lege berriarekin; badira berrikuntzarako elementu garrantzitsuak".


Kontseilariak adierazi du gizarte inklusiorako plana abiatu behar dela ondoren, beraren ustez "izugarrizko premia" dagoelako. Gizarte entitateekin elkar hartuta lan egin nahi dugu", zehaztu du.


Laparrak "oinarrizko laguntzaren berrantolaketa" eskatu du, funtsezkoa delakoan. "Gizarte zerbitzuen sistema ardazten du", azaldu du, eta hura parte-hartze prozesu baten bitartez berrantola dadila eskatu du.


"Etorkinei laguntzeko eredua berrikusi eta errealitate berriari egokitu" behar zaiola ere esan du, eta adingabeentzako arreta funtsezkotzat jo du. "Lehengo ereduan aurrera egin ezinik ibili gara balorazioetan eta gako diren baliabideak eskuratzerakoan, eta kasu larrienetarako baliabideak falta izan zaizkigu", esan du, eta aurrekontuari bi milioi euro gehitu zaizkiola azpimarratu du.


Haurren eta familien plan berriaz mintzatu ondoren, lehendakariordeak nabarmendu du mendekotasuna dela "hurrengo hamarkadetarako erronka estrategiko handiena". Haren iritziz "akats nabarmenak dituen eredua" da.


Enpleguari buruz hau adierazi du: "Nafarroan urtean ehuneko 8ko erritmoan ari da hazten enplegua, gora egin dute Gizarte Segurantzako kotizazioek, gora egin dute kontratazio mugagabeek; eta ez diot gure politikak direnik horren eragileak, baina ez dira traba egiten ari".